Aurreko Albisteak

Bizkaiko Batzar Nagusien, Bizkaiko Foru Aldundiaren eta Galdamesko udalaren arteko lankidetza - protokoloa, Antonio de Truebaren jaiotzearen berrehugarren urteurrena ospatzeko

Antonio Trueba

Urriaren 15ean, astelehenean, Bizkaiko Batzar Nagusiek, Bizkaiko Foru Aldundiak eta Galdamesko Udalak lankidetza-hitzarmen bat sinatu dute 2019an Antonio de Truebaren jaiotzaren berrehungarren urteurrena ospatzeko. Protokoloa hauek sinatu dute: Ana Otadui Bizkaiko Batzar Nagusietako buruak, Lorea Bilbao Bizkaiko Foru Aldundiko Euskara eta Kultura diputatuak eta Raquel Larruskain Galdamesko alkateak. Galdamesko Montellano auzoan izan da ekitaldia, Enkarterriko idazlea jaio zen etxean.

Ekitaldian izan dira erakundeetako ordezkariak, eskualdeko alkateak, herritarrak eta kultura-elkarteetako ordezkariak. Goizeko 10:30ean hasi da, poeta jaio zen herrixkaren erdigunean. Galdamesko txistulariek lagunduta, agintariak kronikari bizkaitarraren etxearen hondarrak eta 1930ean haren omenez jarri zen monumentua dauden orubera joan dira.

Han, Raquel Larruskain Galdamesko alkateak, bere udalerriaren ordezkari gisa, ongi etorria egin die herrira etorri diren guztiei. Ekitaldia gauzatu den leku enblematiko horren garrantzia azpimarratu du, eta eskerrak eman ditu protokolo hau sinatzeko aukera izateagatik eta azken urteetan kultura-elkarteek Truebaren irudiarekin lotuta egin duten lanarengatik.

Ongietorriaren ondoren, Ana Otaduik, Bizkaiko Batzar Nagusietako buruak, erakunde arteko protokolo hori sinatzearen garrantzia azpimarratu du, eta esan du Trueba Enkarterriko bizkaitar esanguratsuenetako bat izan zela; hain zuzen, 1862an, foruak indargabetu baino 14 urte lehenago, hura Bizkaiko jaurerriko kronikari eta artxibozain izendatzea proposatu zuten Bizkaiko Batzar Nagusiek. Batzar Nagusietako buruak aipatu du, halaber, protokoloa garrantzitsua izango dela Enkarterrietako Museoarentzat, zeina, Otaduiren hitzetan, eskualdeko ondare historikoa ikertzeko eta zabaltzeko asmoz azken hamarkadetan egin den proiektu handiena baita.

Adierazi duen zuen bezala, lankidetza honen bidez abiaraziko diren ikasketak “Forukide hau bizi zen Bizkaia hobeto ezagutzeko aukera emango dizkigu”. Gainera, “berak egin zuen Foru tradizioaren birsortzean zein alde diren mito erromantikoak” bereiztu ahal izango ditugu, Deiadar Mendietako deialdia adibidez.

“Truebaren ekarpenak zuen eskualdetik kanpo hedatzen direla uste dugu, Bizkaitar guztien ondare bihurtzeko”, Batzar Nagusiko Presidenteak agerian utzi du. Ez alferrik, Bizkaiko Foru Aldundiak Antonio Trueba Bizkaiko Aita izendatu zuen. Horregatik, bere jaiotzatik bi mende igaro direla eta, Foru Aldundiak eta Galdames Udalak, "gure lurralde historikoari egindako ekarpenen zordunak garela onartuz" lankidetza honen bidez "Bizkaiak Antonio Truebarekin eta De la Quintanarekin zorra duen garbitzeko” lagundu nahi dute.

Jarraian, Foru Aldundiko Euskara eta Kultura diputatu Lorea Bilbaok ere protokoloaren edukiaren balioa azpimarratu du. Haren ustez, idazlea jaio zen orube ederra eta bertan kokatutako Manuel María Smith eskultorearen monumentua seinaleztatzen, argiztatzen eta ezagutarazten lagunduko du. Halaber, ikerketa historiko bat argitaratzeko aukera emango du eta, horren harira, Truebari eta haren garaiari buruzko erakusketa dibulgatzaile bat antolatuko da Enkaterrietako Museoan eta Bilboko Ondare aretoan. Bestetik, protokolo honi esker biltzar zientifiko bat antolatuko da Foru Agiritegian, eta Galdamesko Udalak konpromisoa hartzen du Truebaren oroimenez egiten diren gizarte- eta herri-ekimen guztiak babesteko.

Joseba Agirreazkuenaga historialariak ere parte hartu du ekitaldian, proiektuko kolaboratzaile gisa, eta Truebaren bizitzari eta obrari buruzko zenbait datu eman ditu. Idazlearen senideek ere protokoloa sinatzeko ekitaldian egon nahi izan dute, eta eskerrak eman dituzte beren arbasoari omenaldia egiten jarraitzeagatik, hura jaio eta bi mende geroago.

Ekitaldia girotzeko, bertan izan dira Galdamesko Jon Ander Amigo eta Zuriñe Inzunza musikari gazteak eta Jokin Castaños bertsolaria, galdamestarra azken hori ere.

