Aurreko Albisteak

Foru Aldundiak zenbatu dauenez, udan 2.666 persona etorri dira Bizkaira Sahara azpiko Afrikatik

Enplegu, Gizarteratze eta Berdintasun Batzordea

Bizkaiko Foru Aldundiak zenbatu dauenez, urte honetako bagilaren 20tik irailaren 19ra, 2.666 persona heldu dira Bizkaira Sahara azpiko Afrikatik. Holan baieztatu dau Teresa Laespada Enplegu, Gizarteratze eta Berdintasun Foru Diputatuak gaur goizean batzordearen aurrean egindako agerraldian, EH Bildu taldeak eskatuta, errefuxiatuen iritsierea dala eta bere Sailak emondako laguntzaren ganean berba egiteko.

Persona horreek, zehaztu dauenez, “gehienetan helmugea Frantzian eta Belgikan daukan migrazino proiektuagaz” heldu dira Bizkaira. Hori dala eta, “igarote migrazinoa migrazinoaren fenomenoaren beste tipologia bat dala” nabarmendu gura izan dau. Laespadak zehaztu gura izan dauenez, garagarrilaren 9tik arlo hori Eusko Jaurlaritzaren eskumena bada be, Foru Aldundiaren konpromisoa “bere erantzukizuna eskumenak gaindituta betetea da”. Hori dala eta, Andaluziara pateran heldutako persona talde bat Bizkaira heldu behar zala eta bagilaren 20an Aldundiak jaso eban dei baten ondorioz, bere Sailak hainbat jarduketa jarri ditu martxan. Ekintza horreen helburua, “gizarteratzearen esparruaren barruan dagon erantzun azkarra eta profesionala emotea” izan da.

Alde batetik, Laespadak adierazo dau “komunikazino arina eta etenbakoa” izan dauela Espainiako Gobernuaren Emigrazinorako eta Inmigrazinorako Estaduko Idazkaritza Nagusiagaz eta Inmigrazinorako eta Giza Arretarako Zuzendaritza Nagusiagaz, alkarregaz behar egiteko. Horrez gain, estrategia komuna jarri da martxan Bilboko Udalagaz, “heltzen ari ziran personei lehen harrerea eta eguneko eta gaueko arretea eskaintzeko dispositiboa” martxan jarteko.

Jarduketa azpimarragarrienetakoa, Eusko Jaurlaritzak, Bizkaiko Foru Aldundiak, Bilboko Udalak eta arlo horretan adituak diran gizarteratze arloko erakundeen arteko mahaia eratzea izan da. Erakunde horreen artean Gurutze Gorria, CEAR eta Munduko Medikuak dagoz, beste batzuen artean. Mahaiaren helburua erantzun koordinaua emotea da.

Aurrekontuei jagokenez, Teresa Laespadak “erakundeen arteko mahaian ezarten diran konpromisoak aurrera eroan ahal izateko beharrezkoa dan aurrekontuetako partidea ezarteko” konpromisoa erakutsi dau.

“Emoten dau igarote kontzeptu horrek errealidadeagaz bat ez datozan jarduketa falta batzuk justifiketako balio dauela”, erantzun dau Josu Unanue EH Bilduko batzordekideak bere berbetako txandan. Batzordekideak adierazo dauenez, bere taldeak bersino bi ari dala jasoten sentiduten dau: “Iruditzen jaku bat administrazinoaren bersinoa dala, eta bestea errealidadea”. Eneritz de Madariaga Podemos Bizkaia taldeko batzordekidearen eretxiz, Sailak hilebete horreetan aurrera eroan dauen jarduketea “hutsa izan da”. Ganera, De Madariagak “auzokideen mobimenduen partaidetzea baztertu izana” aurpegiratu deutso Foru Diputatuari.

Eduardo Andrés batzordekide popularra, barriz, ados agertu da “errefuxiatuaren” eta “igaroteko bidean dagonaren” arteko bereizketeagaz. Arturo Aldecoa Talde Mistoko bozeroalea, personak itzultzeko Frantzian emoten ari diran prozesuetan zentrau da. Batzordekide biek erakunde guztiek gai horri batera ekin behar deutsiela azpimarratu dabe.

Juan Otermin sozialistaren berbetan, Bizkaiak “arazo larria dauka, eta modu koordinauan erantzun behar deutsagu”. Bere eretxiz, horretarako beharrezkoa da “guztiok ibilpide orri berean egotea”. Horri jagokonez, Oterminek “alkartasuna ez dala nahikoa” argitu dau, “eukia emon behar jakola”. Ildo berean, Jane Eyre Urkieta batzordekide jeltzaleak “kontu handia eskatzen dauen errealidadea bizi izan dogula eta oraindino bizi dogula” gogoratuazo dau; ganera, eskerrak emon gura izan deutseez erakunde guztiek, eta argi itzi gura izan dau “horrek ez dauela gizarte zibila albo batera itzi dala esan gura”.

ENPLEGURAKO ANEZKAK

Enplegu Foru Diputatuak, une honetan Anezka programea osatzen daben 17 enplegu anezketako partaide diran personen laneratzearen ebaluazinoa eginez ireki dau saioa. 2016an martxan jarri zanetik gaur egunera arte, 347 personak –227 emakumek eta 120 gizonek– hartu dabe parte anezkaren batean. Aldundiko arduradunak zehaztu dauen moduan, urte bi horreetan lortu dan laneratze ehunekoa %58,79koa izan da. Horrez gain, beste lau anezkarako deialdia zabalik dagola iragarri dau.

ESKU-HARTZE ARLOKO V. HITZARMENA

Teresa Laespadak orain hilebete batzuk Bizkaiko Esku-Hartze arloko V. Hitzarmenaren ganean esandakoa berretsi dau. EH Bilduk egindako agerraldi eskariari erantzunez, Foru Diputatuak “gizarteratze arloko hitzarmenaren negoziazinoa patronalaren eta sindikatuen arteko eskumen esklusiboa dala” adierazo dau. “Aldundiko Gobernutik patronalaren eta sindikatuen arteko akordio azkarraren alde egiten dogu behar, horrek zerbitzuen kalidadea eta gizarte arloko bakea ekarriko ditualako”, gehitu dau.

HOUSING FIRST PROGRAMEA

Eguneko gai zerrendea Teresa Laespada Foru Diputatuaren azkenengo esku-hartzeagaz osatu da. Puntu horretan, Aldundiko arduradunak Housing First Programearen balorazinoa egin dau, Talde Popularrak eskatuta. Etxerik ez daukien personen egoereari erantzuteko helburua dauen programa horrek 20 erabiltzaile ditu gaur egun –7 emakume eta 13 gizon–. Urteko 250.000 euroko aurrekontuagaz, Zubietxea alkartea da programea aurrera eroatearen arduraduna.