Ohiko batzarra Gernikan, eguaztenean, zezeilaren 27an

Azkeneko saioa egin eta astebete geroago, batzarretako taldeak barriro batuko dira Gernikako Batzarretxean eguaztenean, zezeilaren 27an, goizeko 09:00etatik aurrera, ohiko lan saioa burutzeko. Bizkaiko 51 ordezkariek barriro landuko dabe gure Lurraldearen gaurkotasuna, eguneko gai-zerrendan hogei puntu jasoko dituan saioan. Isaac Fernándezek Tontxu Rodríguez ordeztuko dau Socialistas Vascos Taldeko batzarkide legez. Batzar Nagusiari hasierea emoteko, Balmasedako Udaleko zinegotziak bere lekua hartuko dau, eta Bizkaiko Lurralde Historikoaren Iraunkortasunerako Kontseilurako Bizkaiko Batzar Nagusien lau ordezkariak aukeratuko dira, talde bakotxeko bat: María Presa Euzko Abertzaleak taldetik, Asier Vega (Bildu), Isaac Fernández (Socialistas Vascos) eta Arturo Aldecoa (Bizkaiko Popularrak).
Horren ostean, Ondarearen gaineko Zergari buruzko Foru Arauaren Proiektua eta Iruzur fiskalaren aurkako borrokea indartzeko neurri osagarriak nahiz zergen arloko beste aldaketa batzuk onartzen dituan Foru Arauaren Proiektua legebatzarreko azken izapidera helduko dira, Ekonomia eta Ogasuneko Batzordean eztabaidatu ostean. Arau aldaketa biek Euzko Abertzaleak (EAJ-PNV) eta Bizkaiko Popularrak (PP) taldeen aldeko eretxia jaso dabe, eta Gernikara behin betiko onesteko helduko dira, taldeek aurkeztutako zuzenketa-eskeak eztabaidatu eta bozkatu ostean.
Batzar Nagusira PSE-EE-ren zuzenketa-eske bigaz eta Bilduren 14gaz heltzen dan Ondarearen gaineko Zerga barriaren berreskuraketak Bizkaiko 7.500 zergadunengan izango dau eragina, eta lurraldeko kutxatan 75 milioi euroko eragin ekonomiko positiboa izango dau, 2011n, tributu hori aplikau zan azken urtean, baino 20 milioi gehiago, Ogasun eta Finantzetako Foru Diputatuak, Jose Maria Iruarrizagak, joan dan zezeilaren 8an batzordean aurreratu eban legez.
Gernikara heltzen dan bigarren Foru Arauaren Proiektuari, Iruzur fiskalaren kontrako borrokea indartzekoari, jagokonez, Foru Aldundiak bultzatzen dituan arauen aldaketek Bizkaiko Lurralde Historikoko sistema fiskaleko hainbat tribututan izango leukie eragina, Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergan (PFEZ) edo Soziedadeen Zergan. Lekuko zergen arloko beste aldaketa batzuk be jasoten ditu. Aldaketa horreetan, iruzurraren kontrako borrokea indartzeko 65 neurri gehigarri, Alkarrenganako Laguntzari buruzko erkidegoko araudia egokitzeko 25 neurri eta tributuei buruzko beste 23 neurri jasoten dira. Batzordean Socialistas Vascos taldearen 8 zuzenketa-eske gehitu ebazan behin betiko erespena Batzar Nagusira helduko da, behin betiko baiespenerako, Bilduren 9 zuzenketa-eskegaz eta PSE-EE-ren 3gaz.
Alor fiskala baztertu barik, Batzar Nagusiak, Jose Luis Bilbaoren gobernuaren hiru Foru Dekretu Arauemaile (FDA) berretsi beharko ditu: 10/2012 FDA, Jokoari lotutako zenbait irabaziri aplikatu ahal jakon zerga araubidea arautzen dauena; 11/2012 FDA, Balantzeak eguneratzekoa; eta 1/2013 FDA, Balio Erantsiaren gaineko Zergari buruzko 1994ko azaroaren 9ko 7/1994 Foru Araua aldatzen dauena. Hiru dekretuak irakurketa bakarreko prozeduraz izapidetuko dira Batzar Nagusiaren aurrean.
BILDUREN ARAU PROPOSAMENAK
Eguneko gai-zerrendan Bildu taldearen ekimen bi jasoten dira, Etekin irregularren baturaren mugari jagokonean 6/2006 Foru Araua aldatzeari buruzkoa, eta 3/1987 Foru Arauan aldaketa batzuk egiteari buruzkoa, foru arauek “genero eragina” kontuan hartu daien,
ARAUZ BESTEKO PROPOSAMENAK
Ekimen ez lotesleen artean, batzarretako taldeek Socialistas Vascos taldearen proposamena eztabaidatuko dabe. Proposamen horretan eskaerea egingo jako Foru Aldundiari, Rajoyren Gobernuak osasungintzan aplikau dituan “murrizketei” eta farmazietako kopagoari buruzko eretxia emon daian. Foru Gobernuan eragina daben sozialisten eskarien artean, lurraldeko gobernuari egindako eskaerea dago, tributu sistemaren bitartez, “sortutako farmaziako gastuen ondoriozko desgrabazinoak bultzatu daizan”.
Bizkaiko Talde Popularrak, bere aldetik, ekimen bat aurkeztu dau, Foru Aldundiak, Urtuellan dagoan 19.000 m2ko lur-saila, 1998. urtean Hormigones Cavia enpreseari 57.096 eurotan saldutakoa, foru ondarerako berreskuratu daian. Salmenta hori egiteko baldintza, enpresak bere instalazinoak lekuz aldatzea zan, baina enpresak ez dau hori egin.
FORU ALDUNDIAREN ERANTZUNAK
Foru Gobernuari egiten jakon Legebatzarraren kontrola, oposizinoak egingo dituan hainbat Itaunetan eta ahozko erantzun-esketan kontzentrauko da. Bizkaiko Popularren taldeak itauna egingo deutso foru gobernuari, Guggenheim Bilbao Museoari proposauko deutsan estrategiari buruz, “2012. eta 2013. urteetan aurreikusten diran ekarpen urriagoek” Museoaren bilduma propiorako artelanak erosteko estrategiari egin leikiozan kalteak saihesteko. Horrez gain, talde horrek berak beste galdera batzuk be egingo dauz: 2012ko abenduaren 5ean Batzar Nagusiek Santurtziko portuaren gainean erabagitakoa beteteari buruz; Bizkaibuseko gidarien kalidadearen kontrolari eta segurtasunari buruz; BBK-ren eta Reina de la Paz egoitzaratuta egozanen artean adostutakoa beteteari buruz; eta “Gordexolan hutsik dagoan 26 metro karratuko enpresen mintegia martxan jarteko 450.000 euroko diru-laguntzea emoteari buruz”.
Bildu taldeari jagokonez, itauna egin deutso Garraioetako Foru Diputatuari, Interbiakek izandako aurrekontu igoerei buruz eta banketxeakaz dagoan zorpetze mailari buruz. Koalizino abertzaleak, Leioako Campuserako zerbitzuetan EHUko ikasleei Bizkaibusek eskainitako zerbitzu bere ustez “ezegokiari” buruz Foru Aldundiak dauen eretxia ezagutu gura dau, eta Ondarearen gaineko Zergaren bidez 2011 urtean jasotakoari buruzko hainbat datu be eskatuko ditu.