Aurreko Albisteak

Garraio Foru Diputatu barriak, "gardentasunean", "iraunkortasunean" eta "lurraldearen antolamenduan" oinarritu dau bere Sailaren nondik norakoa

Garraio, Mugikortasun eta Lurraldearen Kohe. Batz.

Joan dan garagarrilean karguaz jabetu ostean, Miguel Ángel Gómez Viar Garraio, Mugikortasun eta Lurraldearen Kohesinorako Foru Diputatu barria jagokon batzordearen aurrera etorri da lehen aldiz gaur goizean. Beste gai batzuen artean, Aldundiko arduradunak bere Sailetik aurrera eroatea aurreikusten dituan lehentasunezko proiektuak eta jarduketak azaldu ditu, Talde Mistoak eta Talde Popularrak eskatuta.

Taldeen aurrean, Gómez Viarrek “PSE-EE / EAJ-PNV Gobernu Akordioaren barruan aurreikusitako proiektu estrategikoei jarraipena emoteko eta bukatzeko” konpromisoa erakutsi dau. Proiektu horreek, zehaztu dauenez, hiru ardatz estrategikoren barruan dagoz: gardentasuna, eraginkortasuna eta gertutasuna; mobikortasun iraunkorra; eta eskualdeen garapena eta lurraldearen kohesinoa.

Beste gauza batzuen artean, Garraio Foru Diputatuak balioan jarri ditu partaidetzan oinarritutako prozesuak eta herritarrakaz hartu emonak izateko bideak. Modu berean, bere Sailak iraunkortasunagaz daukan konpromisoa adierazo dau; holan, Gómez Viarrek baieztu egin dau beste hiru autobus hibrido sartuko dirala Bizkaibuseko flotan 2019rako, 2018rako aurreikusita dagozan hamaikaz aparte. “Gure konpromisoa, Bizkaian garraio publikoaren erabilerea bultzatzen jarraitzea da, gizartearen aldetik arduratsua, ekonomiaren ikuspegitik bideragarria, teknologiari jagokonez aurreratua dan, ingurumenagaz konpromisoa daukan eta segurua eta kalidadekoa izateaz aparte erabiltzaileari begiratzen deutsan ereduan oinarrituta”, adierazo dau.

Euren txandatan, oposizinoko taldeetako ordezkariek alderdi bakotxaren lehentasunak eta ardurak jakinarazo deutseez Foru Diputaturi. Arturo Aldecoa Talde Mistoko bozeroaleak Bizkaibusen markesinak aztertzea eta, beharrezkoa bada, ordezkatzea eskatu dau. Jesús Isasi Talde Popularreko batzordekideak, bere taldeak gaur aztertuko dauela Diputatuak azaldu dauena adierazo dau. Podemos Bizkaia taldeko Nuria Atienzaren eretxiz, Sailak “ez dau ibilgailu elektrikoen aldeko apustua egiten”. “Gure eretxiz, mobikortasun iraunkorra pixka bat herren geratzen ari da”, adierazo dau batzordekideak. Zigor Isuskiza EH Bilduko ordezkariarentzat, barriz, gai garrantzitsuena eta bere taldean ardura handiena sortzen dauena tarifen integrazinoarena da. Horrez gain, “sindikatu guztiakaz izan beharreko hartu emonean gehiago sakontzen ahalegintzea” eskatu deutso Foru Diputatuari.

Gobernua eusten daben taldeen aldetik, Ekain Rico bozeroale sozialistak, partaidetzan oinarrituta Lurraldeko Plan Partzialagaz Sailetik aurrera eroan dan prozesua jarri dau balioan: “Informazinoan oinarritutako partaidetza aktibo horrek esfortzu garrantzitsua eskatu dau”. Bozeroale sozialistak “munduko suerte guztia” opatu deutso Gómez Viarri, “zure suertea Bizkaiko biztanle guztientzat mesedegarria izango da eta”.

Celia Gómez jeltzaleak, bere aldetik, Sailak ezarri dituan helburuak lortzeko orduan bere taldearen lankidetzea eukiko dauela helduarazo gura izan deutso Diputatu barriari: “beti egin dogu behar gure Lurraldean kalidadeko garraio publiko sistemaren alde eta Bizkaiko lurralde kohesinoa hobetzeko, eta bide horretan gure esfortzua eta laguntasuna eukiko dozuz beti ondoan”.

MOBIKORTASUN URRIA DAUKIEN ERABILTZAILEAK

Eguneko gai zerrendako bigarren puntuan, Podemos Bizkaia taldeak “arrapalen edo igogailuen sarbide sistemen akatsak dirala eta Bizkaibusa hartu ezinik geratzen diran eta mobikortasun urria daukien erabiltzaileentzako konpentsazino neurrien” ganean itaundu deutso Garraio Foru Diputatuari.

Horri jagokonez, Gómez Viarrek esan dau bere Saila Irisgarritasunerako Jarraibide batean dabilela beharrean “Zerbitzuko Eskuliburuaren jagokon atala handituko dauena, arrapalen funtzionamentu egokirako eta ahalik eta matxura gitxien egoteko helburua lortzeko”. Jarraibideak, gidaritzako eta ikuskaritzako beharginentzako prestakuntza plana jasoteaz aparte, enpresa kudeatzaileei mekanismo horreetan proba sistematikoak egitea eskatzen deutse, prebentzinozko helburuakaz.

Daborduko hartuta dagozan neurrien artean, autobusetan jarriko diran arrapala independente biak azpimarratu behar dira. Bat automatikoa izango da, eta hotsezko eta argizko seinalea eukiko dau funtzionetan dagon bitartean, eta gelditzeko txirrina kanpoan eta barruan. Eta bestea, eskuz eragindakoa, gehigarria, automatikotik guztiz modu independentean funtzionauko dauena.

AUDITORETZA EMB EMAKIDADUNARI

Beste alde batetik, Nuria Atienza Podemos Bizkaia taldeko batzordekideak, orain zazpi hilebete Vicente Reyes aurreko Foru Diputatuak esan ebanez egiten ari zan EMB emakidadunaren auditoretzaren ganean galdetu deutso Foru Diputatuari. Gómez Viarrek azaldu dauenez, “zerbitzuak eskaintzen dauen arretea guztiz egokia da”, eta gaur egun emakidadunaren diru-sarrerak eta gastuak doitzeko azterketea ari da egiten. Erantzun horren aurrean, Podemos Bizkaia taldeko batzordekideak “ahoa zabalik” geratu dala esan dau, eta “bere betebeharrak ez betetea” leporatu deutso Sailari.

A3339 LINEA: GURUTZETA/ BARAKALDO/AREETA

Laugarren esku-hartzean, Garraio, Mugikortasun eta Lurraldearen Kohesinorako Foru Diputatuak adierazo dauenez, aurtongo udan erakutsi dauen arrakastea ikusi eta gero, datozan uda garaietan be A3339 lineak zerbitzua emongo dau. Horrez gain, Nuria Atienza Podemos Bizkaia taldeko batzordekideak aitatu dituan arazoei erantzunez, Gómez Viarrek esan dau arazo horreek modu desegokian aparkauta egozan ibilgailu partikularrek eragindakoak zirala. Horretarako, “gelditzeko lekua handitu eta edukiontzi batzuk lekuz aldatu” dira.