EAJ-PNV-k, Bilduk eta PSE-k Bizkaiko garraioaren Agintaritza bakarra sortzea onartu dabe

Botua ematen
Bizkaiko Batzar Nagusietako Herri Lan eta Garraioetako Batzordeak, garraio publikoaren koordinazinoari buruzko gogoeta prozesua zabaltzeko eta lurraldeari garraioaren Agintaritza bakarra emoteko lantalde bat sortzea onartu dau. Euzko Abertzaleak (EAJ-PNV) eta Socialistas Vascos (PSE) taldeak Bilduk aurkeztutako ekimenaren alde agertu dira. Ekimen horretan Bilduk sei hilebete inguruko iraupena izango dauen gogoeta epealdia zabaltzea proposatu dau, Bizkaiko ganberako Bozeroaleen Batzarrak bere on ikusia emon eta lantaldea osatu ostean. Bizkaiko Talde Popularra (PP) abstenidu egin da bozketan.
Proposamena aurkeztu dauen Bildu taldearen eretxiz, lantaldeak gaur egun garraio erakundeek eta operadoreek dituen eginbeharrak aztertu ahal izango ditu “Bizkaiko garraioaren koordinazinoa eta parte hartzea batzeko eta hobekuntzak bultzatzeko helburuz”. Lantaldearen eginbeharren artean, Lurralderako agintaritza bakarra lantzea, edo, bestela, gaur egun Bizkaiko Garraio Partzuergoak (BGP) dituan eginbeharrak berregituratzea egongo dira. Erakunde hori 1975ean sortu zan, Bilboko metroa eregiteko helburuagaz.
Koalizino abertzaleak batzordean daukan bozeroalearen, Aitor Torreren, eretxiz, “ezinbestekoa” da gogoeta prozesu hori zabaltzea Batzar Nagusietan, Batzordeak 2012ko ekainean agindu eban Txosten Tekniko-Juridikoaren ondorioak ikusita. Bizkaia, Euskadiko garraio sistemaren “korapilo gordiarra” izan daiteke eta, horretarako, Torreren eretxiz oso komenigarria da denpora batez “argiak eta ilunak mahai gainean” jartea, mobikortasun ereduari buruzko gogoeta egiteko eta “krisi abaguneagaz bat etorriko dan” garraio koordinatuagoa sortzeko.
Batzarretako talde sozialista, garraioaren “koordinazinoa hobetzeko” pausuak emotearen alde agertu da, “txartel bakarra” sortzeari buruzko pausuak, adibidez, eta lurraldeko ganberan gogoeta epealdia zabaltzearen alde, beti be Administrazino bakotxaren eskumenak errespetauz. Joaquín Colmenero batzarkide sozialistak adierazo dau beharrezkoa bada “delegau” beharko dala, “bikoiztasunik” ez egoteko eta sistema “errazoizkoa, iraunkorra eta etorkizunekoa” sortzeko, Bizkaiko garraio sistemea “oso konplexua” dalako.
Hasiera batean, EAJ-PNV-k bere “zalantzak” azaldu ditu, Bizkaiko Batzar Nagusiak holango gogoeta zabaltzeko lekurik egokiena ete zan, eta eztabaidarako eremu “zabalagoaren” alde agertu da. Eremu zabalago hori Euskadiko Garraioaren Agintaritza izan daiteke, 2003an Eusko Jaurlaritzak osatutako garraioaren eta garraio azpiegituren arloko kontsulta eta koordinazino organoa. Halan da be, talde jeltzalea ez da eztabaida zabaltzearen kontra agertu, eta Bilduren proposamena “interesgarria” dala azaldu dau. “Ez dogu gogoeta hori trabauko”, adierazo dau Nerea Ahedok, batzordeko bozeroale jeltzaleak.
Bizkaian lantaldea osatzeko idea ez dau ondo hartu PP taldeak. Batzarretako talde horren eretxiz ez da une egokia, Foru Aldundien eta gizarteko beste agente batzuen garraio arloko araudiari buruzko hainbat helegite martxan dagoz-eta. Jesús Isasi batzarkide popularrak, Bizkaiko eta Arabako Foru Aldundiek jarritako helegiteak dirala-eta “geldik” dagoan Mobikortasun Iraunkorrerako Lege proiektua edo Administrazino auzibidezko helegitea jaso dauen Bidaiarien Errepideko Garraioari buruzko Dekretua aitatu ditu.
PP bat dator jeltzaleekaz, gogoeta horrek Batzar Nagusietan “ez daukala lekurik” esatean, eta gogoeta Euskadiko Garraioaren Agintaritzara eroatearen alde agertu da. Isasik ez leuke gura lantaldeak, garraio arloko eskumenak “lurperatzeko” balio izatea, eta “foru agintea” errespetetea eskatu dau. Garraioetan bikoiztasunik egon ez daiten akordio “zabalagoa” behar dala azpimarratu dau. Aldaketa hori dala-eta, “BGP aldatzearen edo balio barik iztearen” alde agertu da.