Aurreko Albisteak

Bizkaiak "zahartzea enplegurako aukera ekonomikoa bilakatzea" bilatu gura dau, Nagusi Intelligence Centerregaz

Bizkaiko Batzar Nagusia

Unai Rementeria Bizkaiko Ahaldun Nagusiak Gernikan gaur egin dan eta legealdiko azkena izango dan Politika Orokorreko osokoan iragarri dauenez, Bizkaiko Foru Aldundiak 20 milioi euro bideratuko ditu datozan bost urteetan Nagusi Intelligence Center (NIC) izenekoa martxan jarteko. “Mundu mailan erreferentziazkoa izango dan zentroak” aukerea emongo deutso Bizkaiari “zahartzearen, Silver Economy izenekoaren, inguruan aukerak sortzeko”.

Gune horrek, Foru Aldundiak urte honetarako definidu dituan hiru erronkei erantzuna emotea bilatuko dau. Lehenengo, zahartzera zuzendutako prestakuntzea bultzatzea; bigarrena, Big Data plataforma bat sortzea, Euskadin zehar sakabanatuta dagozan datu guztiak zentretako xedez.

Eta hirugarrenez, persona nagusien zerbitzura egongo diran teknologia barriak sortzea. Unai Rementeriak azpimarratu dauenez, beharrezkoa da lurraldeari “laborategi aurreratua eskaintzea, osasun arloko produktuak (ospitaletarako eta egoitzetarako) eta sozio-sanitarioak (etxerako) testatzeko eta balioztatzeko eta, modu berean, Lurraldea “haztegi teknologien eta ekipamenduen hornitzaile” bilakatzea.

Modu berean, Bizkaiko Ahaldun Nagusiak iragarri dauenez, Bizkaiko Foru Aldundiak BBVArena izandako eraikina okupauko dau, eta eraikinak Bizkaia Dorrea izena hartuko dau. Unai Rementeriaren berbetan, “Bizkaiaren itsasargi barria” izateko helburua dauka, eta “bere bihotzean” nazinoarteko ekintzailetza zentroa jasoko dau, “Aldundia eta Bilboko Udala alkartuko dituan asmo handiko proiektua”. Bere berbaldian, azken urte honen eta bere Gobernuaren kudeaketaren balantzea be egin dau. Enpleguari jagokonez, Ahaldun Nagusiak bere gobernuak jarduera ekonomikoaren eta enpleguaren alde egin dauen apustua baloratu dau eta, gai horregaz erlazionauta, lan barik dagon pertsona kopuruaren beherakadea azpimarratu dau. Adierazo dauenez, “abuztua 5.000 lanbako gitxiagogaz itxi genduan”. Modu berean, Bizkaian 31 enpresa barri ezarri dirala eta 1.351 enpresa txiki eta ertaini laguntzea emon jakela azpimarratu dau.

Turismoak eta Bizkaian egin eta egingo diran ekitaldi handiek “urte errepikaezina” bilakau dabe 2018a. Ahaldun Nagusiak azaldu dauenez, Bizkaiak gainditu egin dau barriro bere bisitari errekorra; Loiuko aireportuak ia lau milioi bidaiari jaso ditu urte honetan, bukatzeko asko falta dan arren, eta hamar turistetatik lau atzerritik etorri dira.

Halanda be, Unai Rementeriak gogoratuazo dau urte hau “arazoak izan dituan urtea be izan dala”. Lehenengoa, Lagundu Bako Adinbako Atzerritarrena (LBAA-MENA); horri jagokonez, “Bizkaia solidarioa izan dala eta dala nabarmendu dau, baina ahal dauen punturaino”. Bigarren arazoa tokiko merkataritzarena da; horri jagokonez, Ahaldun Nagusiak erronka bat bideratu deutse bertaratutako guztiei: “Bat izatea: Bizkaiko merkataritza, kalidadezkoa, hurbila eta lehiakorra”.

Harmailatik iragarri dituen beste jarduketa batzuen artean, Rementeriak “Geroa bizkaitar bat” eskatu dau, enplegurako Borondatezko Gizarte Aurreikuspenerako Erakundea (BGAE-EPSV) “Bizkaiko behargin guztientzat”, gaur egungo prestazino sistemea osatzeko. Garraioari jagokonez, Ahaldun Nagusiak proiektu bi azpimarratu ditu “Lurraldearen konektibidadearen eta bizitza kalidadearen etorkizunerako”: alde biak lotuko dituan itsasadarraren azpiko tunela eta Supersur izenekoaren bigarren fasea. Hondakinen tratamentua eta ingurumenaren zainketea be etorkizunerako helburuak izango dira.