Protokoloa sinatu ondoren, luncha egon da bertaratu diren pertsona, erakunde, herritar eta elkarteentzat, hots, Enkarterriko edertasuna beste inork baino hobeto islatu zuen idazlearen irudiarekin konprometitutako pertsona guztientzat.

“Antonio Trueba y su época” proiektua

Proiektuaren bidez, Antonio de Truebaren figura eta lana ikertu eta zabaldu nahi da. Horretarako, Bizkaiko Batzar Nagusien menpeko Enkarterrietako Museoak lau ikerlarirekin egingo du lan (Joseba Agirreazkuenaga, EHUko historia garaikidean katedraduna; Montserrat Amores, Kataluniako Unibertsitate Autonomoko irakaslea; Jesús Arrate, XIX. mendean aditua den ikerlaria; eta Goio Bañales, Enkarterrin aditua den ikerlaria). Taldea Enkarterrietako Museoko zuzendari tekniko Javier Barrio Marrok koordinatuko du.

Lan honetatik abiatuta, askotariko erakusketak, argitalpenak eta jarduerak egingo dira 2019an eta 2020an zehar. Galdamesko Udalak ere askotariko jarduerak antolatuko ditu aldi horretan, udalerriko eta eskualdeko kultura-elkarteek lagunduta. Bizkaiko Foru Aldundia, bere aldetik, Galdamesko Udalarekin lankidetzan arituko da, Montellanon kokatutako monumentua zaharberritzeko; eta Enkarterrietako Museoan eginiko erakusketa Ondare aretora (Bilbo) eramango du, proiektua hitzaldi-jardunaldi batzuekin borobiltzeko.

Antonio de Truebaren figura

Antoni de Trueba XIX. mendeko bizkaitar ezagunenetako bat izan zen. Nobela eta ipuin ugari idatzi zituen eta etnografikotzat jo genezakeen lana ere egin zuen; izan ere, Bizkaiko istorio eta tradizio asko jaso eta ipuin eta kontakizun laburren forma eman zien. Horrez gain, garai hartako egunkari askotan ere argitalpenak egin zituen.

Bere garaian, oso pertsonaia ezaguna eta baloratua izan zen. Hori dela eta, Bizkaiko Batzar Nagusiek Madriletik itzultzeko eskatu zioten (bertan ari zen lanean), eta jaurerriko kronikari eta artxibozain izendatu zuten 1862an. Eta beranduago, ospe handiko pertsonaia zelarik, probintziako aita izendapena jaso zuen 1876an.

Bere ospea hain izan zen handia, non hil ondoren herriak ordaindutako eskultura bat egin zitzaion. Mariano Benlliurek eginiko eskultura hori Albia lorategian jarri zen, eta bertan jarraitzen du gaur ere, beheko argazkian ikus daitekeen moduan. Manuel María de Smithek ere beste monumentu bat egin zuen, Truebaren jaiotetxearen hondarrak egokituta, eta iturri bihurtutako monolito handi bat gehituta. Bertan sinatu da protokoloa.

Truebaren rola eta garrantzia Bizkaiko eta Euskadiko historian

Antonio de Trueba erromantiko bat izan zen, eta bere garaiko egile gehienek bezalaxe, irudikatu zuen euskal munduaren gehiegizko idealizazioa leporatu zioten. Hala ere, idealizaziorako joera hori alde batera utzita, artxibozain eta kronikari lanei ekin zienean, Bizkaiko bizimodu, ondare eta ohituren deskribapen ugari utzi zizkigun (garaiko egunkarietan argitaratuak); eta horiei esker, XIX. mendea hobetu ulertu ahal izan dugu. Mende hori ezinbestekoa izan zen gure gizartearentzat, orduan gertatu baitzen gizarte tradizionalaren eta egungoaren arteko bereizketa. Horri guztiari poesia, nobela eta ipuin ugari gehitu behar zaizkio, horiek ere ospe handia eman baitzioten.

Baina, agian, beste guztiaren gainetik, nabarmendu behar genuke rol garrantzitsua bete zuela, beste garaikide batzuek bezala, XIX. mendeko Bizkaiko gizartearen aldeko kontzientzia-hartzean, euren kultura eta nortasunari dagokionez.

Hori horrela, Truebari eta beste erromantiko batzuei esker, gizarteak gertatzen ari zen garapen ekonomiko eta soziala onartzeaz gain, ohartu zen zuela mende asko oinordetzan hartutako tradizioak, ohiturak, ondareak eta hizkuntza defendatu behar zirela. Zalantzarik gabe, euskararen garrantziaren eta euskaldunen berezko idiosinkrasiaren kontzientzia-hartzean (Trueba foruen defendatzaile sutsua izan zen), zeina gerora euskal gizarte osoan zabaldu baitzen, zeresan handia izan zuten egile erromantikoek; eta haien artean, Antonio de Trueba nabarmendu dezakegu.

Hori dela eta, eta bere lanetako asko ñabardura kritiko baten menpe jarri behar ditugula ukatu gabe, Antonio de Truebari eta beste egile erromantiko askori eskertu behar diegu euskal gizarteari eman zioten laguntza, euskararen garrantziaz eta euskal idiosinkrasiaz jabetzeko.

Lotutako artxiboak: