Aurreko Albisteak

Bizkaiko Politika Orokorreko osokoa astelehenean, irailaren 24an, egingo da Gernikan

Unai Rementeria, Ahaldun Nagusia

Bizkaiko Batzar Nagusiek X. Legealdiko Politika Orokorreko hirugarren osokoa egingo dabe astehelenean. Aldundiak berak eskatuta, eta Ana Otadui Batzar Nagusietako presidenteak proposamena Mahaiko kideei eta Bozeroaleen Batzarrari jakinarazo ostean, Lurraldeko 51 ordezkariak osoko saiora deitu ditu Gernikako Batzarretxean. Unai Rementeriak Bizkaiko Foru Aldundiaren buru moduan egin dauen kudeaketaren eta gobernu ekintzaren etorkizuneko orientazino politikoaren inguruan zentrauko da.

Saioa, aurreko legealdietan Bizkaiko Ahaldun Nagusiaren Jente Aurreko Adierazpena izenez ezagutzen zanagaz hasiko da. Bere azalpenerako ordu bi izango dituan Rementeriaren berben ostean, Batzarretako sei taldeek, ordubeteko atsedenaldiaren ostean, gehienez be 30 minutuko txandea eukiko dabe Bizkaiko Aldundiko arduradun nagusiari erantzuteko, Batzarretako arautegiak marketan dauen moduan.

Saioak Ahaldun Nagusiaren erantzunagaz jarraituko dau, eta horren ostean, Batzarretako taldeak barriro arituko dira, ordezkaritza gitxien daukanetik gehien daukanera (Mistoa, Bizkaiko Talde Popularra, Podemos Bizkaia, Euskal Sozialistak, EH Bildu eta Euzko Abertzaleak). Talde bakotxak 10 minutu izango ditu Rementeriari erantzuteko.

Eztabaidea amaitu ostean, sei taldeek 48 orduko epea eukiko dabe irailaren 28an beste osoko batean eztabaidatuko diran Ebazpenerako Proposamenak aurkezteko. Mahaiak, eztabaidaren xedeagaz bateragarri diran ekimen guztiak onetsiko ditu tramitera.