Aurreko Albisteak

Gernikako Batzarretxea, atzerriko bisitarientzako turismo erakarpen gune nagusien artean finkatu da

Lehenengo hiruhileko bisitarien kopuruek baieztu egin dabe, barriro be, Gernikako Batzarretxeak bertako biztanleentzat eta, batez be, atzerritarrentzat, daukien erakargarritasuna. Urteko lehenengo sei hilebeteetan, Bizkaiko Batzarretako egoitzak 60.851 bisita jaso ditu, eta horreetatik %33,17 atzerritik etorri dira.

Zenbaki horreek indartu egiten dabe Gernikako Batzarretxea eta Arbolea Bizkaia bisitetan daben persona askorentzako derrigorrezko geldialdia bilakatu dirala. Alde batetik, oraindino be esanguratsua da Euskal Herriko lurraldeetatik etorri dan bisitari kopurua, 14.596 persona, hain zuzen be. Halanda be, azken urteetan Estadu osoko eta bost kontinenteetako turisten gorako joerak argi eta garbi erakusten dau leku hori mundu osoan lortzen ari dan gero eta karga sinboliko handiagoa.

Rankingari jagokonez, Estadu barruko turismoa da, oraindino, turismo iturri nagusia, erregistrautako guztiaren %42gaz. Urtarriletik bagilera Batzarretxera etorri ziran 26.069 personatatik, 5.809 Kataluniatik etorri ziran, 4.279 Madrilgo erkidegotik eta 3.326 Andaluziatik.

EUROPAKO ETA ESTADU BATUETAKO BISTIARIEN MARKA BARRIA

Atzerriko bisitariei jagokenez, Europako herrialde handiak dira, oraindino be, bisitari gehienen jatorrizko herrialdeak, eta orain arteko marka gainditu dabe, 14.271 personagaz. Ohikoa danez, eta gertu dagonez, zerrenda horren lehenengo lekuan Frantzia dago; ondoan daukagun herrialdeko 4.385 bisitari hurbildu dira Batzarretxera lehenengo sei hilebete horreetan. Horren ostean, tarte apur batera, Alemania dator, 2.491 bisitarigaz, Ingalaterra 1.118gaz eta Italia 645egaz.

Lehenengo sei hileko honetan Estadu Batuetako turista kopuruak be gora egin dau. Estadu Batuetatik etorritako 2.786 personak bisitau dabe Bizkaiko Batzarren egoitzea; kopuru hori, urte honetan Amerika osotik etorri diran bisitari guztien (4.385) erdia baino gehiago da. Beste maila batean dagoz Asiako (1.411), Afrikako (28) eta Ozeaniako (92) turistak.