Batzar Nagusiek ez dabe onetsi Foru aurrekontuaren %0,7 garapenerako lankidetzara bideratzeko Arauz Besteko Proposamena
Eneritz De Madariaga batzordekideak defendidu dauen Arauz Besteko Proposamena, 2015eko zemendiaren 18an Batzar Nagusietako Osokoan onetsi zan beste ekimen batean oinarritzen zan. Bertan, Lankidetzara zuzendutako aurrekontuak, apurka-apurka handitzen joateko agintzen jakon Enplegu, Gizarteratze eta Berdintasun Sailari, legealdi honen bukaerarako aurrekontuaren %0,7ra heltzeko. De Madariagak azpimarratu dauenez, aurrekontuen aurreikuspenean ez da ehuneko horretara ailegetan eta, bere eretxiz, ez dira beteten osokoak hartu eban erabagia eta beste arteztarau batzuk, Bizkaiko Lankidetzarako 2017-2020 Plan Zuzendaria, adibidez.
Botoa azaltzeko orduan, Bizkaiko Foru Aldundiko gobernua osatzen daben taldeek adierazo dabenez, Gernikan onetsi zan ekimenak ez dau aitatzen Aldundiko aurrekontu osoa, erabilgarria baino, eta lankidetzara zuzendutako ehunekoa oraindino %0,7ra heldu ez bada be, legealdi honetan esfortzu garrantzitsuak egin dira, eta partida hori aurrekontuen hazkunde tasa orokorraren ganetik igo da. EH Bilduk, Batzar Nagusiek Osokoan onetsi eben neurria ez betetearen larritasuna azpimarratu dau, eta bozeroaleak nabarmendu dau helburu hori lortzea posiblea dala, horretarako aurrekontua egon badagolako, baina lehentasunak beste batzuk dirala. Bizkaiko Talde Popularreko ordezkariak abstentzinoa justifikau dau esanez 2015eko Arauz Besteko Proposamena bere ekimena izan zala, baina, lankidetzarako %0,7 horrek aurrekontu erabilgarriari buruz egiten ebala berba, eta horretarako aukerea egotearen baldintzapean, Bizkaiko herritarren beharrak baztertu barik”. Azkenean, ekimena ez da onetsi, kontrako 9 boto, aldeko 5 eta abstentzino bat jaso ditualako. Talde Mistoaren ordezkaria ez da bileran egon, Bizkaiko Lurralde Historikoaren Iraunkortasunerako Kontsejuaren bilera batean egon dalako.
BAZTERTUTA DAGOZAN PERSONAK
Batzar Nagusietako saio berean, Teresa Laespada Enplegu, Gizarteratze eta Berdintasuneko Foru Diputatua, Podemos Bizkaia eta EH Bildu taldeek, hurrenez hurren, planteautako gai biri erantzutera etorri da batzordera.
Lehenengoa, Eneritz De Madariaga Podemos taldeko batzordekidearen agerraldi eskaria izan da, gaua kalean pasetan daben personen datuak eta bere Sailak arazo horren inguruan egiten dauenari buruzko azalpenak emoteko, orain denpora gitxi egin dan etxerik bako personen gaueko zenbaketa bat eta Euskal Herriko Unibertsitateak, gai horren inguruan egin dauen azterlana ikusi ostean. Teresa Laespadak, zenbaketaren datuak ez dirala argitaratu esanez erantzun dau, prentsarako ohar baten bitartez aurreratu baino ez dirala egin, eta EHU-UPVren aitatutako azterlana Bilboko Udalaren agindua dala. “Ez litzateke arduratsua ezta egokia izango oraindino ez daukaguzan datuak baloretea”, azpimarratu dau Laespadak. Dana dala, foru diputatuak bere Sailaren jarduketak eskumenen esparru zorrotzera mugatu ditu, eta, “jagokun zatian, ahal dogun guztia egiten dogula” azpimarratu dau, amaitzeko.
Foru Gobernua eusten daben taldeek bat egin dabe Diputatuak esandakoagaz, eta EH Bilduren aldetik gizarte arloko politiketan lidergoa eskatu jako, eta baita informazinoa eta gardentasuna be. Bizkaiko Talde Popularretik, bozeroaleak adierazo dau normala dala Sailak oraindino ez daukazan datuen ganean berbarik ez egitea, baina adierazo dau emoten dauela datuak “arduratzeko modukoak dirala, gizarte arloko kontsiderazinoengaitik eta uriko segurtasunarengaitik”.
Bizkaiko Batzar Nagusietako Enplegu, Gizarteratze eta Berdintasun Batzordearen gaurko saioa Arantza Urkaregi EH Bilduko bozeroaleak, bazterketaren kontrako zerbitzuen erabiltzaileek zerbitzu horreen jarraipenean eta ebaluazinoan parte hartzeko daukiezan tresnen ganean egin dauen galdereagaz osatu da. Teresa Laespadak erantzun dauenez, une honetan indarrean dagon laguntza ereduak zerbitzuaren onurak jasoten dituenen ikuspegia barru hartzen dau, “partaidetzarako, gogoetarako eta komunikazinorako behar besteko bideak dituelako; hori dala eta, euren eretxia behar dan moduan geratzen da jasota”.