Bizkaiko Batzar Nagusiak, laneko eta familiako bizitza uztartzea bultzatuko daben neurri fiskalak ezartearen alde agertu dira
Javier Ruiz Talde Popularreko bozeroaleak, amatasuna behar egiteko “trabea” ez bilakatzearen beharra defendidu dau.
Ekimenak Euzko Abertzaleak eta Euskal Sozialistak taldeen aldeko botoa lortu dau, 2018-2022 epealdirako Euskadiko Autonomia Erkidegoko familiei laguntzeko Erakundeen arteko IV. Planaren barruko 2. ardatzean jasoten dan neurrietako bat dalako. Horrez gain, talde horreetako ordezkariek azaldu daben moduan, ekimen hori plan berean aurreikusten diran beste neurri batzuekaz osatzen da.
Podemos taldearen aldetik, Eneritz de Madariagak esan dau ados dagola “fiskaltasuna aldatu egin behar dala esateagaz, baina ez datozala bat neurriak ez norantz ez zeinen alde zuzentzea erabagiteko orduan”. Modu berean, EH Bildu taldeak laneko kontziliazino neurrien alde dagola adierazo dau, “baina ez enpresen alde”. Horri jagokonez, proposamenaren aldeko botoa emon dauen Talde Mistoaren bozeroaleak esan dau “emoten dauela talde batzuentzat enpresei emoten jakezan pizgarriak txarrak dirala berez”.
AMATASUNERAKO LAGUNTZAK
Saio berean, José María Iruarrizaga Ogasun eta Finantzetako Foru Diputatuak, EH Bilduk eskatuta, Espainiako Auzitegi Gorenak amatasun laguntzaren zergaren inguruan emondako epaiak Bizkaian izan daikean eraginaren ganeko informazinoa emon dau. Azaldu dauenez, erabagi horrek Bizkaiko araudian “eraginik ez daukan” arren, “Lurralde komunekoaren idazketa berbera daukanez”, Foru Aldundiak “proaktiboak izatea” eta “gure araudian eragina izango dauen epaiaren zain ez egotea” erabagi dau.
2014tik 2017ra, Gizarte Segurantzako Institutu Nazionalak amatasunagaitiko 34.517 prestazino ordaindu eutsezan 26.885 zergaduni; ordainketa horreen zenbateko gordina 197,4 milioi eurokoa da.
2014 eta 2017 artean amatasun prestazinoengaitik tributautakoaren itzulketak egiteko, Aldundiak itzulketea eskatzeko eredua ezarri dau Aldundiko webgunean eta 17 arreta puntuetan. Atzo arte, arretarako bulegoek 23.524 itzulketa eskari jaso ditue.
Taldeen txandan, Arantza Urkaregi EH Bilduko batzordekideak, amatasun laguntzen zerga tratamentuaren ganeko “gogoeta sakona” eskatu dau. Foru Gobernua eusten daben taldeen aldetik, Ekain Rico bozeroale sozialistak azaldu dauenez, lan horregaz, Aldundiak “beharrezkoak ez diran kostuak, denporea eta paperak egin beharra” aurreztu deutsez Bizkaiko herritarrei. Modu berean, Unai Lerma batzordekide jeltzaleak, “azkar” jokatu dala eta itzultzeko prozesuan “behar egin behar dala” esan dau.
BIZKAIKO LURRALDE HISTORIKOKO ZERGA ARAUTEGIA EKONOMIA ITUNEAN SARTUTAKO ALDAKETETARA EGOKITZEN DAUEN FORU ARAU PROIEKTUA
Beste alde batetik, Ogasun eta Finantza Publikoko Foru diputatuak, Bizkaiko lurralde historikoko zerga arautegia, abenduaren 28ko 10/2017 Legeak Ekonomia Itunean egindako aldaketetara egokitzen dauen Foru arau proiektua aurkeztu dau Batzarretako taldeen aurrean. Iruarrizagak azaldu dauenez, arauzko testuak 7 artikulu ditu –xedapenak aparte– eta bere helburu nagusia, “kontzertazino barriak ikututako zergen Foru Arau erregulatzaileak egokitzea” da.
Hori dala eta, moldaketak sartu dira zerga honeetan: Soziedadeen ganeko Zergaren Foru Arauan; Bertan bizi ez diranen Errentaren Ganeko Zergaren Foru Arauan; Ondorengotzen eta Dohaintzen Ganeko Zergaren Foru Arauan; BEZaren Ganeko Foru Arauan; Kreditu erakundeen deposituen Ganeko Zergaren Foru Arauan; Joko jardueren Ganeko Zergaren Foru Arauan; eta Bizkaiko Lurralde Historikoko Zergen Foru Arau Orokorrean.
Horrez gain, Foru Arau horrek jasoten dau Bizkaiko Foru Aldundia ez dala gai, “Bilbo, 2020ko Eurokopako azken faseko egoitzetako bat izateji” Espainiagaz hartutako konpromisoak gauzatzeko “beharrezkoak diran arauzko xedapenak” aginduteko.
Ganera, aldaketak sartzen ditu hiru Foru Arautan –Zerga arloko Orokorrean, Toki Ogasunen ganekoan eta Bizkaiko Foru Administrazinoko Tasen, Prezio Publikoen eta beste Zerga Baliabide batzuenean– zerga ordenamenduan “zerga izaerea ez daukan ondare prestazino publiko” kontzeptua sartzeko eta, holan, “erregulazino barriaren eragina jasoten daben” Bizkaiko erakundeei “segurtasun juridikoa emoteko”.
Batzarretako talde guztiak artikuluen eta xedapenen aldeko botoa emon dabe, EH Bildu taldeak izan ezik, “artikuluen eukiagaz ados egon arren”, “aurkezteko prozeduraren” kontra agertu dalako. Horri jagokonez, EH Bilduk 2020ko Eurokopari jagokon xedapenaren aurreko zuzenketa-eskea aurkeztu dau. Arantza Urkaregi bozeroaleak “gardentasun faltea” dagola esan dau, eta holango pizgarriek “Batzar Nagusietan eztabaida espezifikoa eskatzen dabela” adierazo dau. Batzarretako Podemos taldea zuzenketa-eskearen alde agertu dan arren, azkenean ez da onetsi; dana dala, EH Bildu taldeak erreserbetea erabagi dau.
Batzordean onetsi ostean, Bizkaiko Batzar Nagusien osokoa izango da Foru Arau Proiektua onetsiko edo atzera botako dauena.
KOOPERATIBEN ZERGA ARAUBIDEAREN GANEKO FORU ARAU PROIEKTUA
Zuzenketa-eskerik egon ez danez, Bizkaiko Batzar Nagusietako Ekonomia eta Ogasuneko Batzordeak Kooperatiben Araubide Fiskalari buruzko Foru Arau Proiektua bozkatu dau gaur goizean. Bozketan, Euzko Abertzaleak eta Euskal Sozialistak taldeek, Talde Popularrak eta Talde Mistoak aldeko botoa emon dabe. EH Bildu eta Podemos taldea abstenidu egin dira. Aurreko kasuan bezela, araubide honek Batzarretako azken izapidea gainditu beharko dau, Bizkaiko Batzar Nagusien osokoan.
AGERRALDI ESKARIA
Saioa, EH Bilduk eskatu dauen agerraldi eskaria aho batez onetsiz hasi da. Eskari horretan, “2016ko ekitaldiari jagokon Bizkaiko Lurralde Historikoko Kontu Orokorrari buruz egin dauen Fiskalizazino Txostena azaltzeko” Kontu Publikoen Euskal Epaitegiko ordezkaritzea Batzordera etortea eskatzen zan.