Bizkaiko Foru Aldundiak ETEL-LILE Txostena aurkeztu dau Batzarretako taldeen aurrean
Eusko Jaurlaritzako, hiru Foru Aldundietako eta EUDELeko ordezkariek osatutako lan taldeak aurrera eroandako azterlanak, erakundeetako hiru mailen “finkatutako diru-sarreren eta gastuen ganeko datuak ditu”, “2015eko ekitaldian abiauta”, Bengoetxeak azaldu dauenez. Iruarrizagak esan dauenez, dokumentu horrek helburu bikotxa dauka. Alde batetik, “Euskal Administrazinoko gastu publikoaren banaketa egokia ziurtatzea” eta, bestetik, “EAEko toki erakundeek, euren eskumenen barruko jarduerak aurrera eroan ahal izateko eta gauzatzeko beharrezkoa dan finantzaketea daukiela bermatzea”.
Azterlan horrek jasoten dituan ondorioen artean, Ogasun eta Finantzetako Foru Diputatuak, “EAEko toki erakunde bakotxaren finantzaketarako gaitasuna oso anitza dan arren, maila indibidualean, orokorrean, euren eskumenak aurrera eroan ahal izateko finantzaketa egokia daukiela” azpimarratu gura izan dau, “udal ordenantza fiskaletan onetsitako grabamen motak eta batez besteko tarifak” kontuan izanda.
Halanda be, baliabideei jagokenez, Iruarrizagak azterlanaren beste ondorio bat azpimarratu gura izan dau: “Foru Aldundiek, araubide komuneko legedia apliketearen ondorioz jagokena baino baliabide maila altuagoa bermatu dabe euren Lurraldeetako udalerrietarako, orokorrean”.
Holan, txostenak azaltzen dauenez, Lurralde Historiko bakotxak bere baliabideen ehuneko desbardina bideratzen dau bertako toki erakundeetara, “beti be egungo Ekarpenen Legean gomendatutako gitxieneko mailea betez”. Horri jagokonez, etorkizuneko Ekarpenen Legeak, alde batetik, “gitxieneko ehuneko bardina zehaztu beharko dau hiru Lurralde Historikoetarako” eta, bestetik, toki erakundeen artean baliabideak banatzeko erespide homogeneoak sartu beharko ditu.
Azterlanak, Ekarpenen Lege barria diseinetako emoten dituan aholkuen artean, Eusko Jaurlaritzako Gizarte Zerbitzuen Ez Ohiko Funtsari emondako kopurua baliabideen banaketarako ereduan sartzea dago; eta Gizarte arloko Preminetarako Laguntzak eta udal titulartasuneko Musika Irakaskuntzako Ikastetxeak eta udal euskaltegiak finantzetako ETEL-LILEn aurreikusitako araubide espezifikoen arabera arautzen jarraitzea.
EH Bilduko Arantza Urkaregik, 2015eko datuak ekitaldi honetatara estrapoletearen inguruan planteau dauen zalantzaren aurrean, José Rubí Ogasun eta Finantza Saileko Idazkari Orokor Teknikoak azaldu dauenez, 2015eko datuak –ETEL-LILE indarrean sartu baino urtebete lehenagokoak– egokiak ziran daborduko, eta ordutik holan jarraitzea bermatu dau ETEL-LILEk. Hori dala eta, gaur egun baliozkoak dira. Horrez gain, Eneritz de Madariaga Podemos Bizkaia taldeko batzordekideak, datu zehatzagoak emoteko egindako eskariari erantzunez, izaera orokorra daukan txostena dala azaldu dau Iruarrizagak. Javier Ruiz Talde Popularreko bozeroaleak adierazo dauenez, bere taldearen eretxiz beharrezkoa da koefiziente bertikala aldatzea, “udalei eta aldundiei fintzatziazino gehiago emoteko”. Arturo Aldecoa Talde Mistoko bozeroaleak, bere aldetik, irakurri eta geroago balorauko dauela esan dau.
