Aurreko Albisteak

Bizkaiko Batzar Nagusietako Presidenteak Foro Judizial Independentearen ordezkaritzea jasoko dau Gernikako Batzarretxean

Azken egunetan Bilbon egin dan Foro Judizial Independentearen XV. Kongresua dala eta, kongresuko 30 kide inguruk osatutako Foro Judizial Independentearen ordezkaritza batek Gernikako Batzarretxea bisitau dau gaur goizean, eta Ana Otadui Bizkaiko Batzar Nagusietako presidenteak emon deutse ondo etorria.

Foro Judizial Independentea, 2002an, aginteen bereizketea eta Botere Judizialaren politizazio eza defendiduten dituan Espainiako epaileen alkartea da.

Azken urteetan, Euskadiko historian bete izan dauen lekua dala eta, Gernikako Batzarretxeak mundu osoko bisita instituzional asko jaso ditu, gure lurraldeko foru araubidea eusten daben oinarriak ezagutzeko. Batzarretako presidenteak gidauta, kongresuko kideek Batzarren egoitzako leku nagusiak ezagutu ditue, Gernikako Arbola sinbolikoa eta bere arbasoa barru dirala.

Horren ostean, kongresuko kideek, orain urtebete arte Bizkaiko Batzarretako Letradun Nagusia izan dan Txelu Aurtenetxek Bizkaiko Batzar Nagusien dimentsino historikoaren eta egungo egituraketaren ganean emon dauen berbaldia entzun dabe Bizkaiko Jaurerriko Artxibategi zaharrean.

Aurtenetxeren eskutik, Foro Judizial Independentearen ordezkaritzak zehaztasun handiagoz ezagutu ahal izan dau Bizkaiko Batzarren historia, eratu ziranetik indar barik geratu eta ostean barriro martxan jarri ziran arte. Horrez gain, Batzar Nagusiek gaur egun daukiezan eskumenak eta Batzordeen eta Osokoen bitartez egunero daukien funtzionamentua zehaztu ditu.