Bizkaiko Batzar Nagusien osoko saioak Interes gatazkei eta Bateraezintasunei buruzko Foru Araua onetsi dau
Bozketen emaitzak Interes gatazkei eta Bateraezintasunei buruzko Foru Arauaren inguruan lortutako adostasunaren parte bat islatu dau. Euzko Abertzaleak eta Euskal Sozialistak taldeen guztizko gehiengoari esker onetsi da, testuaren ia artikulu guztiek Talde Mistoaren on ikusia jaso daben arren. EH Bilduren, Podemosen eta Talde Popularraren botoa, barriz, baiezkoa, ezezkoa edo abstentzinoa izan da, artikulu bakotxaren arabera.
40 artikulutan egituratzen dan Interes gatazkei eta Bateraezintasunei buruzko Foru Arau proiektua Ibone Bengoetxea Herri Administraziorako eta Erakunde Harremanetarako foru diputatuak aurkeztu dau Bizkaiko Batzarretan. Bere berbetan, “gauzak ondo eta hobeto egiteko Aldundiak bere buruagaz hartu dauen auto-konpromiso” moduan diseinau da. “Foru kargu publikoa izatean bateraezintasunak eta interes gatazkak agertzea” prebeniduteko tresnea da, “baina administrazinora etorri daiteken talentua mugatu barik”.
Euren ekarpenakaz Arau Proiektu honi “balioa emon deutsien” Batzarretako taldeen beharra eskertu ostean, Bengoetxeak azpimarratu dau proiektuak, daborduko gauzatu diran edo une honetan Bizkaiko Foru Aldundia gauzatzen ari dan beste politika edo tresna batzuen ildoa jarraitzen dauela, horregaz “egiteko etikoa eta gardena” bermatuz.
Oposizinoko taldeei “negozietako orduan erakutsi daben jarrera ona” eskertzeaz aparte, Euzko Abertzaleak taldeak adierazo dau “erakundeen izen ona defendiduteko” eta “herritarrek erakundeetan daukien konfiantzea indartzeko” aukerea emoten dauen Foru Araua dala; Ekain Rico Euskal Sozialistak taldeko bozeroaleak be bat egin dau jeltzaleak adierazotakoagaz.
Jon Atutxa Euzko Abertzaleak taldeko bozeroaleak azpimarratu dauenez, Foru Arauak “balioan jarten dau politikea positiboan ikusteko modua, demokrazia aurreratuek dituen antzeko neurriakaz”. Ibone Bengoetxea Foru Diputatuak adierazotakoagaz bat etorrita, bozeroale jeltzaleak, Arau hori “ezin daitekela modu independentean eta isolatuan ulertu” adierazo dau, Gardentasunerako eta Gobernamentu Onerako Foru Arauagaz eta Gobernu Irekiko Proiektuagaz bateragarria dalako.
Modu berean, Ekain Ricok adierazo dau Foru Arau honen onespenagaz itxi egiten dala, 2014an, Eusko Legebiltzarrak, Kargu Publikoen Jokabide Kodea eta Interes Gatazkak Arautzen eban Legea onetsiz, ireki zan zirkulua. Ricoren berbetan, Arauak mezu “argia” emoten dau: “Politikan gagozanok ez gara arpegi gogorrak, eta arau honegaz oso gatx jarten deutsagu holangoei”.
ALDAKETAK HASIERAKO PROIEKTUAN
Batzarretako taldeek eztabaidan gogoratuazo daben moduan, Araua aldaketa batzuekaz heldu da Gernikara, Batzarretako taldeek Batzordean aurkeztu eta ostean eztabaidatu ebezan 134 zuzenketa-eskeak dirala eta. Halanda be, eta saio haretan oposizinoko talde guztiek euren zuzenketa-eskeak erreserbetako asmoa erakutsi eben arren, batak be ez dau lortu Batzar Nagusietako osokoak bere proposamenak onartzerik.
OPOSIZINOKO TALDEAK
Oposizinoko taldeen esku-hartzeen txandan, Javier Ruiz Talde Popularraren bozeroaleak, Arauaren mezuagaz bat etorri arren, Foru Gobernuari “borondate politikoa” eskatu deutso. Talde Popularraren eretxiz beharrezkoa da “edozein personak barriro beharrean hasteko eta bere lana jarduera pribadu batean aurrera eroateko daukan eskubidearen” eta “urteetan zehar batutako eragina dala eta onura jakin batzuk eskuratu ezin ahal izateko” ezarri behar dan mugaren arteko orekea erakutsiko dauen araua gauzatzea.
Arturo Aldecoa Talde Mistoaren bozeroaleak, Foru Araua “positiboa eta erabilgarria” dala esan dau, baina etorkizunean “buelta bat emon beharra” eskatu dau. Holan, Aldecoak esan dau tamalgarria dala holango arauak dirala eta, “balio handia daukien ideologia guztietako personak”, politikan parte hartu gura ez izatea, “bidezkoak eta duinak diran karrera profesionalak sakrifiketea oso gatx egiten daben loturak ezarten doguzalako”.
Neskutz Rodríguez Podemos taldearen bozeroalearen eretxiz, gaur onetsi dan testua “ez da nahikoa, oso pobrea da”. Rodríguezek, hiru helburutan zentretan diran zuzenketa-eskeak defendidu ditu: “interes gatazkei aurrea hartzea”; “ate birakariak prebenidutea”; eta “herritarrak interes gatazkak eta bateraezintasunak saihestearen inguruan sentsibilizetea eta informetea”.
