Bizkaiko Foru Aldundiak 450.000 euro bideratuko ditu Euskalduna Zubiko beharrak egiteko

Aldundiko arduradunak, Bilboko Udalagaz koordinauta, Euskalduna Zubiagaz eta joan dan bagilaren 28an izandako gertakariakaz erlazionauta Aldundiak aurrera eroango dauen jarduketa bakotxa zehaztu dau. Zubiko oinezkoen igarobideak itxita jarraitzen dauen arren, Pradalesek adierazo dauenez, txosten teknikoak “ez gagozala ezelango asentamendu arazoren aurrean” dinola esan dau. Hori dala eta, “egoerea egonkortuta” dago.
Zehaztu dauenez, Euskalduna Zubia parte bik osatzen dabe –zubiak eta bertara sartzeko arrapalak– eta biak txapa batek estaldutako hegal formako estalkiaren bitartez dagoz lotuta. Hori dala eta, egun haretan gertautakoa “arazo estetikoa” izan zan, eragina txapak jaso eban eta. Arazo hori, txostenak azaltzen dauenez, “denporaren iragana dala eta gertau ohi diran mobimendu termikoek eta mekanikoek” sortzen dabe.
Arazo estetikoa eta asentamenduen prozesuaren amaierea kontuan izanda, Foru Aldundiak izaera “osagarria eta prebentzinozkoa” daukien hiru jarduketa gauzatuko ditu zubian. Beste ezer baino lehen, pilotatzea Deustuko estribura sartzeko arrapalaren laguntzako hormaren gunean; bigarrena, arrapalako eta zubiko markesinen egokitzea eta konponketea; eta hirugarrena, arrapala gunearen eta estrukturaren artean dagozan junturen konponketea.
Jesus Isasi Talde Popularreko ordezkariak, Nuria Atienza Podemos Bizkaia tadekoak eta Joseba Gezuraga EH Bildukoak, “arazoa estetikoa baino ez bada” ez dabela pilotatzea egin beharra ulertzen adierazo dabe. Arturo Aldecoa Talde Mistoko bozeroaleak gogoratuazo dauenez, Euskalduna Zubia oinarritzen dan lurzorua, “padurea izan zan, eta bere asentamendua nahiko konplexua da”. Hori dala eta, ezelango jarduketarik egin aurretik ahal diran datu guztiak batzeko eskaria egin dau.
Laburrago, Josu Montalban batzordekide sozialistak eskertu egin ditu agerraldi eskariaren azalpenean orain arte ezagutzen dan informazino guztia laburbildu dauen Jesus Isasi ordezkari popularraren eta Ekonomiaren eta Lurraldearen Garapenerako Foru Diputatuaren azalpenak. Mikel Bagan batzordekide jeltzaleak Pradalesek azaldutako informazino guztia berretsi dau, eta Foru Aldundiak, Bilboko Udalagaz lankidetzan, bagilaren 28tik, egin dauen “behar bikaina” balorau dau.
TURISMOA
Saioari amaierea emoteko, Imanol Pradalesek Talde Mistoak turismoaren ganean egin dituan agerraldi eskari biri erantzun deutse. Lehenengoan, Bizkaira erakarri daiteken balizko turismoa eta bisitarien ikuspegia ezagutzeko Aldundiak agindutako marketin planaren ondorioak zehaztu ditu, holan “turismoaren sustapenerako kanpainen garapena bultzatzeko”.
Erresuma Batuan, Italian, Alemanian, Estatu Batuetan, Herbehereetan, Suedian eta Frantziako eta Espainiako estaduetan web galdetegi bat egin ostean, azterlanak baieztu dauenez, batez besteko turistaren soslaia “familiagaz edo bikoteagaz, urtean behin, kostako edo kulturako turismoaren bila bidaiatzen dauen eta unibersidade mailako ikasketak dituen pertsonarena” da. Batez besteko gastua 200 eurotik gorakoa da pertsona bakotxeko “jatorrizko herrialdearen araberakoa dan arren”.
Horrez gain, Pradalesek azaldu dauenez, Bilbo Bizkaia baino gehiago ezagutzen da; horri jagokonez, txostenak erakusten dauenez, alkarrizketea jaso daben pertsonen %40 ez da kontzeptu biak lotzeko gai.
Aurreikusitako jarduketen artean, Foru Diputatuak marketin digitaleko sei kanpaina jarriko dirala martxan azpimarratu dau. Kanpainak oraindino hasi ez diran arren, Bizkaiko turismoak urte honetan izan dauen hazkundea jarri dau balioan Pradalesek. Nabarmendu dauenez, Lurraldeak nazinoarteko %6,6 turista gehiago jaso ditu eta, ganera, bidaia bakotxeko gau bi igarotearen batez bestekora heltzea lortu dau.
Bigarren puntuan, Imanol Pradalesek Itsasontzietako turismoa finkatzeko aurreikusitako jarduketak aitatu ditu. Itsasontzietako turismoan aditua dan lan talde batek diseinau dauen estrategiaren fruitu moduan, aurton 37 gurutzaldik eskala egin dabe Bizkaian, hau da, orain urtebete baino %9 gehiagok. Estrategia horren helburu nagusiak “Bizkaia Atlantikoko ardatzerako sarbide bilakatzea” eta “Bilboko portua Europa mailan erreferente izatea” da.
Sailak 2020ra arte aurreikusten dituan jarduketen artean, beste ezer baino lehen, itsasontzian bertan emoten dan jomugaren ganeko informazinoa eta gurutzaldien terminaleko harrerea hobetzea dago. Horretarako, adierazi dabenez, bulego bat jarri dabe kaian bertan. Bigarrenez, hezkuntza egitasmo irekia eroan gura da aurrera. Eta, hirugarrenez, “gurutzaldien arloko Europa mailako ekitaldi handi baterako” bere hautagaitza aurkeztea aurreikusten dau Sailak.