Batzar Nagusiek Ondarearen gaineko Zergari buruzko eta Iruzur fiskalaren kontrako neurrien gaineko Foru Arau proiektuak onartu ditue
Bizkaiko Batzar Nagusiek, Gernikako Batzarretxean burututako osoko batzarrean, Foru Arau proiektu bi onartu ditue: Ondarearen gaineko Zerga barria, eta iruzur fiskalaren kontrako borroka indartzeko neurri barriak eta 2013rako beste zerga neurri batzuk jasoten dituen araua. Saio berean, Bizkaiko ganbarak, balantzeen eguneratzeari, jokoari eta BEZ-ari buruzko beste hiru Foru Dekretu Arauemaile be baietsi ditu.
Hainbat eta hainbat bozketa egin eta gero (Foru Arau bietan bakarrik 39 bozketa egin dira) zergen arloko aldaketa ugariak onartu baino lehen, Tontxu Rodríguezek, senatari eta Barakaldoko Alkateak Socialistas Vascos Taldeko batzarkide moduan hutsik itzitako eserlekua Isaac Fernándezek hartu dau. Osoko batzarrak, Bizkaiko Lurralde Historikoaren Iraunkortasunerako Kontseilurako Bizkaiko Batzar Nagusien lau ordezkariak aukeratu ditu. Isilpeko bozketaren ostean aukeratutako lau kideak, batzarretako taldeek hasieran proposautakoak izan dira: María Presa Euzko Abertzaleak taldetik, Asier Vega (Bildu), Isaac Fernández (Socialistas Vascos) eta Arturo Aldecoa (Bizkaiko Popularrak).
FORU ARAUAK
Ogasun eta Finantzetako Foru Diputatuak, Jose Maria Iruarrizagak, egindako defentsa kontuan izanda, Euzko Abertzaleak (EAJ-PNV) eta Bizkaiko Popularrak (PP) taldeen aldeko botoari esker onartutako bi Foru Arauek “zerga sistema zuzenagoa, progresiboagoa eta parekatuagoa lortu eta iruzur fiskalaren kontrako borroka indartu gura dabe”. 2013. urte honetan indarrean sartuko dan –eta 2014ko Aitorpenean aurkeztu beharko dan– Ondarearen gaineko Zergaren kasuan, aurreikuspenen arabera, Bizkaiko 7.500 zergadunengan izango dau eragina, eta 75 milioi euro jaso ahal izango dira, 2011n, tributu hori aplikau zan azken urtean, baino 20 milioi gehiago. Ogasun eta Finantzetako Foru Diputatuak bere azalpenean azaldu dauen moduan, arau barri horrek 800.000 euroko gitxieneko salbuespena ezarten dau, eta ohiko etxebizitzeak 400.000 euroko balio salbuetsia izango dau.
Bildu taldeak Ondarearen gaineko Foru Arau horren kontra bozkatu dau, bere ustez “ez dalako ez aurrerakoiagoa ezta zuzenagoa be”. Osoko Batzarrak talde horrek erreserbautako 13 zuzenketa-eskeak baztertu ditu. Horreen artean, gitxieneko kopuru salbuetsia 700.000 eurotara murrizteko eskaerea egoan, eta Socialistas Vascos (PSE) taldea puntu horrekin ados azaldu da. Horrez gain, sozialistek, ondare handietarako %2,5eko grabamenagaz jarraitzea gura eban, arauzko testu barriaren bitartez %2ra murriztu beharrean. Sozialistek osoko batzarrerako erreserbautako zuzenketa-eske biak be baztertu egin ditue jeltzaleek eta popularrek. PP taldea Ondarearen gaineko Zerga barriaren alde agertu da, zergari hiru lurraldeetan “eusteko” asmoagaz.
Iruzur Fiskalaren kontrako Neurriei buruzko Arauari jagokonez, Ogasun eta Finantzetako Foru Diputatuak azpimarratu dauenez, ehun ekintza baino gehiago prestau dira: iruzurraren kontrako borroka indartzeko 65 neurri gehigarri; Alkarrenganako Laguntzari buruzko erkidegoko araudia egokitzeko 25 neurri; eta tributuei buruzko beste 23 neurri.
Batzordean Socialistas Vascos taldearen 9 zuzenketa-eske jaso ebazan behin betiko erespena Osoko Batzarrera heldu da, behin betiko baiespenerako, Bilduren 9 zuzenketa-eskegaz eta PSE-EE-ren 3gaz. EAJ-PNV eta PP zuzenketa-eske guztien kontra azaldu dira, eta euren botoakaz (27 guztira) iruzur fiskalaren kontrako borrokarako Foru Arau barria onartu dabe, arau horren artikuluei eta xedapenei buruzko lau bozketa egin ostean. PP taldea abstenidu egin da Arauaren 3. artikuluari buruzko bozketan, Ekonomia eta Ogasuneko Batzordean PSE-k sartutako eta jeltzaleek onartutako zuzenketa-eskeagaz ados egon ez dalako.
