Aurreko Albisteak

Bizkaiko Foru Aldundiak 43.758,70 € bideratu ditu Zaintzaileen Estatutua sustatzera

Gizarte Ekintzako Batzordea

Bizkaiko Foru Aldundiak 43.758,70 euro bideratu ditu guztira Zaintzaileen Estatutua sustatzera. Talde Popularrak eskatuta Isabel Sanchez Robles Gizarte ekintzako diputatuak zehaztu dauenez, dibulgazio kanpainea prentsa idatzian, irratian, zine-aretoetan, telebista kateetan PAO-OPIetan (Publizidadeko Argizko Objektuak), Metro Bilbaon, Euskotrenen eta tranbian egin da.

Kanpaina horrek hiru helburu ditu. Lehenengoa, “zainketen garrantziaren inguruan sensibilizetea”; bigarrena, “zaintzaile informalek egiten daben beharra aintzatestea”; eta, hirugarrena, “estatutuan jasoten diran neurriak zabaltzen laguntzea”.

Neurri horreen artean, joan dan irailaren 27an Zaintza Eskola martxan jarri izana aitatu behar da, lehenengo prestakuntza saioakaz. Une honetan zaintzaile taldeak dagoz prestakuntzea jasoten Zamudion (23 persona), Ermuan (25 persona) eta Sestaon (26 persona). “Esaten ari gara ia 44.000 euro gastau dirala oraindino existiduten ez dan gauza batean”, azpimarratu dau Eduardo Andrés batzordekide popularrak bere txandan. Sustapena “derrigorrezkoa” dala autortu arren, Andrések Diputatu andreari gogoratuazo deutso “oraindino zirriborro bat be ez daukagula, ildo orokorrak emon ebazan prentsa aurreko bat baino ez”.

Gogoeta horregaz bat etorrita, Josean Elguezabal Podemos Bizkaia taldeko batzordekideak “diru publikoko 43.748 euro kea janztera ari garala bideratzen” esan dau. Halanda be, “Foru Aldundiak planteauko dituan proposamen zehatzen” inguruan eztabaidetako prest dagola esan dau Elguezabalek.

Holan, Sánchez Roblesek adierazo dauenez, kanpainara zuzendutako zenbatekoa “ez da larregizkoa”. Zehaztu dauenez, “zaintzaile bakotxarengaitik 2,5 euro baino gitxiago dira eta zaintzaileentzako prestazinoetan inbertiduten dogunaren %0,1 baino gitxiago”.

Juan Otermin batzordekide sozialistak, bere aldetik, bere taldeak “Sailaren lan onaren aurrean” daukan konfiantzea adierazo dau; horrez gain, behar horren gaiztasuna azpimarratu dau, “erritmoak, ahalik eta onenak dirala” esanez.

Bere esku hartzean, Arantza Urkaregi EH Bilduko batzordekideak zalantzan jarri dau proposamenaren goiburuaren egokitasuna “Zuk pertsonak zaintzen dituzu, Bizkaiak zu zaintzen zaitu”, proposamenak ez ditualako kontuan hartzen zaintzaile ez informalak. Ainara Aretxabaleta batzordekide jeltzaleak, barriz, estatutuaren goiburua defendidu dau: “Oso ondo batzen dau kanpainaren helburua, hau da, zaintzaileen beharraren aurrean sensibilizitea eta behar hori aintzatestea”.

EGOITZETAKO ERIZAINTZA ZERBITZUA

Foru Diputatuak Talde Popularraren beste agerraldi eskakizun bati be erantzun deutso. Eduardo Andrés batzordekideak, abuztuan, “mendekotasuna daukien adinekoentzako egoitzatako erizaintza zerbitzuetan izandako gabezien” ingurukoak, “oporrak dirala eta behargin gitxi egon dalako”.

Sánchez Roblesek azaldu dauenez, komunikabideen bitartez informazino hori jaso eta segiduan, bere sailak gai horren inguruan ezelango jakinarazpenik edo eskaririk ez zala egon egiazatu eban. Halanda be, 2018an ofizioz egindako ikuskapenak aztertu ziran, eskatzen dan gitxieneko arreta ratioa betetan ari zan ala ez egiaztetako; horri jagokonez, ikuskapen zerbitzuak ondorioztatu eban urte honetan “ikuskatutako egoitzen artean batean be ez dala egon erizaintza zerbitzuagaz erlazionautako ezelango gertakaririk”.

Halanda be, joan dan irailaren 26an, Foru Aldundiak eskari bi erregistrau ebazan “Bizkaiko egoitza jakin bitan erizaintzako profesionalek egiten daben beharraren ganeko gertakari batzuk aztertzeko”.

Foru Diputatuak taldeei jakinarazo deutsien moduan, “ikuskapen taldeek eskari horreek aztertu ditue orain denpora gitxi”, eta une honetan, “beharrezkoak diran neurriak ezarteko egin beharrekoak egiten ari dira”.