Metroaren luzapen posiblerako informazino azterlanak 2019an bukatuko dirala uste dau Bizkaiko Foru Aldundiak
Aldundiko arduradun nagusiak azpimarratu dau beharrezkoa dala “eskariaren aurrean proportzionaltasuna zainduko dauen” eta bikoiztasunak saihestuko dituan garraio sistema “arina, modernoa eta iraunkorra”.
Halanda be, oposizinoko taldeen artean bat be ez da ados agertu azterlan gehiago egiteagaz. EH Bildutik, Zigor Izuzkiza batzordekideak, “orain ezertarako balio ez daben” linea bi horreen ganeko azterlanetan eta proiektuetan 4,5 milioi euro gastau izana arpegiratu deutso Aldundiari.
Ildo berean, Jesús Isasi batzordekide popularrak, Eusko Jaurlaritzatik jarraibideak jaso izana kritikau dau eta “lurralde honetako politikak etxe honetatik eta bertako gobernutik markau behar dirala” defendidu dau. Horrez gain, “Bizkaitarrei entzuteko” eta proiektu hori beteteko eta defendiduteko eskatu deutso Foru Aldundiari.
MEATZALDEA ETA EZKERRALDEA
Ezkerraldeko, Meatzaldeko eta Oarsoaldeko garapen sozioekonomikorako 2018 – 2019 Talka Planak jasoten dituan 18 jarduketak martxan jarteko aurrekontua 64,15 milioi eurokoa da. Imanol Pradales Foru Diputatuak azaldu dauenez, planak 20 milioi jasoten ditu Ezkerraldean eta Meatzaldean ekintzak aurrera eroateko. Ingurune horretako lehentasunezko jarduketen artean, Ezkerraldeko eta Meatzaldeko Parte Teknologikoa edo Energy Intelligence Center (EIC) izenekoaren egoitzea martxan jartea azpimarratu ditu Diputatuak. Horrez gain, Bizitzarritze Ekonomikorako Erakundeen arteko Plan Estrategikoa egiten modu “aktiboan” behar egitea be aurreikusten dabe.
Gai horri jagokonez, Ezkerraldeko eta Meatzaldeko Parke Teknologikoan kokatzeko helburua daukan beste enpresa traktore bat ete dagon ala ez galdetuz EH Bildu taldeak aurkeztu dauen ahozko erantzun-eske bati be erantzun deutso Pradalesek. Diputatuak adierazo dauenez, ekimenak lau enpresaren interesa piztea be lortu dau.
Horri jagokonez, Joseba Gezuraga batzarkideak bere zalantzak agertu ditu proiektuaren aurkezpenagaz sortutako itxaropenak betetearen inguruan. Adierazo dauenez, bertan 50 enpresa egotea aurreikusten zan. Diputatuak esan dauenez, gaur egun, Energy Intelligence Center (EIC)izenekoa da Parke Teknologikoaren traktore edo bultzatzaile nagusia.
ZAINTZAILEEN ESTATUTUA
Talde Popularrak Zaintzaileen Estatutuagaz lotuta aldatu beharreko Foru Dekretuen ganeko beste itaun bat be planteau dau. Gizarte Ekintzako Diputatuak aldaketa guztiak aitatu ditu, horreen artean, laguntzarako Gizatek produktuetarako laguntzak arautzen dituan Foru Dekretuarena eta familia inguruneko zainketetarako prestazino ekonomikoa arautzen dauen Foru Dekretuarena.
Aldundiak ekarpeneko mekanismoa ezarteko Foru Dekretua eta persona horreen atsedenaldirako eskubidea bultzatzen dauen aldi baterako egoitza zerbitzuagaz lotutako prestazino ekonomikoa arautuko dauen beste bat onestea be aurreikusten dau. Bere esku-hartzean, batzarkide popularrak eskua luzatu deutso sailari, eta hamaika proposamen inguru aurkeztu ditu. Horreen artean, urtean 15 egunez 24 orduko arnasaldirako programak egokitzea dago, “planteetan dauen oporraldia bultzatzeko”.
BIZKAIBUSEKO GREBEA
Une honetan Bizkaibusen egiten ari dan grebaren ganean Podemos taldeak aurkeztu dauen itaunari erantzunez, Miguel Ángel Gómez Viar Garraio, Mugikortasun eta Lurraldearen Kohesino Diputatuak adierazo dau Aldundia “diskrezinoagaz ari da lanean, bere aukeren barruan, arazoa konpondu ahal izateko”. Horrez gain, behar “sakona eta zorrotza” ari dala egiten adierazo dau, eta “ahalik eta lasterren” diru-sarreren eta gastuen doikuntza Batzarretara ekarteko konpromisoa berretsi dau.
Halanda be, bere itaunean, Nuria Atienza Podemoseko batzarkideak kritikau egin dau gai horren inguruko “ziurtasun faltea” eta “urrindik datorren” arazoa dagola, eta horri buruzko “bertsino kontrajarriak” jaso dirala.
HERRITARREN PARTE HARTZEA 2019KO AURREKONTUETAN
Azkenengo itaunean, Eneritz de Madariaga Podemoseko batzarkideak, 2019ko Bizkaiko Aurrekontu Orokorren informazino eta egikaritze prozesuetan herritarren parte hartzea bermatzeko Aldundiak martxan jarri dituan neurrien ganean galdetu deutso José María Iruarrizaga Ogasun eta Finantzetako Diputatuari.