Ekain Rico bozeroale sozialistak “eskumenen banaketa eraginkorragoari ekiteko beharraren eta euskal aginte publikoen berrantolaketaren” ganeko gogoetea egin behar dala eta “herritarren eta zerbitzu publikoen eskubideei” erantzun behar jakela esan dau. Ildo berean, Jon Atutxa bozeroale jeltzaleak, “erradiografia hori, etorkizunari begira jarteko maila instituzional bakotxean zelan gagozan ikusi ahal izateko oso tresna baliotsua izan behar dala” esan dau.
IBILGAILU OFIZIALAK
Ibone Bengoetxea Foru diputatuak, oraingo honetan Talde Popularrak eskatuta, landu dauen beste gaietako bat, Aldundiko goi karguei esleitutako ibilgailuek egiten dituen kilometroen eta horren justifikazinoaren eta kontrolaren ganekoa izan da. Bozeroale popularrak kilometroak kontroletako prozedurea ezarteko eskatu deutso Diputatu andreari. Aldundiko arduradunak, modu laburrean, ibilgailuak “egitea jagokuzan egitekoakaz bat datorren proporzinoan” erabilten dirala eta kilometro kopurua ez dala “proporzinotik ganekoa” adierazo dau.
CÓDIGO 10
Modu berean, eta oraingo honetan Elena Unzueta Iraunkortasun eta Baliabide Naturaleko Foru Diputatuak lagunduta, Ibone Bengoetxea Foru diputatuak, kanpoko erasoen prebentzinorako Código 10 neurriagaz erlazionauta, barriro esan dau “ez dala ezelango prebentzino zerbitzurik bertan behera itzi, aldatu dan gauza bakarra deia jasoten daben personak izan dirala, lehen baino baliabide gehiagogaz eta ordutegi berberagaz”. Talde Mistoak planteau dauen agerraldi eskaria, hainbat sindikatuk CODIGO 10 izenekoaren inguruan aurkeztu daben salaketan eta “Aldundiak prebentzinozko neurria barriro martxan jarteko errazoietan” oinarritzen zan. Horri jagokonez, ez dauela ezelango salaketarik jaso be esan dau Bengoetxeak.
ZAINTZAILEEN ESTATUTUA
Batzordearen gaurko saioan Isabel Sánchez Robles Gizarte Ekintzako diputatua be egon da, Ahaldun Nagusiak Zaintzaileen Estatutuaren garapen prozesuan daukan inplikazinoaren eta estatutu hori gauzatzeko egin diran hartu-emonen ganean Podemos Bizkaia taldeak egin dauen galderari erantzuteko. Aldundiko arduradunak argitu dauenez, guztiaren arduraduna bere saila izan dan arren, proiektu “estrategikoa” danez, “Ahaldun Nagusiaren zuzendaritzapean” egin da. Kanpoko hartu-emonei jagokenez, hainbat foro nabarmendu ditu, Bizkaiko Adinekoen Kontsejua eta Alkarrizketa Zibilerako Mahaia, beste batzuen artean, eta baita Bizkaiko Adinekoen Kontsejuaren batzorde baten ekarpena.
ALDUNDIKO PLANEN ETA GARBIKETA SEKTOREAREN EBALUAZINOA
Eguneko gai zerrendea Ibone Bengoetxea Foru diputatuari zuzendutako ahozko erantzun-eske bigaz bukatu da. Lehenengoan, Arantza Urkaregi EH Bilduko batzordekideak bere interesa erakutsi dau, jakiteko Foru Aldundiko plan eta programa batzuek zergaitik ez daukien ebaluazinorako eta kontrolerako dokumenturik erabilgarri Bizkaia Gardena Atarian. Horri jagokonez, Bengoetxeak sail bakotxaren erabagia dala erantzun dau.
Bukatzeko, Podemos Bizkaiako Josean Elgezabalek, Bizkaiko Foru Aldundiko zentroetako garbiketaren sektoreko negoziazinoen blokeoagaz bukatzeko Aldundiak egindakoaren ganean galdetu dau. Bengoetxeak adierazo dauenez, gatazkea hasi zanetik bitartekaritza lana egin da; sektoreko beharginak hartzeaz gain, egoerea desblokeetako beharginakaz egin behar diran bilera guztiak egiteko eskatu jako Garbialdi enpresari.