Aurreko Albisteak

Bizkaiko Batzar Nagusiek euren alkartasuna erakutsi deutsie RASDi, emakumeen higiene eta osasun baldintzak hobetzera zuzendutako egitasmoa onartuz

Bizkaiko Batzar Nagusiek lankidetzarako hitzarmena sinatu dabe gaur goizean Lankidetzarako Tokiko Euskal Erakundeen Alkarteagaz - Euskal Fondoagaz, Saharako Arabiar Errepublika Demokratikoan (RASD) gizakien aldeko eta garapenerako ekintzak gauzatzeko.

Akordio horretan oinarrituta, Batzar Nagusiek 60.000 euro bideratuko ditue 2018ko ekitaldi honetan Aaiun-eko Wilaya osatzen daben dairatako emakumeentzako 1.000 pakete higieniko erosteko, bialtzeko eta banatzeko. Leku horreek Tinduf uriaren ondoan dagoz, Aljeria mendebaldean, Mauritaniako, Marokoko eta Mendebaldeko Saharako mugatik gertu.

Guztira, 15 eta 17 urte arteko 1.000 emakume eta euren zuzeneko senideak izango dira paketeen onuradunak. Paketeek, beste gauza batzuen artean, hau eukiko dabe: konpresak, tanpoiak, toailatxo hezeak, bainurako jela, hortzetako pasta, hortzetako eskuila eta orraziak.

Hitzarmena gaur goizean sinatu dabe Maite Etxebarria Euskal Fondoko presidente eta Abantoko alkateak eta Ana Otadui Bizkaiko Batzar Nagusietako presidenteak Bizkaiko Batzar Nagusietako Bilboko egoitzan. Azken horrek “Bizkaiko Batzarrek Sahararen kausari eta Saharako herritarren zapaldutako eskubideei emoten deutsien aho bateko laguntza politikoa eta instituzionala” azpimarratu ditu. Bertan egon dira, baita be, Begoña Gil Mahaiko Lehenengo Presidenteordea; Joseba Gezuraga Mahaiko Bigarren Presidenteordea; Elsa Pamparacuatro Bigarren Idazkaria; Abdulah Arabi Fronte Polisarioak Euskadin dauen ordezkaritzako kidea; eta Amaia Elorza Euskal Fondoaren Saharako Koordinazino Unitateko teknikaria.

Batzar Nagusietako presidenteak, euskal biztanleek “bertako erakundeak buru dirala eta alde ideologikoak edo politikoak baztertuta”, Saharako Arabiar Errepublika Demokratikoaren aurrean azken urteetan erakutsi daben alkartasuna gogoratuazo dau. Beste gauza askoren artean, Presidenteak Euskadiko familia askok Saharako umeak jasoten dituela eta Bizkaiko Batzar Nagusietako ordezkaritza batek Saharako errefuxiatuen eremuak bisitau ebazala azpimarratu dau.

Euskal Fondoko presidente eta Abantoko alkateak, Saharako herritarren egoeraren aurrean Euskal Fondotik dagon konpromisoa azpimarratu dau. Maite Etxebarriaren berbetan, gaur berretsi dan hitzarmenak, alkartearen jarduteko ildoa osatzen daben funtsezko helburu biri erantzuten deutse.

Alde batetik, “Mendebaldeko Sahara azkenengo hamarkadatan jasaten ari dan ahanzturaren errealidadea adierazotea”; eta bestetik, “Tindoufeko kanpalekuetan errefuxiatuta dagozan milaka personak bizirik irauteko jasan behar daben errealidade gogorra leuntzeko funtsezko ekarpena egitea”.

EGITASMOA GAUZATZEKO AKORDIOA

Horren ostean, Euskal Fondoaren eta Fronte Polisarioak Euskadin dauen ordezkaritzaren arteko akordioa sinatu da, egitasmoa lankidetzan gauzatu ahal izateko. Oraingo honetan Fronte Polisarioak Euskadin dauen ordezkaritzako Abdulah Arabi kidea eta Maite Etxebarria Euskal Fondoko presidentea izan dira testua sinatu dabenak.

Dokumentu horrek Aaiun-eko Wilayan egitasmoa gauzatzeko aukerea emoten deutso Euskal Fondoari, Euskadiko Saharako Ordezkaritzagaz eta Saharako Iretargi Erdi Gorriagaz lankidetzan.

Abdulah Arabik bere eskerrona erakutsi deutse Bizkaiko Batzar Nagusiei eta Euskal Fondoari: “Alkartasun hau eskertzeko eta aintzatesteko berbak baino ez daukaguz”. Fronte Polisarioak Euskadin dauen ordezkaritzako kideak adierazo dauenez, alkartasun hori “beste Autonomia Erkidego batzuetako gobernuek jarraitu beharreko eredua da”.

AURREKO HITZARMENAREN BALANTZEA Bizkaiko Batzar Nagusiek eta Euskal Fondoak urtebete baino gitxiagoan sinatu daben alkarlanerako bigarren hitzarmena da. 2017ko abenduan, Bizkaiko Batzar Nagusiek, Saharako errefuxiatuak dagozan kanpalekuetan garraioa hobetzeko alkarteak aurrera daroan lanera 60.000 euro bideratzeko akordioa sinatu eben.

Bederatzi hilebete geroago, Euskal Fondoko presidenteak zehaztu dauen moduan, ibilgailuak konpontzeko ordezko piezak bialtzea lortu da, eta gaur egun gasolindegi bat eregiten ari dira askatutako lurraldeetan. “Proiektu hori guztiz beharrezkoa da kanpalekuetan bizi diran Saharako biztanleentzat, garraio sistema barik ezinezkoa dalako elikagaiak, ura eta bestelako laguntzak banatzea”, gogoratuazo dau Euskal Fondoko presidenteak.