Gizarte Ekintzako Foru Diputatuak Gizarte arloko Prestazinoen Ikuskapenerako eta Kontrolerako Plan Orokorraren lehenengo urtearen balantze positiboa egin dau
EH Bilduk eskatuta, Aldundiko arduradunak 2017an egindako ikuskapenen eta kontrolen ostean jasotako datuak aurkeztu ditu taldeen aurrean. Adinbakoentzako Egoitza Zentroetako Gizarte eta Hezkuntza arloko esku-hartze Planei jagokenez, “gitxienez sei hilebetez behin” aztertzen dirala adierazo dau Sánchezek. Halanda be, horrez gain plan horreek barriro aztertzen dira “alderdiren batean aldaketarako proposamenen bat egiten dan bakotxean”, bai bisiten erregimenari jagokonez edo laguntzarako programetan sartzeari edo ez sartzeari jagokonez.
“Menpekotasun egoeran dagozan personek kalidadezko zaintzak jasoten dituela egiaztatzeko eta zaintzaileen egoera ebaluetako” helburuz, Etxean emoten diran Zaintzen eta Arreten Kontrolerako planteau zan helburu koantitatiboa emondako Familia inguruko zaintzen prestazino (PECEF) guztien %25ekoa izan zan –2016ko abenduaren 31n, aurreikusitako urteko 3.741 bisitatatik 2.138 barrikuspen egin ziran–. Foru Diputatu andreak azaldu dauenez, horren errazoia, plana ekitaldiaren erdialdean onetsi zala da. Horrez gain, “etxe normalizauak” dirala esan dau. Kasuen %67an persona zaintzailea batez beste 64 urte dituan emakumea da.
Hirugarren puntuan, Aldundiaren esku dagon plazea daukien Adinekoentzako zentroen zaintzei jagokenez, Diputatuak esan dau erabiltzaile bakotxak bere ezaugarri pertsonaletara egokitutako Banakako Arreta Plana (BAP-PAI) daukala. 2017ko Ekintza Planak, alde batetik, Egoitza Zentroetako erabiltzaileekin erlazionautako 520 BAP-PAIren eta Adinekoentzako Eguneko zentroen erabiltzaileen 136 BAP-PAIren kontrola aurreikusten eban. Azkenean, kopuruak altuagoak izan dira, 432 eta 244 erabiltzaile, hurrenez hurren. Lehenengo kasuan helburua bete ez dan arren, bigarrenean gainditu egin da.
Bukatzeko, Desgaitasuna daukienentzako zentroetan “kasuaren banakako jarraipenaren hurragoko beharra” egin da. 2017an, erabiltzaileren 550 esku-hartze plan kontrolau dira. Modu berean, Desgaitasuna daukienentzako eguneko zentroetan 170 kasu kontrolau dira.
“Zuk dana oso ondo dagola, arretea bikaina dala dinozu”, adierazo dau Arantza Urkaregi EH Bilduko batzordekideak, “baina gero jakiten dogu personek ez dabela euren BAP-PAIa ezagutzen eta ez daukiela erreferentziazko personarik”. Eneritz de Madariaga Podemos Bizkaia taldeko batzordekideak, bere aldetik, “gaur lantzen ari danari ekitea nahiko gaitza dala” adierazo dau. Dana dala, datuen sistematizazinoa egiteko eskatu deutso sailari. Eduardo Andrés batzordekide popularrak, plana berandu martxan jarri izanari jagokonez, “beharbada akatsa aurreikuspenak egiteko orduan egin zala” esan dau.
Foru Gobernua eusten daben taldeen aldetik, Juan Otermin sozialistak ikuskapen zerbitzuaren memoria esku artean euki arte itxaroteko eskatu dau, “irakurketa zorrotzagoa egin ahal izateko”. “Uste dot herritarrek sistema ona dala jaso behar dabela, hobekuntzak izan daikezala, jakina, baina sistemaren ganean ziurtasuna erakustea oso garrantzitsua iruditzen jaku”, adierazo dau Jon Sánchez jeltzaleak.
ADINEKOEN AUTONOMIA ETA ARRETEA SUSTATZEKO PLANA
Horrez gain, Gizarte Ekintzako Foru Diputatuak, bere sailak Adinekoen Autonomia eta Arretea Sustatzeko Plana zelan gauzatuko dauen azaldu dau. Zehaztu dauenez, lehenengo fasean datuak batuko ditue “gaur egun indarrean dagozan politika publikoen ezagutzan sakontzeko, Aldundiaren esku dagozanetan modu berezian zentrauz”.
Horren ostean “aurreikusitako emaitzen espezifikazinoak zehaztu” beharko ditue, adinekoen euren itxaropenetan oinarrituta. Hirugarrenez, “persona nagusien artean autonomia maila altuagoak lortzeko” eta “menpekotasuneko egoeretan arreta hoberena” lortzeko beharrezkoak diran jarduerak definiduko dira. Bukatzeko, planak “lorpenak eta aurrerapausuak ebaluetako formulea” jasoko dau.
Aurreratu dauenez, ikasturte barriaren hasieran saio bat daukie aurreikusita Bizkaiko Adinekoen Kontsejuan. Horrez gain, datorren ekitaldiaren lehenengo erdialdean “oso dokumentu aurreratua” eukiteko asmoa be jakinarazo dau.
BARAKALDOKO SANITAS EGOITZEA
Aurreko osokoan egoitzan hautemandako zaragar kasuak dirala eta egin eban moduan, Foru Diputatuak “zero arriskua ez dala existitzen” esan dau, “menpekotasun egoeran dagozan adinekoak ezin doguzalako isolatu”. “0 arriskua ez da existitzen, baina prebentzinoa bai”, erantzun deutso Josean Elgezabal Podemoseko batzordekideak.
Bere esku hartzean, Sánchez Roblesek joan dan martiaren 7an erregistrau zan eta egoitza horretako adinekoen hainbat senidek sinatu eben kexea be aitatu dau. Bertan, gabeziak eta hobetu beharreko puntuak aitatzen ziran. Dana dala, Zentroko Zuzendariagaz bilerea egin ostean, Ikuskapen eta Kontrol zerbitzuak “zentroaren egoerea zuzena dala eta ez dagola alarmarako motiborik” ondorioztatu eban.
Hori entzun ostean, Elgezabalek adierazo dau arduratuta dagola senideek, “nutrizinoa, janariaren kalidade faltea, zaborren tratamentua, higienea eta osasuna” dirala eta aurkeztu dituen kexen aurrean.