Aurreko Albisteak

Bizkaiko Lurralde Historikoko Kooperatiben Araubide Fiskalaren ganeko Foru Arau Proiektuak ez dau eragin ekonomikorik izango

Ogasun eta Ekonomia Batzordea

Jose María Iruarrizaga Ogasun eta Finantzetako foru diputatuak Bizkaiko Lurralde Historikoko Kooperatiben Araubide Fiskalaren ganeko Foru Arau Proiektua aurkeztu dau gaur goizean Bizkaiko Batzar Nagusietako Ekonomia eta Ogasuneko Batzordearen aurrean, EH Bildu eta Podemos Bizkaia taldeek eskatuta. Bere agerraldian Iruarrizagak argitu dauenez, “Gure Lurralde Historikoko Kooperatiba Alkarteen araubide bereziaren eta 2014tik indarrean dagon Soziedadeen araubide orokorraren arteko integrazino hobea eragiten dauen erreforma teknikoa eta erabilitako arauzko teknikaren eguneratzea da”. “Ez dau ezelan aldatzen kooperatibek Bizkaian daukien zerga tratamentua”, adierazo dau.

Modu berean, 54 artikuluk osatzen daben Foru Arau Proiektu horrek “modu argian eta bananduta” arautuko dau zerga ondoreetarako babestu moduan izendatutako kooperatibei jagoken tributazinoa eta kalifikazino hori ez daukienei edo galdu dabenei jagokena. Iruarrizagak azaldu dauenez, idazteko orduan erabili dan testuak lengoaiari jagokon barrikuspen sakona be jasoko dau, “genero ikuspegia integretako”, gaztelaniazko bertsinoan batez be.

Taldeen txandan, Eneritz de Madariaga Podemos Bizkaia taldeko batzordekideak, “erakunde publikoek kooperatiben defentsan bete behar daben lekuaren ganean gogoeta egiteko beharra” azpimarratu dau. EH Bilduko Arantza Urkaregi Foru Arauaren tramitazinoa aurrera eroatearen kontra agertu da “ez dagolako benetako txosten ekonomikorik”. Horri jagokonez, Ogasun eta Finantzetako foru diputatuak, ez dala koantifikazinorik behar azpimarratu dau barriro, Foru Arau Proiektuak “ez dauelako eragin ekonomikoa izan daikean neurririk jasoten”.

Foru Gobernua eusten daben taldeen aldetik, Isabel Cadaval sozialistak, “kooperatiba alkarteentzat dagon zerga arautegi esparruaren goitik beherako barrikuspena” egitearen garrantzia azpimarratu dau, alde batetik euren zerga araubide berezia 2014tik indarrean dagon Soziedadeen araubide orokorragaz integretako eta, bestetik, “egituraren ikuspegitik eukia egokitu ahal izateko”.

Bukatzeko, Jesus Lekerikabeaskoa jeltzalearen eretxiz, Bizkaiko Foru Aldundiko Ogasun eta Finantza Sailak egin dauen beharra “egokia” da. “Alde batetik, kooperatiben ikuspuntura egokitzen da, eta, bestetik, 1997tik egin diran aldaketak ordenatu egiten dira”, azaldu dau batzordekideak.