OPOSIZINOKO TALDEAK

Arturo Aldecoa Talde Mistoko bozeroalea izan da taldeen esku-hartze txandea zabaldu dauena. Azkenengo urtean gobernu taldeak lortu dituan arrakastetan Ahaldun Nagusiagaz bat etorri dan arren, batzarkideak “puntu ahulen azterketa txikia” egitea aukeratu dau. Beste gauza batzuen artean, Bizkaiak Petronorren eta Iberdrolaren“ larregizko mendekotasuna” daukala adierazo dau Aldecoak: “Alde batetik suertea da, baina puntu ahula be bada”.

Beste alde batetik, zahartzearen gaia lantzeko xedez, Arturo Aldecoak jaiotzeak sustatzeko eta gizartea gaztetzeko neurriak martxan jartea proponidu dau.

Javier Ruiz Talde Popularreko bozeroaleak oposizinoak Batzarretan egin dauen beharra goraipatu dau: “Oposizinotik borondate ona egon da Gobernuagaz akordioak lortzeko”. Bere berbaldian, Ruiz kritiko agertu da Ahaldun Nagusiagaz, eta osokoak “bere publizidaderako plataforma moduan” erabiltzea aurpegiratu deutso. Modu berean, bozeroale popularrak gardentasun eta soiltasun faltea leporatu deutsaz Foru Aldundiari.

Halanda be, alderdi positiboek be lekua izan dabe bere berbaldian. Bozeroalea ekintzailetzarako nazinoarteko zentroa sortzearen alde agertu da, “Bizkaia finantza arloko erdigune bilakatu ahal izateko”. “Bizkaiak bizkaitar guztientzat aukera berberak eskaintzea gura dogu”, esan dau Javier Ruízek, amaitzeko.

GIZARTE ARLOKO GITXIENGOA

Neskutz Rodríguez Podemos Bizkaia taldeko bozeroaleak Bizkaiko gitxiengo sozialerako gobernetea aurpegiratu deutso Ahaldun Nagusiari. Batzarkideak, azpiegitura handien aurrean garraio publikoari lehentasuna emon ez izana aurpegiratu deutso Unai Rementeriari; “ekologiaren ikuspegitik iraunkorra izango dan Bizkaiaren, bioaniztasunaren eta talde ekologisten proposamenen” aldeko apustua egin ez izana; instituzionalizauta ez dagon kultur ereduaren aldeko apustua be egin ez izana; ezta “uriak eta herriak deshumanizatuko ez dituan turismo eredu jasangarriaren” aldekoa be.

Orain hilebete batzuk egin eban moduak, Neskutz Rodríguezek errepikau egin dau Bardintasunerako Foru Arauaren aurreko kritikea, soft law dala esanda. Bozeroaleak “burdinazko meategiak ustiatzen ebazan gitxiengo elitistaren oinetakoak jarri beharrean gizarteko gehiengoaren zapatak jarteko” eskatu deutso Rementeriari.

GIZARTE ARLOKO MOBIMENDUAK

EH Bildu taldea ordezkatuz, Arantza Urkaregi bozeroalea bat etorri da Rementeriagaz harek esandako gauza batzuetan: “2018. urtea ikusgarria izan da”. Bere taldearen eretxiz, “mobimendu feminista, pentsiodunen mobimendua eta errefuxiatuen eskubideen aldeko mobimendua dirala eta, 2018. urtea ikusgarria izan da”; hori dala eta, bere politikak emakumeengan, pentsiodunengan eta migranteengan zentrau ez izana aurpegiratu deutso Foru Aldundiari.

EH Bilduko bozeroaleak Bizkaian aurrera eroan beharreko politiken diseinuan eta definizinoan herritarrek parte hartu ez izana be kritikau dau. Urkaregik, “itxuraz herritarrentzat eginda dagon baina herritarren partaidetza barik egin dan politikea” dala esan dau. Lehentasunak, EH Bilduren eretxiz, “Bizkaiko egitura ekonomikoa finkatzea, politika industriala bizibarritzea eta enplegu duina sortzea” dira; horretarako, Urkaregik, “Bizkaiko industria egiturea indartuko daben eta kalidadeko enplegua sortuko daben” neurriak hartu beharra azpimarratu dau. Enplegu publikoa sortzea izango litzateke, Urkaregik adierazo dauenez, “enplegu duina sortzeko bide eraginkorrena”.