ZEHAPENAK HANDITZEA
Beste neurri batzuen artean, Foru Aldundiak zehapenak handitzea sartu dau. Gitxieneko zehapena %50etik %100era igoten da, eta gehieneko zehapena, barriz, %200etik %250era. “Isun” horreen aldaketea izan da Bilduk gehien eztabaidatu dauen puntuetako bat. Isun arinak dira gehien handitzen diranak, “bikoiztu egiten dira” eta horrek, ez jakitearen ondorioz akatsak egin dituen “pertsona xumeak eta enpresa txikiak” kaltetu daikez, koalizino abertzalearen berbetan. EAJ-PNV-k eta PP-k esan dabenez, Ogasunak egiten dituan aurretiko errekerimenduak “nahikoa” dira araua hausten dauen pertsona informetako eta zergaren inguruko betebeharretan hanka sartzeak egon ez daitezan.
Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergan (PFEZ) eta Soziedadeen Zergan gastuek daukien tratamenduari jagokonez, Foru Aldundiak dedukzinoen muga ezarri dau saihespen iturri nagusi izan daitekezan gastuetan: errepresentazino eta erlazino publiko gastuak (jatetxeak, hotelak, bidaiak…) %50 baino ezingo dira deduzidu, eta gehienez be diru-sarrera osoen %5eraino; oparien ondoriozko gastuak, 300 euroko dedukzinoa gehienez jasotzaile bakotxaren kasuan, onuraduna identifikatuz; eta ibilgailuakaz erlazionautako gastuak, ibilgailuaren gehieneko balioa deduzitzeko kopurua (25.000 euro) zein erabilerearen ondoriozko gastuak murriztu egiten dira, tasatutako salbuespenekaz.
Arau barriagaz ezin izango dira deduzidu itsasontziak eta aireontziak eta horreekaz erlazionautako gastuak, jarduera ekonomiko erreal eta jarraitu balizkoetan izan ezik, ezta 2.500 €-tik gorako kopuruak esku-diruz ordaintzeari buruzko araudia bete barik egiten diran ordainketen gastuak be. Horrez gain, orain espezieko ordainketen onuradunak identifikau beharko dira, eta kendu egingo da jarduera ekonomikoaren galerak laneko errendimenduakaz konpentsetako aukerea.
HIRU FORU DEKRETU ARAUEMAILE ONARTU DIRA
Arlo fiskala baztertu barik, Batzar Nagusiak, Jose Luis Bilbaoren gobernuaren hiru Foru Dekretu Arauemaile (FDA) berretsi ditu, guztiak be izaera teknikodunak eta arauari egokitzekoak: 10/2012 FDA, Jokoari lotutako zenbait irabaziri aplikatu ahal jakon zerga araubidea arautzen dauena; 11/2012 FDA, Balantzeak eguneratzekoa; eta 1/2013 FDA, Balio Erantsiaren gaineko Zergari buruzko 1994ko azaroaren 9ko 7/1994 Foru Araua aldatzen dauena.
Balantzeen eguneratzeari jagokonez, “premiazko” arrazoiak dirala-ta onartu da, 2012ko ekitaldian ditualako ondorioak. EAJ-PNV eta PP taldeen aldeko botoak jaso ditu, Bildu abstenidu egin da eta PSE taldeak kontra bozkatu dau. Arau barriak, balantzeak eguneratzeko prozedura barria egiteko aukerea eskaini gura deutse enpresei. Helburua –Aldundiaren berbetan– inflakzinoak ondasunen balioan eragin daikezan ondorioak baztertzea da. Holan, balantzeek modu egokiagoan erakutsiko dabe enpresen aktiboen balorazinoa.
Foru Erakundeko arduradunen eretxiz, gaur egungo abagune ekonomikoan, enpresen balantzeak indartzea “funtsezko” elementua da, finantza merkaduetara baldintza “hobeagoetan” heldu ahal izan daitezan. Arau horrek une honetakoa baino kontabilitate eta fiskalitate balio altuagoa onartzen dau, Foru Arauan ezarten diran arauak aplikatuz. Balantzeen azken eguneratzea 1996. urtean egin zan.
