Batzar Nagusiek baztertu egin dabe Urduñarako bideragarritasun plana egiteko eskatzea Foru Aldundiari

Erdian, José Ignacio Churiaque
Bizkaiko Batzar Nagusietako Batzorde Instituzionala gaur goizean alkartu da Bilbon, Bizkaiko Talde Popularrak (PP) aurkeztutako Arauz Besteko Proposamena eztabaidatzeko. Proposamen horretan, Bizkaiko Foru Aldundiari, Urduñako Udalagaz alkarlanean, udalerri horretarako “Bideragarritasun Ekonomikorako Plana” prestetea eskatzen jako, Bizkaiko uri bakarrak dauen egoera ekonomiko-finantziero larria dala-ta. Bilduren abstentzinoaren eta Euzko Abertzaleak taldearen kontrako botoaren ostean, ekimena baztertu egin da, Socialistas Vascos (PSE-EE) taldearen eta popularren aldeko botoak jaso dituan arren. EAJ-PNV eta Bildu taldeak bat etorri dira esatean proposamen horrek “orain ez dauela zentzurik”, Bizkaiko Foru Aldundia eta Urduñako Udala, orain aste gitxi Udalak berak aurkeztutako bideragarritasun plan batean oinarrituta lanean ari diralako.
Ekimenaren aurkezpenean, PP-k adierazo dau Udal horren egoera ekonomikoa “gero eta larriagoa dala, eta ez jakola hobetzeko modurik ikusten”, Udalak berak emondako datuen arabera, 5.651.000 euroko zorra dauka-ta. Datu berberak emon ditu José Ignacio Churiaquek, Herri-Kontuen Euskal Epaitegiko (HKEE) presidenteak, Urduñako Udalaren 2009ko ikuskaritza txostena azaltzeko Batzordean aurretik egin dauen agerpenean. Ikuskaritza erakundearen eretxiz, urte haretan Udalak 3.419.000 euroko zorra eukan, Urduña Ederra S.L eta Urduñako Arkupea S.L soziedade publikoak kontuan hartu barik. Lehenengoaren akzinoen %14 Foru Aldundiaren esku dagoz.
Euzko Abertzaleak Taldeak (EAJ-PNV) aurkeztutako gehiketazko zuzenketa-eskea baztertu dau. Zuzenketa-eske horretan, Popularrek eskatzen daben bideragarritasun plan hori udalei 2012ko ekitaldirako dituen zorpetze-mugak aldatzeko ekainaren 21eko 5/2012 Foru Arauan xedatutakoaren araberakoa izan daiten eskatzen zan, kontratuen arloan udalek hartu dituen zor jakin batzuen ordainketa finantzatu ahal izateko. EAJ-PNV-ren ustez, popularren ekimena aurkeztu zanetik egoera aldatu egin da, Udalak bere plana bialdu dau, eta Foru Aldundia plan horren “bideragarritasuna aztertzen dabil”, talde jeltzalearen batzordeko bozeroaleak, Jon Andoni Atutxak, baieztatu dauenez. Batzarkide jeltzalea, urtenbide “bideragarriak eta etorkizuna izango dabenak” bilatzearen alde agertu da.
Bildu abstenidu egin da bozketan, baina jeltzaleen zuzenketa-eske horretan, udalerriaren finantza egoerea konpontzeko “akordio batera ailegetako borondatea” ikusi dau. Koalizino abertzaleak Foru Arau horrekin ados ez dagoala esan dau, “Urduñarako ez dauelako balio”. “Orain egin beharrekoa Udalak eta Foru Aldundiak konponbidea bilatzen hastea da”, esan dau Joseba Gezuragak, Bildu taldearen ordezkariak, eta “alkar ulertzeko eta alkarregaz lan egiteko izpiritu” horregaz jarraitzearen aldeko apustua egin dau, Urduñako uritarren mesedetan.
PSE-EE taldeari jagokonez, popularren ekimenaren alde agertu da, bere ustez beharrezkoa dalako Foru Aldundia plan koordinatu bat egiteko lanean inpliketea. Foru Aldundiak Urduña Ederra S.L. soziedade publikoan dauen partaidetzak “EAJ-PNV eta Bildu alkarren artean konponbidea bilatzera behartzen ditu”, esan dau Iñaki Egañak, PSE-EE-ko bozeroaleak.
HKEE-REN TXOSTENA URDUÑAK0 2009KO EGOERARI BURUZ
Proposamen popularra eztabaidatu aurretik, ditu José Ignacio Churiaque, Herri-Kontuen Euskal Epaitegiko (HKEE) presidentea, Bizkaiko Batzar Nagusien aurrean agertu da, Batzorde Instituzionalaren eskariari erantzunez, Urduñako Udalaren 2009ko ikuskaritza txostena azaltzeko. Hiru ordu baino gehiago iraun dauen batzarretako taldeen aurreko azalpen zabalean, Churiaquek udal horren kontuen eta HKEE-k bere ikuskaritza lanean ikusi dituan akats eta gabezia nagusien azalpen zehatza egin dau.
Churiaquek azpimarratu dauenez, Urduñako Udalak 3.419.000 euroko zorra eukan 2009an, eta zor hori 6.800.000 eurokoa zan Urduña Ederra S.L. eta Urduñako Arkupea S.L. soziedade publikoen galerak kontuan izan ezkero. Ikuskaritza erakundearen berbetan, urte horretan gastuak %8 handitu ziran, diru-sarrerak %3,7 murriztu ziran eta aurrezpenak %77ko atzerapena izan eban. Zifra horreek ikusita, Urduña Bizkaia osoan zor gehien dauen udalerrietako bat da. Urduñako biztanle bakotxak 810 euro zor ditu, soziedade instrumentalen “zuloa” kontau barik. Kopuru hori Bizkaiko udalerrien batez bestekotik oso urrun dago, Bizkaiko batez besteko zorra 116 eurokoa dalako, eta Euskadikoa 265 eurokoa.
HKEE-ko presidenteak, bere agerpenaren hasieran, Udal horretako langileen kontratazioetan eta esleipen publikoetan aurkitutako “ez betete eta gabezia” ugariak zehaztu ditu. Horreen artean, Epaitegiko auditoreek, ez beteteak aurkitu ditue lan kontratu finkoko langileak kontratetako prozesuetan, esleitutako kostua eukien obratan %40 arteko gain-kostuak, eta Urduñako Arkupea eta Urduña Ederra soziedade publikoen bitartez egindako hainbat “agindu”, Alondegiko eraikinaren barrualdea egokitzeko eta nagusien udal egoitza barriztetako lanetarako. Obra horreek biak lehiaketa publiko barik esleitu ziran, 128.000 euroko eta 31.000 euroko “gain-prezioagaz”, hurrenez hurren. Churiaquek adierazo dauenez, Udalak kopuru horreek aurreztu egingo ebazan esleipena behar dan moduan egin izan balitz.