Aurreko Albisteak

Babestu Alkarteko ordezkariek Bizkaiko egoitzatan bizi dan egoeraren aurreko ardurea adierazo dabe batzordean

Eskaeretarako eta Herritarrakazko Hartu-emonetarak

Babestu Alkarteko Enrique de la Peña eta Juana Céspedes Eskaeretarako eta Herritarrakazko Hartu-Emonetarako Batzordearen aurrera etorri dira gaur goizean, Bizkaiko egoitzek bizi daben egoeraren erradiografia orokorra egiteko, aurrean daukiezan erronkak azaltzeko eta alkarteak bultzatzen dituan konponbide proposamenak aurkezteko. Enrique de la Peñak azaldu dauen moduan, “egoitzatan dagozan personen senideen” Bizkaiko alkartea eta “herritarrek osatutako plataforma independentea” da, eta euren “azkenengo helburua” “zahartzea bakean eta duintasunean bizitzea lortzea” da.

Berba egin dauen alkarteko kidearen eretxiz, zahartzea eta, hori dala eta, “zainketa gehiagoren beharra” erakusten dauen adierazleetako bat 85 urtetik gorako gero eta persona gehiago dagola da. Bere eretxiz, erakundeek egoera horren aurrean erakusten daben jarrerea autokonplatzentziazkoa da; “biztanleriaren benetako beharra zein dan ikusi beharko litzateke”, adierazo dau. Modu berean, alde batetik, plaza kopurua handitzeko dagon “benetako borondate” faltea eta, bestetik, “kontzertazinoaren kontrol desegokia” kritikau ditu.

Azken gai horren inguruan, kontrolak zorroztu egin behar dirala erakusten daben arazo batzuk zehaztu ditu. Gaueko arreta “ez nahikoa”; higiene falta eta nutrizio desegoki arriskua dago; presinozko ultzera kasuak; eta Gernu Traktuko Infekzino maila altuak. Egoera hori ikusita, Babestuk, beste puntu batzuen artean, “maiztasunez kalidade erespideak neurtuko dituan” beste modu bateko neurketa sistemea eskatu dau, eta baita diru publikoa ahalik eta modu egokienean erabiltea be, “egoiliar bakotxaren benetako kostua zein dan zehaztuz”. Modu berean, gizarte langilearen figurea errebindikau dau.

"Ez gara inoren etsai. Lagundu gura dogu, baina behar handia ari gara egiten danontzat. Dagozanentzat eta egongo garenontzat”, bukatu dau Juana Céspedes Alkarteko presidenteak.

Arturo Aldecoa Talde Mistoko bozeroaleak “kontu eta gogoeta handiz” aurrera egiteko eskaria egin dau; “mota guztietako proposamen positiboak egin daikeguz, baina 2030. urtean eusteko modukoak izango diran gauzak egin behar doguz”, adierazo dau. Javier Ruiz Talde Popularreko bozeroaleak, bere aldetik, “herritarrak zahartze demografikoaren inguruan sentsibilizau beharra” azpimarratu dau. Podemos Bizkaia taldeko Josean Elgezabal batzordekideak, “beste erakunde batzuk be ikutzen dituan” eztabaidea dala gogoratuazo dau, eta alternatibetan gehiago sakontzea eskatu deutse etorri diranei.

Modu berean, David Lopategi EH Bilduko batzordekideak, azkenengo kontzertazinoan plaza kontzertauaren prezioak gora egin ostean zerbitzuaren kalidadeak hobera egin dauela hauteman ete daben galdetu deutse alkarteko kideei. Horri jagokonez, Juana Céspedesek “igoereagaz ez dauela kalidade handiagoa” hauteman adierazo dau.

Bertara etorritako kideak egoitza batzuetako Norbanakoen Arreta Planaren (NAP-PAI) garapenaren ganean kritikaren bat egin ostean, Josu Montalbán sozialistak esan dau ez daukala hain argi “NAP-PAIren garrantziak behera egin dauenik”, eta ez beteterik ezagutu ezkero, salatu egin behar dala adierazo dau. De la Peñak esan dauenez, “tresna baliagarria” dan arren, orain arte “ez da ezelango inbertsinorik egin hori ezagutuarazoteko”. Euzko Abertzaleak taldearen eskutik, Jon Sánchezek “azkenengo urteetan, azkenengo pleguak onetsi eta gero, Foru Aldunditik hobekuntzarako apustu garbia dagola” esan dau, eta “azterketa nasaia eta alkar errespetetako gaitasunagaz egindakoa” eskatzen dauen gai “sentsiblea” dala.

BASOEN EGOEREA BIZKAIAN

Horren aurretik, Julen Villasante eta Keko Salgado etorri dira taldeen aurrera, helburu nagusia Bizkaian baso autoktonoa berreskuratzea daukan “Kolore guztietako basoak” proiektua aurkezteko asmoz. Bozeroale biek azpimarratu dabenez, gaur egun baso autoktonoa lurraldeko zuhaitz azaleraren %25a baino ez da eta, ganera, oso bananduta dago eta gaztea da. Azalera horretan azpimarragarria da pinuaren eta, batez be, eukaliptoaren presentzia; Armintzan edo Lemoizen, adibidez, espezie horrek azaleraren %66 hartzen dau.

“Planteetan dodana etorkizun barria eta hobea da”, aurreratu dau Villasantek. Batez be titulartasun publikoko lurretara zuzenduta dagon neurriaren helburua bioaniztasuna aberastea da, baso autoktonoa gaur egun hartzen dauen %25etik %42ra pasau daiten. Azaldu dauen moduan, baso autoktonoen abantaila nagusietakoa suteakaz dago erlazionauta: “suarentzat askoz errazagoa da landaketa batetik hedatzea, baso autoktono batetik egitea baino, barruan hezetasun gehiago daukienez, ertzak baino ez diralako erretan”.