Kulturako Foru Diputatuak Bilboko eta Euskadiko orkestra sinfonikoak bat egiteko prozesua geratu egin dala baieztatu dau

Josune Ariztondo
Bizkaiko Foru Aldundiak "sine die" atzeratu dau euskal orkesten bat egitea. Bilboko eta Euskadiko orkestra sinfonikoak batzeko prozesu hori “bideragarria eta mesedegarria ete dan ikusteko” azterketeagaz ez jarraitzeko erabagia Josune Ariztondok, Kulturako Foru Diputatuak, iragarri dau gaur eguerdian, Bizkaiko Batzar Nagusietako Kultura eta Euskerako Batzordean. “Atzeratu egingo dogu, gizarteak eskatu arte”, adierazo dau.
Bere eskariz, Foru Aldundiko arduradunak ahalegina egin dau batzarretako taldeak bi orkesten bat egitea “aztertzea” komenigarria dala konbentziduteko. Talde horreetan 200 persona baino gehiagok behar egiten dabe –musikarien eta administrazinoko langileen artean–, eta oso aurrekontu handiak ditue. Bilbokoak 8,5 milioi eurokoa eta Euskadiko sinfonikoak 9,1 milioi eurokoa. Bi musika erakundeek emaitza negatiboa izan eben 2011n: Bizkaikoak 253.551 euro galdu ebazan; eta Euskadikoaren galerak 1.119.000 eurokoak izan ziran. Ariztondok emondako datuak ikusita, urte horretan, Euskadiko orkestra sinfonikoak 137 kontzertu eskaini ebazan –erdia Gipuzkoan–, eta Bilbokoak 109 emonaldi.
Balantza koantitatibo hori emon ostean, Ariztondok adierazo dau “komenigarria” dala bat egiteko prozesu hori “presa barik eta trauma barik” aztertzea, bere eretxiz bi orkestra “onetan” oinarrituta “bikaintasuna” lortu ahal izateko. Bikaintasuna da “kontratu eta babesle” hoberenak lortzeko modu bakarra. Foru Diputatuak sentidu egin dau oposizinoko taldeen jarrerea, Aldun Nagusiak bat egite prozesu horri buruzko eztabaideari hasierea emoteko erabili ebazan “moduak” kritikatzera mugatu diralako. “Ez neban ikusi proposamenaren aurrean inongo interesik erakutsi dabenik. “Moduetara mugatu dira”, esan dau, atsekabetuta.
Oposizinoak “preminabako alarma”, “nahaste” eta “burutazino” legez definidu dau Jose Luis Bilbaoren iragarkia, baina funtsagaz zelanbaiteko sintonia erakutsi dau. Arturo Aldecoak, Bizkaiko Talde Popularreko ordezkariak autortu dau Foru Aldundiaren planteamendua “asmo onez” eta “errazoiz kargauta” sortzen dala, baina “ezker esku zabala” beharrezkoa dala adierazo dau. Gipuzkoatik heldu diran kritiken kontra azaldu da. “Lurraldean oinarritutako biszeralitatetik ezin da ezer eregi”, adierazo dau.
Batzarretako talde sozialistako bozeroaleak, Iñaki Egañak, antzeko jarrera erakutsiz, Aldun Nagusiak iragarkia egiteko aukeratu eban unea –Lehendakariagaz batu ostean– ez zala egokia izan adierazo dau, baina gero, ideak “oinarri sendoa” daukala onartu dau. Bilduk gaia “sakon” aztertuko dauela agindu dau. Euzko Abertzaleak taldeak, bere aldetik, eztabaida geratu izana eta proposamena baloretako eta gogoeta prozesuari hasiera emoteko “borondate falta” sentidu ditu. “Ideia ona da, eta nazioarte mailan leku hobea emongo leuskigu”, adierazo dau Lorea Bilbaok, talde jeltzaleko bozeroaleak.
NEGOZIAZINOA NEW YORKEKO GUGGENHEIM FUNDAZINOAGAZ
Une honetatik 2014ko abenduaren 21era, euskal erakundeen (Eusko Jaurlaritza eta Foru Aldundia) eta New Yorkeko Guggengeim Fundazinoaren artean Bilboko museoaren kudeaketarako egungo hitzarmenaren indarraldia amaitzen dan egunera, zehaztu behar dan barriztatze planteamendua izan da Kulturako foru diputatua, Josune Ariztondo batzarreratzeko beste gaia. Puntu horretarako eskaerea Batzar Nagusietako talde popularrak egin dau.
Talde horrek, diputatuaren kontrol saioa azaltzeko orduan, iraupen mugaturik bako hitzarmenaren ondorio teknikoak eta legezkoak “argitu beharra” adierazo dau. Ariztondok esan dau Foru Aldundia barriro hasiko dala Eusko Jaurlaritzagaz berbetan, “ahalik eta adostasun handiena izango dauen” proposamena prestetako, eta proposamen hori denpora “muga barik” egitearen aldeko apustua egin dau, hori –bere eretxiz– “kalidade bermea” eta euskal gizartearentzat “mesedegarriagoa” izango litzateke-eta. Oposizinoko taldeak bat etorri dira, akordio hori adostua eta iraupen luzekoa izan daiten eskatzean, baina aldian behin “aztertu beharrekoa”.
ARAUZ BESTEKO PROPOSAMENAK ONARTU DIRA
Batzarretako saioari hasierea emoteko, Arauz Besteko hiru Proposamen eztabaidatu dira. Batzordeak, EAJ-PNV eta Bildu taldeen aldeko botoakaz, PSE-ren abstentzinoagaz eta PP-ren kontrako botoagaz, koalizino abertzaleak egindako ekimena onartu dau, Foru Aldundiari eskatzeko, alde batetik, “Foru Aldundiak kontratau dituan eta Aldundiaren izenean jarduten daben enpresek uritarrakaz euskeraz jardutea” bermatzeko eta, beste alde batetik, “Aldundiaren laguntzak jasoten dituen enpresen edo alkarteen kanpo jardueretan euskeraren presentzia” bermatzeko.
Beste ekimen batean, koalizino abertzaleak EAJ-PNV-ren eta PSE-ren laguntza jaso dau, euskal dantza tradizionalak “danon laguntza eta sustapena” jaso daian bultzatzeko, eta dantza horren ezagutzan eta azterketan sakontzeko. Horretarako, Bilduk eskaerea egin deutso Foru Aldundiari, dantzaren sustapenera bideratutako “neurriak” hartu daizan, dantzari buruzko dokumentazinorako zentro publikoa eta bere ikerketan sakontzeko beste zentro bat sortzea, besteak beste. PP abstenidu egin da, ekimena “labur” geratzen dala eta adierazpen bat baino ez dala uste izan dauelako. Arturo Aldecoa batzordekide popularrak adierazo dau aurrerago bere taldeak gai horri buruzko ekimena aurkeztuko dauela.
Bizkaiko Talde Popularrak Bizkaiko Ganbera osoaren aldeko eretxia jaso dau, Foru Aldundiari eskatzeko Trapagarango Udalagaz eta udalerri horretako Zugaztieta auzoko Magdalena kaleko 1 zenbakian dagoan higiezineko jaubeakaz hartu-emonetan jarteko, izan be, meatze-herriska Monumentu Multzo izentautakoaren barruan dago; "berau kontserbetea eta hondatzea saihestea da asmoa, eta, helburu hori lortzeko, beharrezkoa balitz, ofizioz jardutea".