Bizkaiko Foru Aldundiak ez dau aurreikusten bere bulegoen parte bat Bizkaia Torrera urte bi baino lehen eroaterik
Talde Mistoak planteau dauen agerraldi eskariari erantzunez, eraikin horretan foru departamentuei eta erakundeei zuzendutako 8.667 m2etan foru zerbitzuak jasotearen alokairua 1.601.256 eurokoa izango dala (15,40 euro hilean m2 bakotxeko) adierazo dau Bengoetxeak.
Leku aldaketen kostuei jagokenez, “lekuz aldatu beharreko unidadeen araberakoa” izango dala esan dau; dana dala, “bulegoen eta enpresen leku aldaketetan ohikoak” izango dira, “aldaketa horreek egingo diran unean merkaduak izango dituan ratioak kontuan izanda”.
Bengoetxeak “nasaitasunezko” mezua zabaldu deutse taldeei, “leku aldaketea ez dala atoan egingo” ziurtatuz, eraikinak, “jaubeak egingo dauen obra garrantzitsua eskatzen dauelako”. Halanda be, esan dauenez, badago eraikina 2020. urtearen bukaeran Aldundiari emoteko konpromisoa, “baldintza jakin batzuekaz”.
Bere azalpenaren ostean, Batzarretako taldeek euren balorazinoak egin eta galdera batzuk bideratu ahal izan deutsiez. Arturo Aldecoa Talde Mistoko bozeroalearen eretxiz, “arrakastaren kakoa lekuz zein unidade aldatuko diran ondo aukeratzea” da; holan, unidadeak eraikinean “apurka-apurka sartzea” gomendatu dau.
Eduardo Andrés Talde Popularreko batzordekidearen galderari erantzunez, Foru Diputatuak esan dau une honetan Aldundiak 8 bulego daukazala alokauta.
Neskutz Rodriguez Podemos taldeko bozeroaleak eta Joseba Gezuraga EH Bildukoak, amiantoa dala eta eraikinak daukan egoeraren aurreko interesa erakutsi dabe. Galdera horreei erantzunez, “entregetako orduan ez dauela ezelango amiantorik eukiko” argitu dau Bengoetxeak.
Euzko Abertzaleak taldearen aldetik, Unai Lermak foru zerbitzuen zentralizazinoa jarri dau balioan, horri esker “herritarrengandik gertuago egoteko aukerea zabalduko dalako”.
Foru Diputatuak adierazotakoagaz bat etorriz, Juan Otermin batzordekide sozialistak, “aukera politikoa, soziala eta ekonomikoa” dala esan dau, eta datozan urte bietan joango dala gauzatzen.
ALONSOTEGI TRAMARI BURUZKO AUZIA
Herri Administraziorako eta Erakunde Harremanetarako foru diputatua, Alonsotegiko tramari buruzko auzian Aldundia kaltetu lez bertaratzearen inguruko azalpenak emoteko be etorri da batzordera, Talde Mistoak eskatuta.
Ibone Bengoetxeak azaldu dauen moduan, Bizkaiko Foru Aldundiak “esku artean dauka 2008ko abenduaren 11ko Foru Araua dala eta Alonsotegiko Udalari ordaindutako kopuruen ganeko ekintzak azaltzen dituan ofizioa”. Zehatzago esanda, idazkiak, “Basteitako futbol zelaiaren sarbideetan eta Artibako bidean egindako obrakaz” erlazionetan dau Aldundia. Obra horreek biak 2008ko uriolen ostean egin ziran.
Labur izan bada be, Foru Diputatuak adierazo dau, gaur egun “Foru Aldundia kaltetu lez agertu dala prozeduran”. Halanda be, ez dau aurreratu gauzatu beharreko ezelango jarduketarik “Epaitegiak orain arte egindako jarduketen xehetasunak ezagutzen ez doguzan arte”. Bere eretxiz, hori egitea “ausartegia izatea” izango litzateke.
EH Bildu eta Podemos taldeek, Aldundiak diru-laguntza horreen inguruan daukan kontroleko prozeduraren ganean galdetu dabe. Bengoetxeak ziurtatu dauenez, Aldunditik kontrol “zorrotza” egiten da, eta “falta zan bakarra, baten batek delitu bat egin ezkero, arduraduna iruzurra jaso dauena izatea da”, gehitu dau.
GIZARTE ZERBITZUEN FINANTZAKETEA
Saioa, EH Bildu taldeak egin dauen ahozko erantzun-eskeagaz bukatu da, Bizkaiko Foru Aldundiak, Gizarte zerbitzuak eskaintzera bideratutako Gizartekutxa eta Mendekotasunagaz erlazionautako osagaia, benetan gizarte zerbitzuen finantzaketan erabilten diran ala ez zelan bermatzen dauan jakiteko.
Bengoetxeak argitu dauenez, Aldundiak “ezin dau bermatu” Gizartekutxa eta Mendekotasunagaz erlazionautako osagaia, benetan gizarte zerbitzuen finantzaketan erabilten diran ala ez. Hori, “beste batzuen kontuetan sarte guztiz onartezina” izango litzateke, eta baita “geure buruari emon deutsagun sistema instituzionalaren kontrakoa” be.
“Aldundi moduan, udalak euren aurrekontu politikea ezarteko libre dirala defendiduten dogu, eta baita gura daben zerbitzu publikoen prestazino mailea erabagiteko be”, azaldu dau.
Arantza Urkaregi EH Bilduko batzordekideak, barriz, barriro esan dau “erespide batzuetan oinarritutako kontrola egon behar dala, dirua erabili behar dan horretan erabili daiten”.