"Alter ego", erakusketa barria Batzar Nagusietan
Batzar Nagusien erakusketa-aretoak “Alter Ego” erakusketa barria hartuko dau apirilaren 6 (e)ra arte, barriro be jentearen aurrean jarteko UPV/EHUko Arte Eder Fakultateko artista gazteek egindako lana, hori guztiori Bizkaiko Batzar Nagusiek Euskal Herriko Unibertsitateagaz daben lankidetza hitzarmenaren barruan. Oraingoan Lide Kaltzadaren eta Andrea Abaliaren margo eta argazkiak buztarturik eta alkarren osagarri egongo dira Batzar Nagusien erakusketa-aretoan (Hurtado de Amezaga kaleko 6an). Sarrera doan da.
Andrea Abalia eta Lide Kaltzada margoa eta argazki ikutuak baliaturik jarduten daben artista sortzaileen tradizino barrian kokatzen dira. Baliabide plastikoak eta ikonikoak jakituriaz eta sensibilidadez buztartu eta narrazino edegiak atontzen ditue, ikusleei esku emonaz erretratatutako pertsonaien aurrez aurre jarteko eta hareen iraganean, izaeran eta etorbidean arakatzeko.
Artista bion lanek egikera zaindua dabe eta ikusleen begiradak erakarten ditue, artelanek dagerren fikzinoa egiazkotasunez horniduz. Artelanek bat-bateko harridurea eragiten dabe eta begira-begira, zehaztasunen bila, paretea lortzen dabe. Paradoxaren eta ironiaren arteko nahastearen zertzeladak begitandu leitekez, satirikotasunaren ostean tragikotasuna eta doilorra dagozala.
MARTXOAREN 8a DALA-TA, BATZAR NAGUSIEN OMENALDIA EMAKUMEZKOENTZAKO.
Aurkezpen ekitaldia Emakumezkoen Nazinoarteko Eguna (martxoaren 8an) ospatzen dan astean zala-ta, Ana Madariaga Batzar Nagusietako Lehendakariak aldarrikapena egin gura izan dau emakumezko gazteen artearen alde, eta horrenbestez, emakumezko guztien alde. Aukeratutako artista bion “belaunaldia gure historia guztian inoizkorik ondoen prestautako euskal emakumezkoena da” esan dau Ana Madariagak, eta ganeratu dau emakume artista bien lanak joaken “izatearen eta lekuaren bila dabilzala, non eta, batera edo bestera, hainbat arlotan, arlo guztietan behar bada, baztertu egiten gaituen krisialdiko gizarte honetan”.
Emakumezko biren bizipenetan arakatzen dauen erakusketa honen eskutik, Madariagak gogotara ekarri dau oraindik egiteko “asko” dagoala emakumeen buruzagitza arlo politikoan sendotuko bada. Haratago joan eta hurrengoa ganeratu dau: “Zer esango dogu ba, ekonomiari, enpreseari edo hedabideei erreparetan badeutsegu? Holakoetan bai ikusi geinkezala emakumeakazko adibide ia iraingarriak!”. Horren adibideak jarri eta esan dau Euskadin alkateen %22a besterik ez dirala emakumezkoak, edo munduko parlamentuetan emakumezkoak batez-beste ozta-ozta heltzen dirala %19,8ra eta, beraz, urrun dagozala Batzar Nagusiotan lortutako parekotasunetik, %47a hain zuzen.
Bilboko Hurtado de Amezaga kalean dagoan Batzar Nagusien erakusketa-aretora hurreratu ezkero, aukera ederra egongo da Euskal Unibertsitate publikotik ernetako artista bizkaitar gazte bion gaitasun eta talentu handiaz jabetzeko. “Alter Ego” erakusketea “Generoa gora-behera, arte ona, kalidadezko eta etorkizun handiko arte gaztea” dala azpimarratu dau Ana Madariagak. Bisitariek ikusi ahal izango dituen emakumezkoen erretratuak “izatez oso kritikoak dira, formen aldetik txeratsuak diran arren”.
Erakusketea astegunetan, astelehenetik barikura, 9:00-21:00 ordutegian ikusi leiteke, eta zapatuetan eguerdiko 13:00ak arte.
ETBko BIDEOA
http://www.eitb.com/es/videos/detalle/1277004/video-lidia-kaltzada-andrea-abalia-exposicion-alter-ego/