Aurreko Albisteak

Bizkaiko Batzar Nagusiek Hervé Falcianiren estradizinoari ezetz esateko eskatu deutsie Estaduko Gobernuari

Ekonomia eta Ogasun Batzordea

Bizkaiko Batzar Nagusietako Ekonomia eta Ogasuneko Batzordeak, Podemos Bizkaiaren hasierako Arauz besteko Proposamen baten ganean Euzko Abertzaleak, Euskal Sozialistak eta Podemos Bizkaiak berak adostutako zuzenketa-eske transakzionala onetsi dau gaur goizean.

Testuak eukazan lau puntuetatik bi aho batez onetsi dira. Bertan, Hervé Falcianiren estradizinoari ezetz esateko eskatzen jako Estaduko Gobernuari, “iruzur fiskalaren kontrako burrukan hainbat administrazino publikori emondako laguntzea eskertzeko”. Modu berean, Batzarrek “euren konpromisoa eta lankidetzea” erakutsi gura deutsee iruzur eta iges fiskalaren kontrako burrukan justiziari lagunduko deutsien persona guztiei; bukatzeko, Europar Batzordeari “armonizazino fiskaleko politikea” bultzatzeko eskatzen deutsie, “beti be Aldundien eskumenak errespetauz”, eta Administrazino Publikoei iruzur fiskalaren kontrako neurriak bultzatzen jarraitzeko eskaria egiten deutsee.

Eneritz de Madariaga Podemos Bizkaia taldeko batzordekideak azaldu dauen moduan, Falciani ezaguna da nazinoarte mailan, Falciani zerrendea –Suitzako HSBC bankuaren bezeroen zerrenda bat– berak banatu ebalako, hainbat herrialdetako justiziari igeslari fiskalak jazarteko aukerea emonez. Zehaztu danez, zerrenda horretan Bizkaiko 62 persona egozan. Bere taldearen eretxiz, zuzenketa-eske transakzional horrek hasierako helburuari erantzuten deutso: “orain arte iruzur fiskala azaleratzen lagundu deuskuenak eta horretan jarraitzen dabenak ez kriminilizetea”.

Ekain Rico bozeroale sozialistaren eretxiz, testu horrek “oso mezu indartsua” zabaltzen dau, “saiheste fiskala argitzeko justiziari laguntzea inoiz ez dala kartzelagaz zigortu behar”, horrek “milaka tona botako leukezalako iruzur fiskalaren kontrako burrukarako politikaren ganera”. Antzera egin dau berba Kontxi Claver batzordekide jeltzaleak, baina argitu dau “ez jagokela Batzar honeei estadu burujabe eta demokratiko baten sistema judiziala zalantzan jartea”. Adierazo dauenez, “alkartzen gaituena, iruzur kasuak salatzen dituenen babesa hobetu behar dala da”.

“Bere herrialdean delitua eginez, gizon horrek gizateria osoarentzat positiboa dan zer edo zer egin dau, hau da, euren herrialdeetan, gurata, iruzurra egiten dabenak, argitara ateratea”, esan dau Arturo Aldecoa Talde Mistoko bozeroaleak. Javier Ruiz talde popularreko bozeroaleak, proposamenaren aldeko botoa emon arren, lehenengo puntua, EAJ-PNV taldeak, eremu judizialetan ez sartzeari buruz esandakoagaz “kontraesankorra” dala esan dau. Bukatzeko, Zigor Izuzkiza batzordekideak, estradizinoagaz ados egon ez arren, testuak “ez dituala Bizkaiko Foru Aldundiaren eskumenak kontuan hartzen” adierazo dau. Hori dala eta, bere taldeak puntuka bereiztutako bozketea eskatu dau.

Eskari hori kontuan izanda, lehenengo puntu biak aho batez onetsi dira, eta azkenengo bietan EH Bildu abstenidu egin da, ganerako talde guztiek aldeko botoa emon daben bitartean.

2.875 AITORPEN PROPOSAMEN BALIO BARIK

Jose María Iruarrizaga Ogasun eta Finantzetako foru diputatua Podemos Bizkaia taldeak eskatuta etorri da Batzar Nagusietara, 2017ko Errentaren aitorpenean Bizkaian 2.875 aitorpen proposamen balio barik iztea ekarri eban Arabako Foru Ogasunaren informazino akatsa zelan konpondu dan zehazteko. Argitu dauen moduan, balio barik izte hori hurrengo egunetan jakinarazo jaken zergadunei, euren autolikidazinoa aurkezteko beste zerbitzu batzuk hautatzeko aukerea emonez. “Zergadunen aldetik zerbitzu horreek oso balorazino ona daukie”.

“Benetan sentiduten dogu persona horreei eragindako eragozpenak, baina geneukan aukera bakarra proposamen horreek balio barik iztea eta euren autolikidazinoa aurkezteko beste zerbitzu batzuetara bideratzea zan”, esan dau amaitzeko.

ONETSI EZ DIRAN ARAUZ BESTEKO PROPOSAMENAK

Eguneko gai zerrendea, Arauz Besteko Proposamen bi eztabaidatuz eta ez onetsiz osatu da. Podemos Bizkaia taldeak aurkeztu dauen lehenengoan eskaria egiten jakon Ogasun eta Finantza Sailari, urtero Persona Fisikoen Errentaren Zergaren Aitorpenen adierazle nagusiak aztertuko dituan txostena egiteko generoaren ikuspegitik. Gaiaren funtsean bat etorri arren, Foru Gobernua eusten daben taldeen eretxiz ekimena “asmo txikikoa” da, eta Podemos Bizkaia taldeari EAJ-PNV eta PSE-EE taldeen zuzenketa-eskea onesteko eskatu deutsie. Dana dala, proposamena aurkeztu dauen taldeak ez dauenez onetsi, proposamenak ez dau aurrera egin, Talde Popularraren, Podemos Bizkaiaren eta EH Bilduren aldeko botoakaz, Euzko Abertzaleak eta Euskal Sozialistak taldeen kontrakoakaz eta Talde Mistoaren abstentzinoagaz.

Saioa bukatzeko, Talde Popularraren beste ekimen bat baztertu da, Ondasun Higiezinen gaineko Zergari (OHZ) buruzko Foru Arauaren 10.8 artikulua kentzeko. Artikulu horrek %50eko nahibadakotasuneko errekargua sartzea jasoten dau “zergadunaren edo errentaren edo erabileraren lagapenaren ondorioz beste persona batzuen bizilekua ez dan etxebizitza erabilerako higiezinen” ganean. Arauz Besteko Proposamenaren alde proposamena aurkeztu dauen taldea eta Talde Mistoa baino ez dira agertu. Ganerako talde guztiek kontra bozkatu dabe.