Arantza Urkaregi EH Bilduko bozeroaleak, bere aldetik, Foru Araua aurreikusi baino “urte bi beranduago” heldu izana kritikau dau, eta “Bizkaia 2030 ekimenean planteetan zan moduan”, ez dauela “integrazinoko” printzipioa jasoten esan dau. EH Bilduko bozeroaleak barriro defendidu dau beharrezkoa dala “kanpoko kontrola” egitea, Berme Organuaren barruan araua betetearen jarraipena egingo daben kanpoko persona kualifikauen bitartez.
SESTAOKO LA NAVAL
Gaurko saioan, Batzar Nagusiek Sestaoko La Naval lantegiaren ganeko aho bateko adostasuna lortu dabe. Adostutako testuan, Batzarrek, beste ezer baino lehen, “Eusko Jaurlaritzan eskatu dan negoziazino mahaian parte hartzeko” eskatzen deutsie Foru Aldundiari. Mahai horretan Eusko Jaurlaritza, Gobernu Zentrala, La Navaleko akzinodunak eta beharginen ordezkariak dagoz. Horrez gain, “La Navalen esku-hartze publikoan parte hartzeko” eta, Eusko Jaurlaritzagaz batera, “modu aktiboan eta ahalik eta lasterren”, Sestaoko udalerriaren egoerari “arreta berezia” eskini behar deutsan plan estrategikoaren egikaritzean aritzeko be eskatu deutsie Aldundiari.
Akordio horren barruan, ganerako erakundeakaz batera, “armadoreagaz egin beharreko gestinoak” egin daizala eskatzen deutsie taldeek Aldundiari, “Sestaoko La Naval lantegiagaz kontratautako dragea bertan bukatu daiten”, eta baita “industria plan bideragarria ekarriko dauen inbertitzailea lortzeko” be.
Jardun beharrean danak ados egon diran arren, saioan ez da eztabaidarik faltau. Oposizinoko taldeek azpimarratu dabe beharrezkoa dala administrazino publikoak “preminaz” parte hartzea, eta Foru Gobernua eusten daben taldeek “borondatea eta konpromisoa” daukiela adierazo dabe, baina “ahal dogun punturaino, bete ezin izango dogun itxaropenik sortu barik”.
BASOKO POLITIKAK
Horrez gain, Bizkaiko Batzar Nagusiek aho batez onetsi dabe Euzko Abertzaleak, Euskal Sozialistak eta EH Bildu taldeek sinatutako akordioa, Aldundiari eta Eusko Jaurlaritzari, gauza honeetarako eskaria egiteko, beste gauza batzuen artean: “eztabaidarako eta erabagiak hartzeko foroak bultzatzea” eskatzeko, basoko politikek behar daben norabidea definiduteko interesa daukien eragile guztien partaidetzeagaz; “gardentasunez” jarduteko eta pinuen gaixotasunari aurre egiteko hartuko diran neurrien ganeko informazinoa argitaratzeko; eta neurri horreen bitartez “prebentzino, ardura eta segurtasun” printzipioei erantzuteko.
DURANGALDEKO LPP
Euzko Abertzaleak, Euskal Sozialistak eta EH Bildu taldeek sinatu daben akordio bat onetsi ostean, Batzarrek eskaria egingo deutsee Foru Aldundiari, Eusko Jaurlaritzari eta Durangaldeko udalerriei, “Durangaldeko LPPan aurreikusten diran aholkuak garatzeko eta aurrera eroateko beharrezkoak diran pausuak emoteko, batez be Zientzia Parkea eta Prestakuntza Eremua eta baita Energia Barriztagarrien gunea eta Ingurumenaren Kontrol Sareari buruzkoak”.
Batzarretako talde guztiek proposamenaren aldeko botoa emon dabe, abstenidutea erabagi dauen Podemos taldeak izan ezik.
LURRALDE MUGAPEEI BURUZKO FORU ARAUAREN ERREFORMEA
Eguneko gai zerrendako puntu batean, Batzar Nagusiek ez dabe onetsi Bizkaiko Lurralde Mugapeei buruzko Foru Arauaren aldaketea bultzatzeko Talde Mistoak aurkeztu dauen Arauz Besteko Proposamena. Aldaketaren zergaitia, puntu bat sartzea zan, “udalerrien eta behe mailako toki erakundeen izen ofizialetatik sortutako nahasketa egoeren ebazpenerako prozedurea ezarteko”.
Z DA ONETSI ITAUNETIK ERATORRITAKO MOZINO BAT
Osoko saioak Talde Popularrak itaunetik eratorrita aurkeztu dauen mozinoaren eztabaidea eta ostean ez onestea be jaso dau. Bozketan, Alderdi Popularrak, Podemosek eta EH Bilduk baiezkoa emon dabe, Talde Mistoa abstenidu egin da eta Euzko Abertzaleak eta Euskal Sozialistak taldeek kontrako botoa emon dabe. Mozino horretan, proposamena aurkeztu dauen taldeak, 2017an eta 2018an Bizkaibusen emakidak daukiezan enpresei egindako auditoretza biak, astebeteko epean Batzarretako Taldeei bialtzeko eskatzen eutsan Garraio, Mugikortasun eta Kohesio sailari, eta baita “Grebarako eskubidea eta herritarrei zerbitzu duina eta kalidadekoa” bermatzeko emon beharreko pausuak azaltzeko be.
Oposizinoko taldeek “gardentasuna” eskatu dabenean, Foru Gobernua eusten daben taldeek “pazientzia eta erantzukizuna” eskatu dabe, eta auditoretza horreek, teknikariek txostenak eta azterlanak amaitzen dituenean aurkeztuko dirala.
BATZARKIDE AGIRIA
Saioaren hasieran, Batzarren aho bateko onespenaren ostean, Isabel Cadaval sozialistak eskubide osoko batzarkide izaerea bereganatu dau.