Jokoari lotutako irabaziei aplikatu ahal jaken zerga araubidea araupetuko dauen Foru Dekretu Arauemaileari jagokonez, EAJ-PNV, PSE eta PP taldeen aldeko botoagaz onartu da, eta Bildu abstenidu egin da. Helburua, 2013ko urtarrilaren 1etik zenbait sariri %20ko zerga berezia ezartea da: Estatuak, Autonomia Erkidegoek, Organización Nacional de Ciegos Españoles izenekoak, Espainiako Gurutze Gorriak eta Europa mailako antzeko erakundeek antolatutako sariei, hain zuzen be. Orain arte sari horreek ez eben zergarik ordaintzen. 2.500 euro arteko sariek ez dabe zergarik ordaindu behar.
Osoko Batzarrak, aurreko puntuak izan dauen aldeko boto kopuru berberagaz onartu dau abenduaren 27ko 17/2012 eta 16/2012 Legeek sartutako barrikuntzak Bizkaiko Lurralde Historikoko zerga arautegira egokitzeko Foru Dekretu Arauemailea. Lege horreek, 2013. urterako Estaduko Aurrekontu Orokorrei eta BEZ arloan finantza publikoak indartzera eta jarduera ekonomikoa bultzatzera bideratutako zerga neurriei buruzkoak dira.
BILDUK AURKEZTUTAKO ARAUZKO AINTZAT HARTZE BIAK ONARTU DIRA
Bizkaiko Batzarrak on ikusia emon deutse Bildu taldeak aurkeztutako bi ekimenei, etekin irregularren baturaren mugari jagokonean 6/2006 Foru Araua aldatzeari buruzkoa, eta 3/1987 Foru Arauan aldaketa batzuk egiteari buruzkoa, foru arauek “genero eragina” kontuan hartu daien.
Bildu taldeak, beste ezer baino lehen, “errenta irregularrak” izenekoetarako 300.000 euroko muga ezartea defendidu dau. Neurri horrek, urtean diru-kopuru handiak kobretan dituen goi mailako kirolariengan izango leuke eragina. Ekimen horrek EAJ-PNV, PSE eta Bildu taldeen aldeko eretxia eta PP-ren abstentzinoa lortu ditu.
PSE-k gogoratu dau holango aldaketa planteau ebala PFEZ-aren azken aldaketan, eta barriro aurkeztuko dauela zerga hori barriztatzen dan hurrengoan. EAJ-PNV aldaketak sartzearen alde agertu da, eta bere proposamena lantzen dabilela aurreratu dau. PP-k baztertu egin dau Bilduren proposamena, bere eretxiz “nahasia” dalako eta ez dauelako garbi izten lanaren etekinaren ondoriozko aldaketak diran bilatzen diran bakarrak.
Bilduren bigarren proposamenak EAJ-PNV eta PSE taldeen aldeko botoa jaso dau, eta PP abstenidu egin da. Proposamen horretan, Aldundiak aurkeztuko dituan Foru Arau Proiektuetan “genero eraginari” buruzko txostenak sartzea bilatzen da. Talde guztiak bardintasunaren aldeko neurriak bultzatzearen alde agertu dira. PP-k galdetu dau ea ekimen horren aplikazinoak atzerapenak sortu daikezan arau proiektuak prestetako orduan, talde horren eretxiz departamentuek, une honetan “ez dagozala prestatuta” genero azterketa horreek egiteko onartu dabelako.
ARAUZ BESTEKO PROPOSAMENAK
Ekimen ez lotesleen artean, batzarretako taldeek atzera bota dabe Socialistas Vascos taldearen proposamena, Bizkaiko Legebatzarrak Rajoyren Gobernuak osasungintzan aplikau dituan “murrizketen” eta farmazietako kopagoaren kontrako eretxia emon daian. Foru Gobernuan eragina daukien sozialisten eskarien artean, lurraldeko gobernuari egindako eskaerea dago, tributu sistemaren bitartez “sortutako farmaziako gastuen ondoriozko desgrabazinoak bultzatu daizan”. Bildu proposamenaren alde agertu da, baina EAJ-PNV-k eta PP-k kontrako botoa emon dabe.
Bizkaiko Talde Popularrak, bere aldetik, ekimen bat aurkeztu dau, Foru Aldundiak, Urtuellan dagoan 19.000 m2ko lur-saila, 1998. urtean Hormigones Cavia enpreseari 57.096 eurotan saldutakoa, foru ondarerako berreskuratu daian. Salmenta hori egiteko baldintza, enpresak bere instalazinoak lekuz aldatzea izan zan, baina enpresak ez dau baldintza hori bete. Proposamenak talde guztien aldeko botoa jaso dau.