BIZKAIA HOBEA

Foru Gobernua eusten daben taldeek –EAJ-PNV eta PSE-EE– euren berbaldiak legealdi honetan Bizkaian gauzatu diran jarduketetan zentretea aukeratu dabe.

PSE-EE taldearen partaidetzea izan daben jarduketak izan dira, Ekain Rico bozeroaleak gogoratuazo dauen moduan, orain hiru urte

EAJ-PNV taldeagaz sinatu eban Programa eta Gobernu Akordioari esker. Jarduketen barrikuspen horretan, Ricorentzat “garrantzi berezia” euki dabe bere taldeak bultzatutakoek. Horreen bitartez, bere taldeak “jaso ebana baino Bizkaia hobea itzuli gura deutse bizkaitarrei”.

Jarduketa horreen guztien artean, Ekain Ricok Bardintasunerako Foru Araua azpimarratu dau; Teresa Laespada diputatu sozialistaren saila buru izan dauen “gertakari historiko” horrek “gauza guztietan bardintasunaren begiradea jartea dakar”. 2019rako erronka nagusietakoa Arauaren garapena izango da.

Talde sozialistaren “lehentasunezko helburua” mobikortasun iraunkor ereduaren garapena izango da barriro be. Horretarako “tresna pribilegiatua” eukiko dau, Bizkaiko Garraio Publikoaren 2018 – 2028 Plan Estrategikoa, hain zuzen be.

EAJ – PNV taldea ordezkatuz, Jon Atutxa bozeroaleak esan dau “argi eta garbi” daukala “2018ko Bizkaia 2017koa baino hobea dala”. Atutxak adierazo dauenez, oso pozik dago “aurrerantz, etorkizuneko ikuspegiagaz begiratzen dauen foru gobernu indartsua” dagolako.

Bozeroale jeltzaleak, zahartzea enplegurako aukerea bilakatzeko Aldundiak egin dauen apustua aitatu dau, “zahartzea gastuagaz lotu beharrean, ekonomia bultzatzeko eta etorkizunean enplegu gehiago sortzeko sektore barri moduan ikustea” eskatuz. Modu berean, Atutxak balioan jarri ditu Foru Aldundiko kontratazinoan gizarte arloko klausulak sartu izana eta Bizkaian ekitaldi handiak jaso izana. Azken puntu horri jagokonez, “Bizkaia erakusleihoan jarteak munduagaz lotzen gaituela eta danontzako aukera gehiago sortu daikezala” esan dau, “konpartidutako aukerak”, hain zuzen be.

ADINBAKOAK ETA MERKATARITZEA

Batzarkide jeltzalea bat etorri da Rementeriagaz, LBAA-MENA izenekoek eta merkataritzak sortzen daben ardurari jagokonez. Lehenengo gaiari jagokonez, Atutxak adierazo dauenez “Batzar honetako batzarkideak modu diskretuan aurrera eroaten ari diran beharraren aurrean erabateko konpromisoa daukagu”. “Merezi dau, adinbakoaren onerako”, gehitu dau. Tokiko merkataritzari jagokonez, bozeroaleak gogoeta pertsonala egitea eskatu deutse herritarrei: “errazena, erosoena, azkenean ez da zertan beti onena izan behar. Gure esku be badago”.

APUSTU ESTRATEGIKOAK DANONTZAT

Bere esku-hartzea ixtean, Atutxak “proposamen horreen protagonista” izateko gonbitea luzatu deutse bizkaitarrei. Modu berean, oposizinoko alderdiei zuzenduta, “gobernua-oposizinoa dialektikea apurtzeko” eskatu deutse, proposamenak konpartiduz, gehituz eta hobetuz.

GONBIDATUAK

Legealdiko Politika Orokorreko azkenengo Osoko horretan, Osokoen Aretoaren goikaldean, Euskadiko ia alderdi politiko guztien ordezkariak egon dira. Beste pertsona batzuen artean bertan egon dira Itxaso Atutxa EAJ-PNVko Bizkai Buru Batzarreko presidentea; Mikel Torres Bizkaiko PSE-EE alderdiko idazkari nagusia; Jasone Agirre EH Bilduko legebiltzarkidea; eta Raquel González Bizkaiko PPko presidentea.