Iruarrizagak esan dauenez, Aldundiak “herritarrakaz egotean, azalpenak emotean, entzutean eta eztabaidatzean” oinarritzen dan parte hartze eredua bultzatzen dau. Esperientzia horretatik, “Aldundiak aurrera eroan behar dituan politikak hobeto definiduteko eta horreek aurrekontuetan islatzeko behar dan ezagutzea” sortzen da. Horrez gain, Aldundiak aurrekontuen ganeko informazino guztia herritarren esku jarten dau.
Halanda be, Podemosek “parte hartze handiagoko” aurrekontuak eskatu ditu, “horrek argitaratze hutsak ez dauelako informazinoa bermatzen, eta askoz gutxiago herritarren parte hartzea aurrekontuak egiteko, eztabaidatzeko eta erabagiak hartzeko orduan”:
IBILGAILU OFIZIALAK
Azkenengo hiru urteetan Aldundiko goi karguen ibilgailuek jaso dituen 170 arau hausteak kritikatuz Talde Popularrak egindako ahozko erantzun-eskeari erantzunez, Ibone Bengoetxea Foru Diputatuak esan dau “bestela uste bada be, funtzionario askok ustezko 08:00-14:00 ordutegi horretatik kanpo egiten dabe behar”. Horrez gain, Bengoetxeak guzurtau egin dau ibilgailu ofizialen erabilera pribadua dagonik.
Josean Elguezabal Podemoseko batzarkideak Larrialdien kudeaketarako zentro integrauari jagokonez, larrialdien arretea zentroko bertako aginte aretotik zelan kudeatuko dan galdetu dau. Taldeak jakin ahal izan dauenez, bertan hiru postu dagoz zerbitzu bakotxaren –suhiltzaileak, basozainak eta basoko bideak– arduradunentzat. Zalantzari erantzunez, Bengoetxeak “deien arretarako zentro operatiboa dala” argitu dau, eta “komunikazinoan adituak diran personek” egiten dabela behar hori. Persona horreek izango dira deiak kudeatuko dituenak. Halanda be, larrialdien kudeaketea zerbitzu bakotxeko teknikariek egingo dabe.
MTV SARIAK
Imanol Pradales Ekonomiaren eta Lurraldearen Garapenerako Diputatuak, Podemos taldeak MTV sarien ganean planteau dauen azkenengo ahozko erantzun-eskeari erantzun deutso. Taldearen ordezkariak ekitaldi guztien balorazinoa eskatu deutso Pradalesi, eta baita bertatik lortutako irabazien ganekoa be.
Halanda be, Diputatuak adierazo dau oraindino ez daukiezala gizarte, ekonomia eta lan arloetako eragin azterlanaren emaitzak, behar hori egiten ari dalako. Azterketa “zorrotza” da, eta aitatutakoaz gain, herritarren gogobetete mailea be jasoko dau. Bizkaiko 614 personari inkesta bat egitetik ataratako datua izango da. Aldundiak “datozan asteetan” izango ditu datuak.
SAREKIN SAREA
Enplegu, Gizarteratze eta Berdintasun Diputatuak, Gazteen Ekintzailetzarako SAREKIN Sarearen helburuei eta ekintzarako proposamenei buruz Podemos taldeak egin dauen ahozko erantzun-eske bati be erantzun deutso. Erantzun-eskea egin dauen taldea ez da ados agertu helburu eta proposamen horreekaz. Enplegu, Gizarteratze eta Berdintasun diputatuak erantzun deutso. Teresa Laespadak adierazo dauenez, sarearen helburua “Bizkaia ekintzailetzaren ardatzean kokatzea” da; ez “enpresak sortzea”, “ekintzaileen arteko lankidetzarako sarea sortzea” baino. “Parte hartzean oinarritutako prozesua” da, eta horren bitartez, ekintzailetzaren ekosistemaren beharrei erantzuten deutsien finkautako helburuak dituan ekintza plana adostu da.
Neskutz Rodriguez Podemoseko bozeroaleak kritikau egin dau sareagaz bat egin daben 88 entidade “guztiak kontsultoretza pribaduak edo instituzinoak dirala” eta, erabilgarria izateko, “autonomoei bezeroak ekarriko deutsezan ekosistemea” sortu behar dauela, “hareek aurrera egin ahal izateko”. Laespada ez da ados agertu horregaz, eta sarearen helburua enpresarioen ondoan egotea dala esan dau, “ekintzailetzaren bidean galdu ez daitezan”.
SANTA ANA BASELEIZEAREN SUNTSIPENA
Osoko saioa ixteko, Meritxell Elguezabal EH Bilduko batzarkideak, Santa Anako Baseleizea babesteko hartu diran neurrien eraginkortasunaren ganeko ahozko erantzun-eske bat bideratu deutso Aldundiari, izan be, aurri egoeran dago.
Horri jagokonez, Lorea Bilbao Euskera eta Kultura Foru Diputatuak esan dau baseleizearen egoera txarraren zergaitia, orain hiru gizaldi leku aldatze arkitektonikoa jasan izanagaz egon daitekela erlazionauta, garai haretan ez egoalako gaur egungo zorroztasunik edo teknikarik. Azken urteetan, Aldundiak, egoera horren barri izanda, jaubeei laguntza ekonomikoa eta aholkularitzea eskini deutse zaharbarritze lanak egiteko. “Argi daukagu Erdi Aroko ondarea babestu eta balioan jarri behar dala, baina ahal izan dogun guztia egin dogu, gure eskumenen eta jarduketarako aukeren barruan”, adierazo dau.
TOMA DE POSESIÓN
Osoko saioaren haseran, Bizkaiko Batzar Nagusien arautegia betez, Asier López de la Fuente lehen aldiz jarri da bere jarlekuan Euzko Abertzaleak taldearen barruan, María Presa ordeztuz.