Aurreko Albisteak

Foru Aldundiak berretsi egin dau Karrantza Bilbao Bizkaia Ur Partzuergoaren barruan sartzearen aldeko apustua

Iraskunde, Gobernamentu On eta Gardentasunerako Ba

Elena Unzueta Iraunkortasunerako eta Ingurune Naturalerako diputatuak berretsi egin dau gaur goizean, jagokon Batzordeak egindako saioan, Karrantzako biztanleek, urteko 365 egunetan kalidadeko ura euki daien Aldundiak daukan konpromisoa. Halanda be, azkenengo hiru legealdietan, Bilbao Bizkaia Ur Partzuergoan (BBUP-CABB) sartzeko aukerearen ganean Karrantzako Udalagaz “bilera asko eta intentsuak” egin diran arren, “gaur egun Udalak ez dau udalerria BBUP-CABBean guztiz sartzearen ganeko behin betiko erabagirik hartu”.

Bere berbaldian, Iraunkortasunerako eta Ingurune Naturaleko Sailaren titularrak adierazo dauenez, azkenengo 25 urteetan Bizkaiko Foru Aldundiak 26 milioi eurotik gorako inbertsino hidraulikoak egin ditu, bere aurrekontuen bitartez.

Joan dan irailaren 17an, Foru Aldundiak, urriaren 18ra arteko epea bideratu eutsan Karrantzako Udalari, erabagi bat hartzeko eta, holan, BBUP-CABBera zuzendutako partidan aurrekontu kontsignazino bat sartzeko, zenbait lan hidrauliko egiteko, EDAR izenekoa, besteak beste. Unzuetak gogoratuazo dauenez, obra horreek egiteko beharrezkoa da BBUP-CABBen barruan sartzea.

Bizkaiko Foru Aldundiarentzat “harrigarria” da, “bere baliabide propioen bitartez” ur hornidura eta saneamendu zerbitzuaren prestazino materiala eta integrala bermatzea ezinezkoa dala autortu arren, eta BBUP-CABBek udalerriari beharrezkoa dan ur kantidade eta kalidadea horniduteko beharrezkoak diran azpiegiturak emotearen aukerea hor egonda, Karrantzako Udalak partzuergoaren barruan sartzea erabagi ez izana.

Beste alde batetik, Foru Diputatu andreak guzurtau egin dau “traba nagusia” abeltzaintzako tarifak diranik. Traba nagusia da Udala “ez dagola prest” Foru Aldundiak eta BBUP-CABBek zuzendutako “lankidetza eta alkartasun proposamenean” planteetan ziran 120.000 euro inguruak jarteko. Unzuetaren berbetan, kopuru hori “ez litzateke beste kopuru gehigarri bat izan behar”, “une honetan Udalak uragaz erlazionautako gaietan gastetan dauen kopurua” dalako.

Batzarretako taldeen esku-hartzeko txandan, Arturo Aldecoa Talde Mistoaren ordezkariak, Foru Aldundiaren, Karrantzako Udalaren eta abeltzaintza sektorearen arteko negoziazinoetan, marapilo hori “soltetako” aukerea emongo dauen “erdibideko puntura” ailegetako eskaria egin dau. Beste alde batetik, Eduardo Andrés batzordekide popularraren eretxiz, “ez da oso serioa eta koherentea” udalerria partzuergoan ez sartzea, 2016an hori egiteko aho bateko erabagia hartu eta gero.

Josean Elguezabal Podemos taldeko batzordekideak adierazo dauenez, “borondate politiko kontua da”, eta alkarrizketea “aurretiazkoa eta oinarrizkoa” izan behar da. Bere taldearen eretxiz, “errealidade desbardinen aurrean modu desbardinetan erantzun behar dogu”. Modu berean, EH Bildutik, David Lopategik adierazo dau gai hori ezin dala 120.000 eurora murriztu, Karrantza BBUP-CABBen sartzeak, udalerriarentzat “arazoa” izan daikezan “kostu gehigarriak dakarzalako”.

Foru Gobernua eusten daben taldeetatik, Marimar Rodriguez sozialistak Foru Aldundiak 2012tik daukan “akordiorako borondatea” defendidu dau; Jon Beitia batzordekide jeltzaleak, bere aldetik, bertaratuei gogoratuazo deutsenez, Foru Aldundiak Karrantzako udalari bideratutako proposamenak tarifetan %50eko beherapena jasoten dau: “Hori, udalerriaren berezitasuna kontuan hartzea eta abeltzainen aurrean sensibilidadea erakustea da”.

URDAIBAI BIRD CENTER

Beste alde batetik, Iraunkortasunerako eta Ingurune Naturalerako batzordeak ez ditu onetsi EH Bildu eta Podemos taldeek aurkeztutako arauz besteko proposamen bi. Ekimen bien bitartez, talde horreek, Batzarrak Urbaibai Bird Centerrek egiten dauen beharraren alde agertzea bilatzen eben, alde batetik eta, bestetik, 2019ko Aurrekontuetan Foru Aldundiak diru partida bat erakunde horretara bideratzea.

Euzko Abertzaleak eta Euskal Sozialistak taldeek adierazo dabenez, Iraunkortasunerako eta Ingurune Naturalerako Sailak egindako zuzenketa baten ostean, erakunde horrek badauka 60.000 euroko partidea 2019ko Aurrekontuetan.

AGERRALDI ESKARIA

Saioari hasierea emoteko, Talde Mistoak egin dauen agerraldi eskaria onetsi da, Esther Lasa Seisdedos Enkarterriko Udalerrien Mankomunidadeko Presidentea batzordera etorri daiten, “Karpin kultura eta turismo proiektua eta faunaren babes zentroaren gaur egungo egoerea eta azken lau urteetan burututako ekimenak, eta 2019. urterako aurreikusitakoak eta behar horreetarako dan aurrekontua”, azaltzeko.

Oposizinoko talde guztiak eskariaren alde agertu dira, eta Foru Gobernua eusten daben taldeak abstenidu egin dira, euren eretxiz, “kontuak Enkarterriko Mankomunidadeko Batzarraren aurrean aurkeztu behar dituan kargua dalako, eta ez Batzar Nagusien aurrean”. Dana dala, talde biek “ez dagozala bere borondatez Batzarretara etorri gura dauen edozein etortearen kontra” adierazo dabe.