Bukatu dira 2019ko Aurrekontuen Proiektuan Sail bakotxari esleitutako kontuen barri emoteko informazino saioak
Isabel Sánchez Robles Gizarte Ekintza Saileko Foru Diputatua izan da datorren 2019ko ekitaldirako bere sailak izango dituan aurrekontuak aurkeztu dituan lehenengoa. Gizarte Ekintza Sailak 537,76 milioi euroko aurrekontua izango dau datorren urtean, Foru Aldundiko sailek izango daben kopuru osoaren %42,9a, hain zuzen be. Kopuru hori aurreko ekitaldikoa baino %8,73 handiagoa da. Diputatuaren berbetan, aurrekontu horregaz “umeak babesteko dagozan gero eta behar handiagoei arretea emoten deutsegu, adinekoei eta urritasuna daukien personei arretea eskintzeko zentroen sarea finkatzen dogu, zaintzaileei laguntzeko neurrietan aurrera egiten dogu eta Lurraldean zidarrezko ekonomia sustatzeko estrategiari aurrekontua emoten deutsagu”.
Gizarte Ekintzako diputatuak gizarte babeserako sarea bermatzeko konpromisoa eta horren zerbitzuen garapenean aurrera egitea azpimarratu ditu. Horretarako, 2019an, Aldundiak 4 milioi euro bideratuko ditu Zaintzaileen Estatutuan jasoten diran neurrien garapenera, eta milioi bat euro zidarrezko ekonomiaren sustapenera, martxan jarriko dan Nagusi Intelligence Center izenekoaren bitartez.
Gizarte arloko politiken barruan, Gizarte Ekintzak bere aurrekontuaren heren bat baino gehiago –220,48 milioi– adinekoengan inbertiduko dau. Urritasuna daukien personei emon beharreko arretaren arloan, aurrekontuen proiektuak 93.988.241 euroko gastua aurreikusten dau.
Beste esfortzu handi bat, mendekotasun prestazinoei eta diru-laguntzei jagokezan gastuak ordaintzera bideratuko da: 96 milioi euro. 2019. urteak barrikuntza bat eukiko dau, 2,86 milioi euroko zuzkidurea izango dauelako PECEF izenekoaren –familia ingurunean emoten diran zainketetarako prestazinoa– onuradun diran eta mendekotasun egoeran dagozan personen zaintzaileentzako urtean 15 eguneko arnasaldia bultzatzeko.
Eta inbertsinoetan egingo dan laugarren esfortzu handia umeei emon beharreko arreta programara zuzenduko da, 56,83 milioi eurogaz.
Sánchez Roblesek bere sailaren urteko kudeaketea marketan daben beste gai batzuk be aitatu ditu, Balorazino eta Orientazino Zerbitzua (7,76 milioi euro) edo Tutoretzako Institutuaren finantziazinoa (2,78 milioi euro).
HERRI ADMINISTRAZIOA ETA ERAKUNDE HARREMANAK
Herri Administraziorako eta Erakunde Harremanetarako Sailari jagokonez, 62.112.967 euroko aurrekontua dauka, 2018an baino %10 gehiago. Zenbateko hori, batez be, herritarrei eta udalei zerbitzu gehiago eta hobeak eskintzeko erabiliko da, teknologia barrietan oinarrituta.
Aurreko ekitaldian ez bezela, 2019an aurrekontuek 30.000 euroko igoerea eukiko dabe Bizkaiko Batzar Nagusiei zuzendutako partidan, datorren urtean izango diran foru hauteskundeen gastuei aurre egin ahal izateko.
Aldundiak 18,5 milioi eurotan (+%5,76) zenbatu dau foru administrazinoa modernizetako esfortzua, BAT (Bizkaiko Azpiegitura Teknologia) sistemaren garapena barruan hartuz. Horren barruan dagoz, beste batzuen artean, sarreren kudeatzailea, kudeatzaile dokumentala, tramitazinoaren motorra eta artxibategi elektronikoa.
Diputatu andreak, larrialdi zerbitzuen instalazinoak modernizeteak daukan lehentasuna be azpimarratu dau. Holan, 2019an, Zallako su-hiltzaileen parkea eta Arratzuko parkea eregiteko lanakaz jarraituko da (1,2 milioi euro).
Bengoetxeak zuzentzen dauen sailaren parte bat Aldundiaren parke mobikorra barriztetera zuzenduko da. 711.480 euro inbertiduko dira autoeskala ibilgailu barria erosteko; eta beste 160.000 euro basorako ibilgailu bi egokitzera bideratuko dira.
Horrez gain, Aldundiak Bizkaiko udalerriei euskarria emoten jarraituko dau. Horretarako, 4.535.000 euro zuzenduko dira Biscaytik Fundazinora. Horrez gain, udalerri txikietan azpiegituretarako dagozan diru-laguntzetara zuzendutakoari “eutsi egingo jako” (milioi bi), 2019an udalerrien finantza egoerak hobera egingo dauela aurreikusten dan arren.
Bengoetxeak Aldundi osoko I. kapitulua (beharginak) be aitatu dau. Horren soldata masak %7,2 egingo dau gora, 218 milioi eurora heldu arte.
Talde Mistoak egindako galderari erantzunez, aurretik egindako agerraldian, diputatu andreak jakinarazo dau daborduko Herri Administraziorako eta Erakunde Harremanetarako Sailaren 2018ko aurrekontuaren %61,7a dagola beteta.
ZUZENKETA-ESKEAK AURKEZTEKO EPEA
Aurrekontuen Proiektuaren ganeko informazino saioak amaitu eta gero, Bizkaiko Batzarretako Mahaiak zuzenketa-eskeak aurkezteko epealdia ezarriko dau datorren astetik aurrera (15 egun). Horreek aztertu eta gero, osoko lehenengo saioa deituko da Gernikan, osotasunerako aurkezten diran zuzenketa-eskeak aztertzeko. Osoko horren ostean, eta holangorik egoten bada, zuzenketa-eske parzialak batzordean eztabaidatuko dira. Eta Bizkaiko kontuen batzarretako izapideak, seguruenez, abenduaren bukaeran amaituko dira, Ekonomia eta Ogasuneko Batzordetik igaro ostean geratzen diran zuzenketa-eskeak aztertuko dituan beste osoko batean.