Aurreko Albisteak

New Yorkeko Guggenheim Fundazinoagaz hitzarmena barritzeari buruzko eztabaidea

Guggenheim Bilbao

Bilbon, 2013ko martiaren 6an.

Kulturako foru diputatu Josune Ariztondo bihar agertuko da Batzar Nagusietan, Foru Aldundia eta Eusko Jaurlaritza aztertzen dabilzan eta 2014tik aurrera (egungo hitzarmenaren indarraldia amaitzen danean) New Yorkeko Fundazinoari eskaini gura jakon hitzarmena barritzeko planteamentua azaltzeko. Foru arduradunaren agerraldia Bizkaiko parlamentuko Kultura eta Euskerako Batzordean egingo da; bertan, Bizkaiko Batzar Nagusietako Talde Popularrak eskatuta, ondorio tekniko eta legezkoak "argitu" beharko dauz, "iraupen mugaturik bako" hitzarmena balitz. Saio berean, foru arduradunak, berak erabagita, euskal orkestra sinfonikoen fusino prozesuaren gaineko azalpenak emongo dauz.

Batzordea Arauz Besteko hiru Proposamenegaz hasiko da. Horreetako baten, Bilduk gura dau Foru Aldundiak “bermatzea”, alde batetik, “herritarrak Aldundiak kontratetan dauzan eta bere izenean jarduten daben enpresakaz euskeraz aritu ahal izatea” eta, beste alde batetik, “enpresa nahiz alkarteen kanpoko jardueretan euskerearen presentzia, Aldundiaren diru-laguntzea jaso ahal izateko".

Beste ekimen baten, koalizino abertzaleak gura dau euskal dantza tradizionala “guztion artean babestea eta zabaltzea” eta bere ezagutzan nahiz ikerketan sakontzea. Horretarako, Bilduk planteau dau Foru Aldundiak, besteak beste, “neurriak” hartu daizan berau sustatzeko, eta, era berean, dantzaren gaineko dokumentazino zentro publiko bat eta bere ikerketan sakontzeko beste bat sortzea.

Era berean, Bizkaiko Talde Popularrak laguntza eskatu gura deutso Bizkaiko ganberari, Trapagarango Udalagaz hartu-emonetan jarteko, baita Zugaztietako Magdalena kaleko 1. zenbakian dagoan higiezinaren jabeakaz be, izan be, meatze-herrixka Monumentu Multzo izentautakoaren barruan dago; "berau kontserbatzea eta hondatzea saihestea da asmoa, eta, helburu hori lortzeko, beharrezkoa balitz, ofizioz jardutea" planteatzen dau.