Kolonbiako ordezkaritzak bere miresmena erakutsi dau Bizkaiaren historiaren eta errealidade demokratikoaren aurrean
Bertan, Ana Otadui Bizkaiko Batzar Nagusietako Presidenteak, “Pakean, ezertarako balio ez dauen indarkeria odoltsu barik bizi dan Euskadira” ondo etorria emon deutse.
Guido Echeverrik Bizkaiko Batzarretxeak daukan “karga historikoa” autortu dau, eta pozik agertu da “errealidade garrantzitsua” ezagutzeagaitik. Caldaseko Gobernadoreak balioan jarri dau bisita hori, ikuspuntu “pertsonaletik eta intelektualetik nahiko pizgarria” dala esanez, eta, horrez gain, “Kolonbiaren eta Euskal Herriaren artean merkataritza, irakaskuntza eta kultura arloko “askoz be hartu-emon indartsuagoak ezarteko” aukerea emongo dauela azpimarratuz.
Bisitea, Eusko Jaurlaritzak bultzatzen dauen “Euskadi Learning Tour 2018” programaren laugarren edizinoaren barruan dago. Ekimen horren helburua, Euskadiko alderdi azpimarragarrienak eta berezienak kanpoko pertsonalidadeei erakustea da.
Bizkaiko Lurralde Historikotik egin dauen ibilpidearen barruan, ordezkaritzea Bizkaiko Batzar Nagusien egoitza tradizionalera heldu da, Gernikako Arbola enblematikoak atseden hartzen dauen lekura. Antzeko kimua ari da hazten Quinta de Bolivar izeneko lekuan, Candelarian, “Pakerako eta Askatasunerako doguzan asmoen sinbolo moduan”.
Osokoen Aretotik, Batzarretako Presidenteak esker oneko berbak izan ditu “Kolonbiak gure euskal arbasoei eskeini eutsien harrerarengaitik”. 1936ko gerraren ostean, euskaldun garrantzitsuak hartu ebazan herrialdeak, Patxi Abrisketa bibliofiloa eta Eusko Jaurlaritzaren ordezkaria edo Jorge Oteiza eskulturagilea, beste batzuen artean.
Harrera hori dala eta, Batzar Nagusien Administrazino egoitzaren buru, Oteizak berrogeiko hamarkadan Bogotako Palermo auzoan, Euskal Etxearen ondoan, dagon Gernika Plazarako egin eban “Gernika” brontzezko eskulturea dago. Gaur egun, plaza horren buru Picassoren “Guernica” koadroaren erreprodukzino bat dago.
Kolonbiako ordezkaritzearen buru Guido Echeverri Piedrahita Caldaseko Gobernadorea izan da, eta beragaz batera honeek etorri dira: Jorge Eduardo Londoño Ulloa Errepublikako senadorea, Enrique Cabrales Baquero Kamerako ordezkaria Bogotatik, Erasmo Elías Zuleta Kamerako ordezkaria Cordobatik, Jorge Humberto Pelaez Piedrahita Pontificia Universidad Javeriana izenekoaren Erretorea, Bruce Mac M4ster Rojas Asociación Nacional de Empresarios de Colombia izenekoaren presidentea, Ricardo Ávila Diario de Economía Portafolio izenekoaren zuzendaria, Erika Fontalvo Hoy por Hoy (Radio Caracol) eta Opina Bogota (Canal Capital) saioetako kazetaria eta Rafa Kutz Euskadiko ordezkaria Txilen, Perun eta Kolonbian.