Pinu-kokoaren izurritea %32 urritu da Bizkaian

Irene Pardok, Nekazaritzako Foru Diputatuak, pinu-koko izurritearen neurriari buruzko datu barriak emon ditu gaur Batzar Nagusietan. Espezie horrek aspalditik kalteten dau pinuaren osasuna. Bilduk eskatuta Nekazaritza eta Ingurumeneko Batzordearen aurrean egin dauen agerpenean, Aldundiko arduradunak azpimarratu dau teknikariek zezeilean egindako prospekzioek gaixotasun horren “eragin txikiagoa” erakusten dabela, %32 gitxiago, hain zuzen be, eta 2012an egindako tratamenduak eragina izan ebala. Pardok aurreratu dauenez, bere sailak espezie hori guztiz desagertu daiten aurrera daroan estrategiagaz jarraituko dau, eta aurton 5.800 konifero hektareatan egingo dau lan.
Diputatua Bizkaiko Ganberara joan da Bilduko batzar taldeak egindako eskaeraren ostean, izurrite horren kontra borrokatzeko irailean “egindako fumigazino masiboak" azaltzeko, fumigazino horreek eragina izen ebelako Busturialdeko ur horniduran. Eskualde horretako Ur Partzuergoak eten behar izan eban banaketa sarera bideratzen dan ur edangarriaren isuraldatzea, fumigazino bat zala-ta. Ia sei hilebete igaro dira hori gertatu zanetik, eta koalizino abertzaleak barriro galdetu deutso Aldundiko Arduradunari, Foru Aldundiak izurriteagaz amaitzeko jarraitzen dituan lanetarako protokoloei eta produktu horreek apliketako orduan sartutako hobekuntzei buruz.
Nekazaritzako Foru Diputatuak gogoratu dau fumigazinoak, merkatuan “gehien testatu diran” produktuak aplikatuz egiten dirala, diflubenzuron eta “bacillus thuringiensis”izenekoak, pertsonentzat, animalientzat eta arrainentzat guztiz “arrisku bakoak” diran produktuak. Leku “sentsibleetan” bigarrena erabilten da, ez dalako hain erasokorra. Pestizida horreek apliketako orduan, Foru Aldundia helikopteroak erabilten hasi da, hegazkin txikiak erabili beharrean, aurretik kartografiauta dagozan lekuetan “zehaztasun” handiagoa lortzeko. Hobekuntza horreen artean, departamentuak fumigazinorik egingo ez dan 100 metroko segurtasun eremua ezarten dau, prebentzino moduan, biztanleria gune, ur depositu eta landaketa ekologiko guneen inguruetan. Gainera, Pardok adierazo dauenez, interesauta dagozan taldeei informazinoa emoten jake aurretik (Udalei, erlezanei, nekazariei…).
SUHILTZAILEEN URTEERA GEHIAGO ERLE ETA LIZTORREN ERLADIAK DIRALA-TA
Nekazaritzako foru arduradunak Bizkaiko Talde Popularrak (PP) egin deutson galderari be erantzun deutso, hain zuzen be, suhiltzaileek azken urteotan Bizkaian erleen/liztorren kopurua handitzearen ondorioz antzemandako “jazoeren igoera" azaltzeko, Foru Aldundiko suhiltzaileek azken urteetan egindako urteeren datuek erakusten dabenez. Irene Pardok adierazo dau larrialdien igoerea aurreko urteetako klimatologiagaz zuzenean erlazionauta dagoala, gure lurraldean erladi gehiago egotea eragin dauelako, eta biztanleek intsektu horreek eragiten dituen arazoei buruzko informazino gehiago daukielako, komunikabideetan liztor asiarrari buruzko informazinoa emoten hasi zanetik, batez be. Esan dau, baita be, urteera kopuruak gora egin dauela lehen erlezainek egiten eben lana orain Foru Aldundiko suhiltzaileek egiten dabelako.
Euzko Abertzaleak (EAJ-PNV) eta Socialistas Vascos (PSE-EE) taldeak bat etorri dira diputatuagaz, horrelako kasuen igoerearen arrazoietan, baina PP taldea ez. Arturo Aldecoaren berbetan, arazoa “konplexuagoa” da. Biztanleak gehiago deitzen dau, gaur egun, orain 20 urte ez egoan aldaketa edo egoera “barria” dagoalako intsektu horreen presentzian. Talde popularreko batzarkideak adierazo dauenez, Bizkaiko gune batzuk, Markinak, besteak beste, ez dabe holango arazorik. Halan da be, diputatuaren eretxiz, erladien presentziaren ondorioz sortutako jazoeren handitzea “ez da intsektu horreen ohituretan aldaketa nabarmena dagoala pentsetako moduko altua edo denboran luzea”.
AHO BATEKO ADOSTASUNA ARAUZ BESTEKO PROPOSAMENETAN
Nekazaritza eta Ingurumeneko Batzordeak aho batez onartu ditu PPk egindako Arauz Besteko bi Proposamen. Lehenengoan, inausketak “sustatzeko eta aholkatzeko” eskatzen jako Foru Aldundiari, zuhaitzak moztu eta sasitzak kentzearen ordez, Bizkaiko mendietan linea elektrikoek eta beste azpiegitura batzuek eragindako igarobideen garbiketea eta mantentze beharrak egiteko orduan.
Bigarren proposamenean be, PP-k Bizkaiko ganberako talde guztien aldeko eretxia lortu dau, Bizkaiko hainbat aisialdi gunetan “osasun-arazoak artatzeko beharrezkoak leitekezan baliabide teknikoen eta giza baliabideen beharrizanen" gainean azterketea eskatzeko Foru Aldundiari. Testuak EAJ-PNV taldearen zuzenketa-eske batzuk jaso ditu, osasun jagoletza hori “ekitaldi kolektibo masiboak egiten diranean” izan daiten.