GUFEk 10.771 ordezkapen kontratu egin zituen 2017an, eta bakotxaren batez besteko iraupena 21,10 egunekoa izan zan
2016an GUFEk 12.146 ordezkapen kontratu egin ebazan, eta bakotxaren batez besteko iraupena 17,72 egunekoa izan zan, guztira 155.056 ordezkapen jardunaldi erregistrauz. 2017ari jagokonez 10.771 kontratu egin ebazan, 21,10 egunekoak batez beste, eta erregistrautako jardunaldiak 159.085 izan ziran.
Modu berean, ekitaldi horreetan, ordezkapenen gitxieneko iraupena egun batekoa izan da, eta gehieneko iraupenak “urteko egun guztiak hartu daikez, indarrean dagon arauzko hitzarmena kontuan izanda”, aldi baterako ezintasunarengaitik egiten diran ordezkapeneko kontratuetan, jardunaldi murrizketaren ondoriozko denpora partzialeko kontratuetan, sindikatu lanak dirala eta egiten diran liberazinoetan eta postuak erreserbauta geratzen diran eszedentzietan, besteak beste.
Azaldutako datuei jagokenez, Sánchez Roblesek esan dau kontratu kopuruaren jaitsierea eta kontratautako egunen batez bestekoaren gorakadea, “lanera ez joateen kudeaketa prozesua hobetzeko egin dan hobekuntzarako proiektuak” sortzen dauela. Horren helburua “kontratu egonkorragoak eta iraupen luzeagokoak” sortzea da, lanak metatzeko prozesuan oinarrituta. Horri, deitu diran EPEak gehitu ezkero, “enplegua egonkorragoa bihurtzen da”.
Arantza Urkaregi EH Bilduko batzordekidearen eretxiz, egoera horrek “lantaldearen inguruko gogoetea eskatzen dau”. Holan, Urkaregik, ordezkapenetarako, “lantaldearen barruan lan poltsea sortzea” proponidu dau, ordezkapen horreek modu egokian beteteko. Aurretik, Gizarte Ekintzako Batzordeak agerraldi eskari bi erregistrau ditu, Podemos taldeak eta Talde Mistoak aurkeztutakoak, “beharginek jasaten dituen lan baldintzen, eta horreek dirala eta lantaldeko murrizketek zerbitzuan daukien ondorioen” inguruan sindikatuek aurkeztu dituen salaketak dirala eta. Horrez gain, “Sailak eta GUFEk 2015etik lantaldean ordezkapenak egiteko defendiduten dituen erespideen” ganeko azalpenak be eskatu ditue.
Foru Diputatuak azaldu dauenez, lantaldeak “egonkor” jarraitzen dau, 881 beharginekin, 2011 eta 2016 artean enplegu publiko eskeintzak egitea ezinezko bilakatu eben estaduko aurrekontu orokorren ondorioz beharginak kontratetako orduan mugak egozan arren.
Halanda be, muga horreek hor egon diran arren “erakunde honek modu egokian bete ahal izan ditu personen ondo izatea eta eskubideak”.
Ondorengo puntuetan azaldu dauen moduan, 2016tik GUFE enplegua egonkortzeko prozesuan murgilduta dago. Horri jagokonez, azaldu dauenez, azkenengo 3 urteetan 247 lanpostu eskeini dira: erizainak (26), osasun laguntzaileak (126), administrazinoa (25), goi mailako teknikariak (4), gizarte langileak (7), gizarteratze arloko goi mailako teknikaria (39), gizarte hezitzailea (18) eta fisioterapeuta (2). Ordezkapenei jagokenez, Sánchez Roblesek azaldu dauenez, “erespidea zentroaren antolakuntza kudeaketea da, eraginkortasunean eta zerbitzuaren kalidadean oinarrituta”.
PLAZEN KUOTEN IGOEREA EGOITZA PUBLIKOETAN
Podemos taldeak beste agerraldi eskari bat egin dau, egoitza publikoetako plazen kuotak igotzeko Aldundiak izan dituan errazoiak ezagutzeko. Isabel Sánchez Roblesek azaldu dauenez, joan dan garagarrilean izandako pentsinoen igoerearen ostean, Foru Aldundiak “Bizkaiko Lurralde Historikoaren 2018ko Aurrekontu Orokorren ganeko 4/2017 Foru Arauan ezarrita dagon %1,5era arte eguneratu ditu prezio publikoak”. Adierazo dauenez, eguneratze hori “zezeilean egin zan %0,25eko eguneratzea be kontuan izanda” egin zan, “aldean oinarrituta kalkulatuz”.
Podemos taldeak familiei eta erabiltzaileei zuzendutako informazino faltea dala eta egin dauen kritikaren, eta Talde Popularrak ohartarazpenen aurrerapenaren ganean egin dauen erantzun-eskearen aurrean, Diputatuak adierazo dau joan dan irailaren 26an mezu elektronikoa bialdu jakela foru sareko zentro guztiei eta Zugasteli, prezioen eguneratzearen barri emoteko.
UMEEN GARAPENERAKO ETA ARRETA GOIZTIARREKO ZENTROEN SAREA
Saioa bukatzeko, Diputatuak Podemos taldeak planteau dituan ahozko azkenengo erantzun-eske biei erantzun deutse. Lehenengo puntuan, Sánchez Roblesek ziurtatu dau, azkenengo zentroa erregistrau ostean, une honetan “Bizkaiko eskualde guztiek daukiela arreta goiztiarreko zentro bat”.
Bukatzeko, eta Bizkaiko Batzar Nagusian onetsi zan eta, arreta berezia behar daben soslaiak daukiezan adinbakoen kasuetan aurrera eroan beharreko jarduketak eta adinbako horreek aurkitu ostean aurrera eroan beharreko jarduketak lantzeko baimendu bako ez egoteen protokolo komunaren Jarraipenerako Batzordearen deialdia eskatzen eban Arauz besteko proposamenagaz bat etorrita, joan dan urriaren 18an deitu zan.
Horri jagokonez, Sánchez Roblesek adierazo dau joan dan urriaren 18an deitu zala, eta hori dala eta, Gipuzkoako eta Arabako Foru Aldundiak “pozik agertu zirala protokoloa martxan jarri izateagaitik”. Bizkaiko Foru Aldundiak, bere aldetik, Batzarrek lanerako esparrua sortzeko eukien eretxia aurkeztu eban. Une honetan, azaldu dauenez, lan teknikoa ari da egiten.