Autopista Errekaldetik Kanpora plataformak erakundeen inplikazinoa eskatu dau autopistea eraisteko eta Errekaldeko saihesbidea eregiteko
Kolektiboko kideek adierazo dabe ez dabela ulertzen “zein errazoi edo interes egon daiteken Supersur izenekoaren luzapenari lehentasuna emoteko”. Euren eretxiz, azpiegitura horrek “galerak sortzen ditu”, “gizarte arloko hainbat kolektiboren salaketak” jaso ditu eta, ganera, “ustez babestuta egoan Bilboko gune natural bat apurtzen dau”.
Horren ordez, plataformak Errekaldeko bidezubiaren eregitea eta A8 autopistea eraistea proponiduten dau, proposamen hori, “Errekalden bizi garan 40.000 personaren bizitza kalidadean eragina daukan eskari soziala” dala esanez. Bertaratu direnek, ganera, barriro esan dabe “azpiegitura hori, une honetan bertatik ibilten dan ibilgailu kopuru berberak erabiliko dauela”.
“Gure eretxiz, Foru Aldundiko gobernu taldeak herritarren interesak defendidu beharko leukez, eta ez interes ekonomikoak”, adierazo dabe. Horretarako, ordezkariek, aurrekontuetan inplikazino “apur bat” egotea eskatu dabe, “auzoko jenteak ikusi daian autopista eraistearen kontua mobiduten ari dala”.
Taldeetako ordezkariak plataformaren eskariaren alde agertu dira euren berbaldietan. Euzko Abertzaleak taldetik, Irene Edesa batzordekideak “borondatea eta konpromisoa” dagola esan deutse bertaratuei, baina hori aurrera eroan ahal izateko “hainbat izapide bete behar dirala”. Halanda be, Lurraldeko Sektore Planaren (LSP-PTS) eztabaidan, eskari horreek “oso pisu handia” daukiela adierazo dau.
Modu berean, oposizinoko taldeetatik, Arturo Aldecoa Talde Mistoko bozeroaleak, eztabaida horren barruan bide-zubiak sortzen dauen eraginean zentretako eskatu deutso plataformari, “eta ez beste azpiegitura batzuekaz kontrajarritako zeozer moduan”. Eduardo Andrés popularraren berbetan, Errekaldeko bide-zubia eraistea “lehentasunezkoa” da, baina hori ez dago beste azpiegitura batzuk egiteagaz “kontrajarrita”.
Nuria Atienza Podemoseko batzordekideak, barriz, orain 44 urteko “inposizino frankistea” dala gogoratuazo dau, eta autopistaren eraisketea “arindu” eta “proposamen ekonomikoa” aurkeztu behar dala azpimarratu dau.
GARABIDE ELKARTEA
Eguneko gai zerrendako bigarren puntuan, Garabide Elkarteko ordezkari bik, alkarteak 2005etik mundu osoko hizkuntza gitxituak bizibarritzeko aurrera daroan jarduerea aurkeztu dabe Batzarren aurrean. Irabazi asmo bako erakunde horrek, “hizkuntza arloko lankidetzea” daroa aurrera mundu osoko lurraldeakaz –Hego Ameriketan, batez be– euskerak ezagutu dauen berreskuratze esperientzia eurekaz partekatuz.
Hori dala eta, azaldu dabenez, alkarteak lankidetzarako egitasmoak daroaz aurrera garapen bidean dagozan herrialdeetan hizkuntza gitxituak daukiezan komunidadeetako eragileakaz. Horrez gain, 2011n, Bizibarritzean Aditua dan “Adituko” Ikastaroa jarri eban martxan. Aurton bere 4. edizinoa beteten dau.
Garabideren beharra ondo hartu dabe Batzarretako taldeek. Talde horreek, bertaratutako ordezkariei hainbat zalantza bideratzeaz aparte, euren esker ona adierazo dabe, kultur ondarea berreskuratzeko alkarteak egiten dauen beharrarengaitik. PRESIDENTEAREN AUKERAKETEA
Saioaren haseran, Eskaeretarako eta Herritarrakazko Hartu-emonetarako Batzordearen presidente barria aukeratu da, María Presak kargua itzi eta gero. Bozkau ostean, Ainara Aretxabaleta Euzko Abertzaleak taldeko batzordekidea izan da aukeratua, aldeko hamar botogaz.