Aldundiak, Bizkaiko Batzar Nagusiek azkenengo hiru urteetan onetsi dituen arauz besteko proposamenen %77 bete dau daborduko
Egia esan, Batzar Nagusiek arauz besteko 174 proposamen onetsi ebazan hiru urte horreetan, baina 126 (%74) izan ziran Foru Gobernuak aurrera daroan beharrean eragin zuzena eukien ekimenak, gaur goizean Batzarretan azaldu dan txostenak erakusten dauenez. Batzordeetan edo osokoan –48– onetsitako ganerako aginduak beste administrazino edo erakunde publiko batzuei zuzenduta egozan.
Bengoetxeak Foru Aldundian eragin zuzena eukien proposamenen egoeraren barri emon deutse Batzarretako taldeei. Sailei jagokenez, Euskera eta Kultura Saila izan da Batzarretako ekimen gehien jaso dituana. 37 proposamenek gobernu ekintzaren bat aurrera eroatea eskatzen eutsien Lorea Bilbaok zuzendutako sailari, eta horreetatik 31 bukatu dira.
Garraio, Mugikortasun eta Lurraldearen Kohesino eta Ekonomiaren eta Lurraldearen Garapen sailek, barriz, 29 –28 bukatuta– eta 25 –14 bukatuta– agindu jaso ditue, hurrenez hurren. Elena Unzuetak zuzentzen dauen sailak Batzarretako 10 ekimen jaso ditu, eta hiru urte horreetan 7 amaitzea lortu dau.
Hamar ekimenen azpitik geratu dira Foru Aldundiko ganerako sailak; Enplegu, Gizarteratze eta Bardintasun Sailak 8 jaso eta 6 amaitu ditu; Gizarte Ekintzak 7 agindu hartu eta 4 bukatu ditu; Ogasun eta Finantza Sailak 6 ekimen jaso eta 3 bukatu ditu. Zerrendea ixteko Herri Administrazio saila dago, arauz besteko 5 proposamen jasoz eta 4 amaituz.
Oposizinotik, Arturo Aldecoak (Talde Mistoa), aurkeztu dan eta legealdiko hirugarrena dan, txostenaren “irakurketa positiboa” egin dau, Batzar Nagusietan egiten dan beharra erakusten dauelako. Jesús Isasi batzordekide popularraren eretxiz, txostena “eskas samarra” da. Bere taldearen ustez, txostenak onetsitako itaunetatik eratorritako mozinoak be jaso beharko leukez.
Modu berean, Neskutz Rodríguez Podemos taldeko bozeroaleak faltan bota dau txostenean beste erakunde batzuetara zuzendutako arauz besteko proposamenen egungo egoerea. Onintze Oleaga EH Bilduko batzarkidea ez da ados agertu txostenagaz, “hutsik” dagola esan dau, eta Foru Aldundiaren azalpenak “mozorrotuta eta makilatuta” dagozala adierazo dau.
Foru Gobernua eusten daben talde biek –EAJ-PNV eta PSE-EE-, barriz, Batzarretako arautegi barriak Aldundia, Batzarretatik sortzen diran ekimenen betete mailaren ganean “kontuak aurkeztera” behartzen dauela azpimarratu dabe, eta hori, X. legealdi honetara arte inoiz ikusi bako gauzea dala nabarmendu dau Juan Otermin sozialistak.
María Presa jeltzaleak oposizinoko taldeei gogoratuazo izan gura deutsenez, etorkizunean, onetsitako mozinoak txosten horretan sartzeko aukerea ari da aztertzen Aldundia une honetan. Batzarkideak esan dauenez, arauz besteko ekimenak betetea derrigorrezkoa dan arren, “zuzena da kontuak hartzea”, eta Bizkaiko Batzarretatik urtendako erabagien aurrean Aldundiak erakutsi dituan “errespetua eta koherentzia” jarri ditu balioan.
ESKAERETARAKO ETA HERRITARRAKAZKO HARTU-EMONETARAKO BATZORDEA
María Presa batzarkideak, Eskaeretarako eta Herritarrakazko Hartu-emonetarako Batzordearen presidente moduan, Batzorde horren 2017ko irailaren 1etik 2018ko bagilaren 30era arteko Memoria-Txostena be aurkeztu dau gaur goizean. Idazki horrek erakusten dauenez, batzordeak 26 eskari landu ditu, 4 idazki eta 22 agerraldi eskari, eta 12 aldiz alkartu da, horreetatik behin atea itxita, Batzordeak eskatuta, “bertan landu behar ziran gaien sensibilidadea eta datuen izaerea zirala eta”.
Legealdi honetan lehen aldiz martxan jarri ostean, Presak tresna horren balorazino positiboa egin dau. Hiru urte honeetan, Eskaeretarako eta Herritarrakazko Hartu-emonetarako Batzordeak 89 gai landu ditu eta 42 aldiz alkartu da.
