Bizkaiko Batzar Nagusietako Presidenteak aurton Mentatlon Bilbao kirol ekitaldian parte hartzen daben hamar ordezkaritzak jaso ditu Gernikako Batzarretxean
Gernikako Arbolaren azpian, Bizkaiko Batzarretan bertan, emon jako hasierea, Batzar Nagusietako Presidentearen berbetan “motibazinoa, sakrifizioa, entregea, norberaren burua gainditzea eta esfortzua” batzen dituan kirol ekitaldiari.
Hirugarren urtez jarraian, AVIFES alkarteak (Buruko Gaixotasuna daukien Personen eta Senideen Bizkaiko Alkartea) antolatu dauen Mentatlon Bilbaok hamar autonomia erkidegoko atletak alkartuko ditu, “buruko gaixotasuna bizitzaren parte eta kirolaren parte be badala erakusteko” helburuz, Jose Ignacio Martinez Menaya AVIFESeko presidenteak azaldu dauen moduan.
Bizkaiko Batzar Nagusien ordezkari gorena izanda, Ana Otaduik erakunde horrek euren kausari emoten deutson laguntzea erakutsi gura izan dau: “buruko gaixotasunen ganeko klixe faltsuak apurtzen lagundu gura dogu, buruko arazoak daukiezan personen ganeko iraganeko estigmak alde batera itzi eta daborduko egunero gero eta normalagoa danaren normalizazinoan aurrera egin”.
“Gutako inor ez gagoz gure bizitzan buruko gaixotasuna edo arazoa izatetik libre”, gogoratuazo gura izan deutse Presidenteak bertan batu diran personei.
“Seguru nago lehiatzeko eta gozatzeko gogo handiz zatoze, baina, batez be, guztion etsaiari irabazteko gogoz: estigmari”, adierazo dau AVIFESeko presidenteak, partaideei alkartasuna, adiskidetasuna eta gizarteratzea “gure marka onena” bilakatzeko konbitea eginez. Batzar Nagusietako Presidenteak gidauta, ordezkariek eta AVIFESeko kideak Foru Batzarretako egoitzaren leku garrantzitsuenak bisitau ditue, eta hobeto ezagutu ahal izan dabe Bizkaiko Batzar Nagusien historia (Euskadi kanpotik etorri diran personek, batez be). Bisitea gogoratzeko, ordezkaritza bakoitzeko kideek Ohorezko Liburuan sinatzeko aukerea izan dabe. Topaketeari bukaerea emoteko, ekitaldia osatzen daben sei modalidadeetan taldeek izango dituen gurutzaketak zozketatu dira. Lehiaketa gehienak bihar izango dira.
MENTATLON BILBAO 2018
Jose Ignacio Martinez Menayak autortu dauenez, Mentatlon Bilbaok “urtero haztea lortu dau, taldeei eta kirol diziplinei jagokenez”. Edizino honetan, Andaluziatik, Aragoitik, Asturiasetik, Gaztela-Leonetik, Gaztela-Mantxatik, Galiziatik, Errioxatik, Valentziako Erkidegotik eta Euskaditik etorritako 160 kirolarik topaketea osatzen daben sei modalidadeetan hartuko dabe parte: Areto futbolean, Mahaiko tenisean, Padelean, Petankan, Runnig-Atletismoan, Frontenisean eta Igeriketan.
Lehiaketa gehienak bihar, irailaren 13an, izango dira, Txurdinagako eta San Inazioko kiroldegietan.