Aurreko Albisteak

Bizkaiko Foru Aldundiak eta Bilboko Udalak 550.000 euro bideratu ebezan San Mames egokitzeko neurrietara eta segurtasunera, MTVko kontzertua zala eta

Ekonomia eta Lurralde Garapeneko Batzordea

Bizkaiko Foru Aldundiak eta Bilboko Udalak, erdi bana, 550.000 euro bideratu ebezan joan dan zemendiaren 3an, MTV Music Week izenekoaren barruan, San Mamesen egin zan kontzerturako bedarra egokitzeko eta segurtasun neurrietarako.

Imanol Pradales diputatuak Bizkaiko Batzar Nagusietako Ekonomiaren eta Lurraldearen Garapenerako Batzordearen aurrean gaur goizean zehaztu dauenez, gastu hori bedarra aldatzera eta estaltzera, zelaia drainatzera, estadioaren kanpokaldeko segurtasun neurrietara eta fatxadako argietara bideratu zan. Ganerako jarduketak Viacom International-ek, MTV Sariak antolatzen dituan enpresak, hartu ebazan bere gain.

EH Bildu taldeak eskatuta, Ekonomiaren eta Lurraldearen Garapenerako Foru Diputatuak, San Mameseko kontzertuaren eta Music Week beraren antolakuntzari buruzko hainbat alderdi zehaztu ditu. Ekitaldi biek Foru Aldundiaren aholkularitzea euki dabe, eta euren helburu nagusia, “halan gura eben bizkaitar guztiek MTV esperientzia bizi ahal izatea eta gozatzea” zan.

Pradalesek adierazo dauenez, Foru Aldundia, Bilboko Udala eta enpresa antolatzailea “pozik” dagoz show ireki horren emaitzagaz eta MTV WEEKek lortutako arrakasteagaz. Horrez gain, Aldundiaren eskarietako bat kontzertuan euskal talde bat egotea izan zan. Parte hartze horri esker, Diputatuaren berbetan, nazinoarteko ekitaldian “euskal kulturea arnastu” ahal izan zan. Sarrerei jagokenez, Udalak eta Aldundiak “prezio herrikoia” eta bizkaitarrei lehentasunezko salmentea ezartea eskatu eutsien Viacom enpresari.

Modu berean, erositako sarreren salmentea “ahalik eta gehien” saihesteko xedez, prebentzinozko eta kontroleko sistemea ezarri zan, persona bakotxak, bere NANagaz gehienez be lau sarrera erosi ahal izateko. Pradalesek adierazo dauenez, helburu hori “orokorrean lortu egin zan”, “ezaugarri horreek dituan kontzertu batean edo beste zerbitzu batzuetan erosi osteko salmentea saihestea oso gatxa” dan arren. Onintze Oleaga EH Bilduko batzordekidearen berbetan, barriz, sistema hori “ez zan egokiena izan”, “sare sozialetan erosi osteko salmentea asko zabaldu zalako”.

Oposizinoko ganerako taldeei jagokenez, Talde Mistoak modu positiboan balorau dau ekitaldi hori, Bizkaiarentzat eta bizkaitarrontzak izan dituan ondorioak dirala eta. San Mamesen kontzertua emoteko Berri Txarrak taldea zergaitik aukeratu zan galdetu dau Podemos taldeak; Foru Diputatuak adierazo dauenez, Aldundiak ez eban ezelango zerikusirik euki aukeraketa horretan.

Foru Gobernua eusten daben taldeen aldetik, Ignacio Jerónimo batzordekide sozialistaren eretxiz, bai Music Week izenekoa eta baita San Mameseko kontzertua be “oso onak” izan ziran. Modu berean, Mikel Bagán Euzko Abertzaleak taldeko batzordekideak zoriondu egin ditu Ekonomiaren Garapenerako Saila eta Aldundi osoa, “MTV sarien ekitaldiak izan eban arrakasta handiarengaitik”. Hori guztia “nazinoarte mailako oso promozino garrantzitsua” izan da. Horrez gain, bizkaitar askok “euskal kulturak bere lekua euki dauen” ekitaldiaz gozatzeko aukerea euki dabela azpimarratu dau Bagánek.

AGERRALDI ESKARIA

Saioa, EH Bildu taldeak aurkeztu dauen agerraldi eskariaren onespenagaz bukatu da, Iñaki López Calvo Centro de Desarrollo Empresarial CEDEMIren, egungo BIC Bizkaiaren, zuzendari gerentea Batzordera etorri daiten, Ezkerraldearen garapen ekonomikorako sortutako soziedade horren asmoak eta proiektuak zeintzuk diran jakiteko.

Talde guztiek aldeko botoa emon dabe, Euzko Abertzaleak eta Euskal Sozialistak taldeek izan ezik. Talde biek abstenidutea erabagi dabe “ez dala guztiz Aldundiaren esku dagon soziedadea” eta informazino hori Foru Diputatuak urtero emoten dauela esanez.