PFEZ-REN ALDAKETEA LOTERIA ETA APUSTU JAKIN BATZUEN SARIAKAZ ERLAZIONAUTA
EH Bildu eta Podemos Bizkaia taldeek izan ezik, Batzarrak osatzen dituen ganerako taldeek onetsi egin dabe loteria eta apustu jakin batzuen sariakaz erlazionautako puntuetan Persona Fisikoen Errentaren gaineko Zergari buruzko Foru Araua aldatzen dauen Arauzko Foru Dekretua. Holan, Bizkaiak 10.000 eurora igongo dau salbuetsitako diru-kopuruaren mugea 2018an, 20.000 eurora 2019an, 2020an 40.000 eurora heltzeko.
EH Bilduk eta Podemos Bizkaiak, aldaketa horren kontra agertzeko errazoietako batzuk azaldu ditue: burujaubetza fiskalaren defentsa, jokoaren kaltegarritasuna, eta iruzurra sustatzen dauela.
ZAINTZAILEAREN ESTATUTUA
EH Bilduk akordioa lortu dau Euzko Abertzaleak eta Euskal Sozialistak taldeakaz, Zaintzaileen Estatutuari jagokonez, Gizarte Ekintza sailak, Durango aldean egiten ari dan esperientzia pilotuaren balantzea aurkeztu daian urtearen amaieran. Akordio horrek eskaria egiten deutso Sánchez Roblesen sailari, Zaintzaileen Estatutuan jasoten diran hainbat neurri “zaintzaile informalak izenekoak barru hartzeaz aparte, etxe barruko zaintzaileei zabaltzeko modua” aztertu daian.
EAJ-PNV eta PSE-EE taldeek EH Bilduren hasierako mozinoaren aurrean aurkeztutako zuzenketa-eskeak talde guztien aldeko botoa jaso dau, abstenidu egin dan Podemos Bizkaiarena izan ezik.
HERRITARREN PARTAIDETZEA
Bizkaiko Batzar Nagusiek hirugarren txosten bati buruz be egin dabe berba: Herritarren parte hartzearen ganeko Azterlan Batzordearen ondorioen txostena. EH Bilduk eta Podemos Bizkaiak boto partikularra emon daben arren, batzordearen presidenteak, Jon Sánchez batzordekide jeltzaleak, batzordeak bere helburu biak bete dituala esan dau, “alkarren eretxiak entzutea” eta “akordiorako lekuak aurkitzea”.
Modu berean, Begoña Gil sozialistak azaldu dau urte bi horreetan “beste esperientzia batzuk ezagutzeko” aukerea izan dauela, “gure eredu propioa aurrera eroan ahal izateko”.
Neskutz Rodriguez Podemos Bizkaia taldeko bozeroaleak azpimarratu dauenez, beharrezkoa da “kolektibo, herritar, mobimendu eta erakunde gehiagoren inplikazinoa” eukitea “Bizkaiko partaidetza eredua gauzatzeko prozesuan”. David Lopategik, EH Bildu ordeztuz, bere taldeak ez dauela bere burua erespenean “ordeztuta” ikusten esan dau, eta gogoratuazo dau partaidetzea “herritarrek politika publikoetan parte hartzea” dala, eta ez “herritarren partaidetzea instituzionalizetea”.
ZALDIBARKO ARMARRIA
Beste alde batetik, Batzar Nagusiek aho batez onetsi ditue Zaldibarko udal armarri barria, eta M1 3T eta M2 mugarrien artean Zaldibarko eta Ermuko udal mugarteak aldatzeko proposamena.
EZ DIRA ONETSI ITAUNETIK ERATORRITAKO MOZINOAK
Bukatzeko, osokoak ez dau babestu Talde Popularrak, EH Bilduk eta Podemos Bizkaiak hartutako akordioa, Foru Aldundiari Gardentasunaren ganeko Foru Araua aldatzea eskatzeko, Bizkaiko webgunean “Aldundiko sektore publikoko lantaldeen izen zerrendaren identifikazino datuak” argitaratzeko. Akordio horretan eskaria egiten eben, baita be, sektore publikoa osatzen daben erakundeetako beharginen aukeraketa prozesuetan, epaimahai publiko batek administrautako “lehiaketa-oposizino sistemea” ezarteko. Oposizinoko talde guztiak horren alde egon diran arren, proposamenak ez dau aurrera egin.
Modu berean, osokoak ez dau onetsi, kontrako 29 botogaz (EAJ-PNV eta PSE-EE) eta aldeko 21 botogaz (EH Bildu, Podemos Bizkaia, Talde Popularra eta Mistoa), Podemos Bizkaiak aurkeztutako mozinoa, Aldundiari 0 eta 6 urte bitarteko umeei zuzendutako egoitzaratze-erantzuna emotea eta Lehen Haurtzaroari zuzendutako Arreta Programa garatzea eskatzeko.