Aurreko Albisteak

Bizkaiko Batzar Nagusiek berretsi egin dabe Aldundiaren eta nazinoarteko ekintzailetza eta barrikuntza guneen arteko hitzarmenen aldeko jarrerea

Ekonomia eta Lurralde Garapeneko Batzordea

Euzko Abertzaleak eta Euskal Sozialistak taldeek, Talde Popularraren eta Talde Mistoaren laguntzeagaz, Bizkaiko Foru Aldundiari eskari honeek egiten eutsazan arauz besteko proposamena onetsi dabe gaur Ekonomiaren eta Lurraldearen Garapenerako Batzordean: “Bizkaiak munduko ekintzailetza eta barrikuntza gunerik aurreratuenakaz daukan lotura politikagaz jarraitzea”; “Bizkaiko startup-en garapenari, hazkundearen eta nazinoartekotzeari laguntzeko programak indartzea”; eta, gizarte eta ingurumen arloko klausulak sartzeko foru politikaren barruan eta beste politika publiko batzuei jagokenez, daborduko hartuta dagozan akordioen ostean, “klausula horreek Bizkaiko Foru Aldundiak sinatu behar dituan hitzarmenetan sartzeko bidean aurrera egitea”.

Txanda berean, Batzar Nagusiek ez dabe onetsi, kontrako 11 botogaz –EAJ-PNV, PSE-EE, PP eta Talde Mistoa– Podemos Bizkaia taldearen ekimena, Foru Aldundiari SOSA erakundeagaz sinatu beharreko Lankidetzarako Hitzarmena indar barik ixtea eskatzeko. Idazki horrek, Aldundiaren nazinoartekotze estrategian eta saileko politiketan jasotako printzipioen artean “Bakearen Ekonomia” sartzea be eskatzen eban.

Neskutz Rodriguez Podemos Bizkaia taldeko bozeroalea, starstup bizkorgailu horregaz sinatu dan hitzarmenaren kontra agertu da, eta esan dau ez dauela ulertzen “gizarteagaz eta ingurumenagaz erlazionautako klausulak sartzen dituan Aldundi honetatik, zelan sinatzen dan akordio bat Israelegaz, giza eskubideak modu sistematikoan zapaltzen dituan estadua dala jakinda”.

Halanda be, Isabel Cadaval batzordekide sozialistak gogoratuazo dau egoitzea Tel Aviv-en eta Estadu Batuetan daukan SOSA bizkorgailua “erakunde pribadua dala, eta ez Israelgo estadua”. Euzko Abertzaleak taldeagaz batera bultzatutako arauz besteko proposamena defendiduteko orduan, Cadavalek gogoratuazo dau “Bizkaiak eta bertako erakundeek industria forma barri horreen abangoardian egoteko egin behar dabela behar”, “gizarteagaz eta ingurumenagaz erlazionautako klausulak baztertu barik” bada be.

Ildo berean, Aitor Ibarra batzordekide jeltzaleak adierazo dau, Aldunditik, Bizkaia “modernoa, gertukoa, arduratsua eta munduagaz konektatutakoa” lortzeko egiten dala behar. Horretarako, Ibarraren berbetan, beharrezkoa da “kalidadezko enplegua sortuko dauen produkzino egiturea izatea, gizarte aurreratua eta solidarioa izaten jarraitzeko”. EAJ-PNV eta PSE-EE taldeek bultzatutako ekimenaren xedea “Bizkaia Goazen 2030 ekimenak arlo horretan dituan lau ardatz estrategikoak indartzea” da.

Arturo Aldecoa Talde Mistoko bozeroalea ados agertu da Foru Gobernua eusten daben taldeen proposamenagaz. Halanda be, Podemos Bizkaia taldeari bere proposamena baztertu eta barriro formuletako eskatu deutso: “Akats bat da estadu demokratiko baten inguruko eztabaidan sartzea”. Jesús Isasi batzordekide popularrak, bere aldetik, Bizkaia Goazen 2030 ekimenaren aurretik erakundeek barrikuntzaren inguruan aurrera eroan daben beharra jarri dau balioan. Bere taldearen eretxiz, behar horrek “jarraitu egin behar dau”.

EH Bildu taldea abstenidu egin da proposamen bietan. Joseba Gezuragak bertaratuei gogoratuazo deutsenez, bere taldea bat dator Podemos Bizkaia taldeagaz Israeli buruzko balorazinoan. Halanda be, eta SOSA erakundea eta Israel aitatuta, “gauza desbardinak dirala” azpimarratu dau. Beste alde batetik, EAJ-PNV eta PSE-EE taldeek bultzatutako ekimenaren bozketako abstentzinoa, “labur geratzen dala” esanez justifikau dau.

Azkenean, Euzko Abertzaleak eta Euskal Sozialistak taldeen ekimena 11 botogaz –EAJ-PNV, PSE-EE, PP eta Talde Mistoa– eta 4 abstentzinogaz –EH Bildu eta Podemos Bizkaia– onetsi da, eta Podemos Bizkaia taldearen arauz besteko proposamenak aldeko boto bi –Podemos Bizkaia-, kontrako 11 –EAJ-PNV, PSE-EE, PP eta Talde Mistoa– eta abstentzino 2 – EH Bildu–, izan ditu.

EUSKALDUNA ZUBIA

Ekonomiaren eta Lurraldearen Garapenerako Batzordeak aho batez onetsi dau Talde Popularrak bultzatuta, Felipe Cobo Sánchez Kontserbazino Zerbitzuko Burua eta Carlos Estefanía Angulo Errepide Sarearen Kudeaketa Zuzendariorde Nagusia batzordera etortea eskatzen eban eskaria, joan dan bagilaren 28an Euskalduna Zubian izandako gertakarien ganeko azalpenak emoteko. Proposamena aurkeztu dauen taldearen berbetan, agerraldi horreen helburua jenteari eta taldeei “nasaitasuna eta segurtasuna emotea” da.

Minutu batzuk geroago, Foru Aldundia eusten daben taldeek ez dabe onetsi Talde Popularraren beste ekimen bat. Bertan, Euskalduna Zubian jarduteko Bilboko Udalagaz jarduketarako protokoloa ezarteko eta sinatzeko eskatzen jakon Bizkaiko Foru Aldundiari. Oposizinoko talde guztiek adierazo dabenez, protokolo bat ezarteak “arinago jarduteko” aukerea emongo leuke.

Euzko Abertzaleak eta Euskal Sozialistak taldeen aldetik, Mikel Bagán eta Ignacio Jerónimo batzordekideen eretxiz ez da beharrezkoa protokoloa sinatzea, egun haretako jarduketea eta Aldundiaren eta Bilboko Udalaren arteko koordinazinoa “zuzena” izan zala uste dabelako.

SARATXOKO BIDEAREN ZAHARBARRITZEA

Imanol Pradales Ekonomiaren eta Lurraldearen Garapenerako Foru Diputatuak emon deutso amaierea eguneko gai zerrendari, Talde Popularrak Saratxoko bideari buruz egindako ahozko erantzun-eskeari erantzunez. Arabako Foru Aldundiak egin gura dau aitatutako obrea, bide hori BI-625 errepideagaz lotuz.

Pradalesek adierazo dauenez, behar hori BI-625 errepideagaz lotzea “bere unean daborduko planteauta egoana da”. Foru Diputatua pozik agertu da, Arabako Foru Aldundiak “azkenean, “Malato Zugatxaren Hitzarmena bete behar dauelako”.