Aurreko Albisteak

Bizkaiko Foru Aldundiak "lankidetzarako deia" egiten deutso Estaduko Gobernuari, bakarrik dagozan adinbako atzerritarren arazoari aurre egin ahal izateko

Iraskunde, Gobernamentu On eta Gardentasunerako Ba

Unai Rementeria Ahaldun Nagusiak, Isabel Sánchez Robles Gizarte Ekintzako diputatuak lagunduta, joan dan bagilaren 15ean Carmen Calvo Espainiako Gobernuko Presidenteordeari bialdu jakon gutunaren eukia zehaztu dau gaur goizean Iraskunde, Gobernamentu Onerako eta Gardentasunerako Batzordearen aurrean. Gutun horretan, Ahaldun Nagusiak “gizarte eta administrazino moduan, adinbako horreek hartzeko eta gizarteratzeko egiten ari garen esfortzua” azaldu eban, eta baita “errealidade hori gure lurraldea gainditzen dauen ikuspegitik landu” beharra be. Argitu dauen moduan, idazki hori eratu barri dan Gobernu batek jaso dau, “lehenengo minututik gai hori mahai gainean euki daian”.

Desbardintasunaren, arazo “global eta historikoaren”, aurrean, Rementeriak azpimarratu dau Bizkaiko Lurraldean “asko ari garala laguntzen, eta ondo ari garala egiten”. “Gauzak ondo egin gura badoguz, ezin daikeguz gure Lurraldean daukaguzan gizarte eta giza arloko baliabideak musturreraino, guztiz agortu arte, eroan”, azpimarratu dau Ahaldun Nagusiak. Hori dala eta, “epe ertainean eta luzean gizarteratze prozesu horreetan arrakastea lortzeko” helburuagaz, bere eretxiz funtsezkoa da lurraldeen arteko banaketa “orekatua” egitea. Hori dala eta, gutun horren bitartez, foru erakundeak berretsi egin dau komunidade bakotxarentzako kupoak ezarri beharra, bakarrik dagozan adinbako atzerritarrak (BDAA-MENA) jasoteko, eta, ganera, beharrezkoa dala “errealidade horri aurre egiteagaitik laguntza ekonomikoak jasotea”.

Oposizinoko taldeak eta Foru Gobernua eusten dabenak bat etorri dira arazoaren izaera globala eta Lurraldearen eskumenak kontuan izanda behar egitearen garrantzia azpimarratzeko orduan.

Halanda be, Arantza Urkaregi diputatuak “Aldundiak orain arte emon dauena baino erantzun handiagoa behar dauen” arazoa dala adierazo dau, eta “adinbakoei arreta duina emon ahal izateko zentro gehiago zabaltzea edo plaza kopurua handitzea” eskatu dau, eta baita “bakotxaren beharrei erantzungo deutseen programa gehiago indarrean jartea” be. “Zuek protokoloak, legedia, umeen eskubideak ez zapaltzea eta gainerakoek hori betetea eskatzen badozue, egizue zuek be”, eskatu dau Eneritz de Madariaga Podemos Bizkaia taldeko batzordekideak. Gai horri jagokonez, zentroetan jente larregi dagola salatu dau.

Esku-hartze horreen ostean, Ahaldun Nagusiak barriro esan dau “persona guztiak babestuta dagozala”, eta “ratioak beteten dirala”. Horrez gain, argitu dauenez, “konponbidea ez da zentro gehiago, ezelango muga barik, zabaltzea”, alde batetik “konponbidea ez dalako persona bat eraikin batean sartzea” eta, bestetik, “baliabideak mugatuta dagozalako”.

Eduardo Andrés batzordekide popularrak, bere aldetik, Unai Rementeriaren berbakaz ados dagola autortu dau. Horrez gain, azpimarratu dauenez, Bizkaira heltzen diran adinbako gehienek “17 eta 18 urte artean ditue”. Hori dala eta, Gizarteratze Sailaren inplikazino eta kontroleko neurri gehiago eskatu ditu.

Oposizinoko talde batzuen esku hartzea dala eta, Juan Otermin sozialistak esan dau “lotsagarria” dala “komunikabideetan jasoten dogun informazinoa baino ez daukagun gai bati buruz berba egiten egotea”. Modu berean, ganerako erakundeakaz daukan koordinazinoari eusteko eskatu deutso Foru Aldundiari, eta “duintasunaren bide horretatik jarraitzera” animau dau. “Ez dago gizakien eskubideen ganetik egon daiteken mugarik”, esan dau, amaitzeko. EAJ-PNV taldearen aldetik, Jon Sánchez batzordekideak esan dau penagarria dala taldeen artean gai horren inguruan egoan batasuna eta adostasuna galdu izana, eta berreskuratzeko eskaria egin dau. “Oso pozik egongo nintzateke gaur hemen dagozan alderdi politiko guztiek erantzukizunak idatziz eskatuko baleukiez eurak agintzen daben erkidegoetan”, adierazo dau. Horrez gain, “gaia gizatasunean eta errespetuan oinarrituta ulertzeko” Aldundia egiten ari dan esfortzua jarri dau balioan.