Aurreko Albisteak

Erakusketa barria: Merkatariak, merkataritza eta galtzadak Enkarterrian

Museoko erakusgelea

Erakusketea uztailaren erdialdean inauguratu zan

Cadaguako galtzadea izango da erakusketearen ardatza. Galtzada hori Gaztelako merkatuetatik Bilboko portura heltzen zan, eta mendeetan zehar bertatik kanporatu ziran Europako portu eta merkatuetara joiazan merkatugaiak. Erakusketa honetan zenbait museotatik ekarritako erakusgaiak izango dira: Euskal Museoa (Bilbo), Eleiz Museoa (Bilbo), Museo de las Ferias (Medina del Campo-Valladolid), Armagintza Museoa (Gasteiz), Fournier Museoa (Gasteiz) eta Meatzaritzaren Museoa (Gallarta-Abanto).


Erakusketea Enkarterrietako Museoko teknikariek atondu dabe Bilboko Euskal Museoko zuzendariaren, Amaia Basterretxea andrearen, laguntzagaz. Cadaguako galtzadatik zehar, Balmaseda uribildua bide horretan nagusi zala, igaro zan Gaztelako artilea eta Bizkaiko meategietatik atarako burdina, esaterako armak, burdinezko hesiak edo lanabesak egiteko balio izan ebana.


Enkarterriko bide horretatik sartu ziran Europatik ekarritako merkatugairik gehienak, esaterako Flandeseko oihal ospetsuak (farfailak, linuak, saieak…), liburu eta kartak (Medina del Campon liburu eta karten merkatua egoan), danetariko jakiak (balea-koipea edo lumera, izokinak, azukrea, garia), lehen gaiak (eztainua, beruna…), pastela (anil-urdina emoten dauan Frantziako tindagai-landarea) eta artelan asko eta asko. Merkataritza horren bitartez Gaztela Europako enparaduko merkatuakaz lotzen zan, Balmaseda eta Bilbo uribilduen bitartez.

Erakusketa horretan ikusgai izango dira Holandatik, Belgikatik, Frantziatik. Ingalaterratik edo Italiatik etorritako produktu dokumentatuak, mandazainen munduagaz lorturiko beste batzuk (batez be mandoen bitartez egiten zan garrio-lana), harginen zereginagaz loturikoak (bide-konpontzaileak ziran) eta, hoba ez, merkatariakaz loturikoak (gauzak neurtu eta pisatzeko tresnak dagoz erakusgai). Era berean, erakusgai izango dira galtzadeak Gaztelatik Bilborako bidean zeharkatzen zituan mendate, aduana eta merkaturik behinenen plano eta irudiak.