Aurreko Albisteak

Batzar Nagusiek joan dan urteko puntako orduko ordutegiak berreskuratzeko eskatu deutsie Metro Bilbaori

Batzordea

Bilbon, 2013ko zezeilaren 22an

Gaur burutu dan Batzar Nagusietako Herri Lan eta Garraioetako Batzordea, gaur egun Metro Bilbaok eskaintzen dauen zerbitzuari buruzko monografikoa izan da, urtarrilaren 9tik aurrerako aldaketak dirala-ta maiztasun eta ordutegi barriak indarrean sartu ziranetik. Bizkaiko Ganbarak, Bizkaiko Alderdi Popularrak (PP) aurkeztutako Arauz Besteko Proposamena onartu dau. Proposamen horretan, aurreko zerbitzu koadrora itzultzea eskatzen da, hau da, goizeko puntako ordua goizeko 07:00etatik 10:00etara luzatzen zan zerbitzu koadrora, gaur egun baino ordu erdi gehiago.

PP-k, Euzko Abertzaleak (EAJ-PNV) taldeak aurkeztutako zuzenketa-eskea onartu dau. Zuzenketa-eske horretan adierazoten da zerbitzuaren gainerakoaren aldaketea eskatu aurretik, une honetan Metro Bilbaoren kudeatzaile barriak egiten ari diran azterlanaren emaitzak itxaron beharko dirala. Itziar Garamendik, Herri Lan eta Garraioetako diputatuak, adierazo dauenez, azterlana martxoaren bukaerarako egongo da amaituta. Azterlan horretan oinarrituta egingo dan zerbitzu proposamena funtsezkoa izango da 2014ko ordutegiak jarteko.

Ekimena PP-ren eta EAJ-PNV-ren botoakaz onartu da, eta Bildu eta Socialistas Vascos (PSE-EE) taldea abstenitu egin dira. Bertan, Foru Aldundiari eskaerea egiten jako, bidaiari gehieneko orduetan “baztertutako zerbitzuak berehala jarri daiazala martxan barriro”, izan be, murrizketa horrek “pilaketak sortzen ditu nasetan eta arriskuan ipinten dau erabiltzaileen segurtasuna”, Jesús Isasi popularraren berbetan. Jesús Isasik adierazo dau, baita, hori dala-ta, segurtasun langile gehiago egoten dala.

Nerea Ahedok, EAJ-PNV-k batzordean dauen bozeroaleak, zein Itziar Garamendik, PP-k eskatuta, Metro Bilbaoko Administrazino Kontseiluko kide legez, ganbaran egon dan Herri Lan eta Garraioetako diputatuak, Batzar Nagusietan adierazo dabe lur azpiko trenaren zuzendaritza barria, lehengo kudeatzaileek “ezarritako” ordutegien maiztasunaren murrizketea aztertzen ari dirala, erabagi hori hartzeko zergaitiak zerbitzuaren errealidadeagaz bat datozala egiaztetako.

Ildo horri jarraituta, Diputatuak azaldu dau, gaur egungo Metro Bilbaoko zuzendaritzak eskaini deutsazan datuak kontuan izanda, maiztasunak murrizteko eta egunean 45 tren inguru kentzeko (PSE-ren berbetan 41 tren izan ziren, eta PP-ren eretxiz, barriz, 50 zirkulazino), aurreko zuzendaritza taldeak esan ebala erabagi horri esker urtean 748.000 euro aurreztuko zirala; 429.000 euro gidaritzan egin beharreko ordu gitxiagoen ondorioz eta 318.000 euro energiaren kontsumoko eta mantentze lanetako aurrezpenak zirala-ta.

Bilduk, gainerako talde guztiek baztertu daben bere Arauz Besteko Proposamenaren bitartez, Metro Bilbaok 2012ko urtarrilaren 9an eskaintzen eban zerbitzua berreskuratzeko eskatu dau. Koalizino abertzaleak, gainera, lur azpiko trenaren zuzendaritzak, zerbitzu bereziak eskatzen dituen ekitaldien aurrean “zolitasun eta azkartasun handiagoz” jokatu behar dauela be eskatu dau, eta “Metro Bilbaorako beste aurrezpen neurri batzuk aztertu daitezala, erabiltzaileentzat zerbitzu murrizketarik ekarriko ez daben neurriak, esaterako goi zuzendaritzaren soldatak jeistea, kaleratzeagaitiko neurribako kalte-ordainak, etab”. Garamendik adierazo dau metroaren kudeatzaile barriek hartutako lehenengo neurria zerbitzu bereziak barriro martxan jartea izan dala (Athletic taldearen partiduak, Inauteriak…) eta puntako orduak ez diran orduetako zirkulazinoen murrizketea aztertzea. Murrizketa hori “zerbitzuaren %10ekoa da”, astegunetako goizeko 10:00etatik gaueko 21:00ak arte.

PSE-EE taldeak argitu gura izan dau zerbitzuaren murrizketa horrek ez dauela eraginik puntako orduetan –gaur egun goizeko 07:00etatik 09:30etara– eta 2012an eskaintzen zan zerbitzuagaz dauen aldea, tren baten eta hurrengoaren arteko denpora tartea, 20 segundo gehiagokoa “baino” ez dala, eta beti be puntako orduetatik kanpoko ordutegian. Joaquín Colmenero batzarkide sozialistak, zerbitzu bereziak kentzea aurreko kudeatzaileen “akatsa” izan zala onartu dau, baina ez ohiko zerbitzua ezarteko beharrezkoa dala “ekitaldiek daukien asistentzia parametroak kontuan izatea”.


2013ko TARIFAK

Batzordeak baztertu egin dau, EAJ-PNV, PSE eta PP taldeen kontrako botoakaz, Bilduk aurkeztutako Arauz Besteko Proposamena, Bizkaiko Batzar Nagusietatik eskaria egiteko Bizkaiko Garraio Partzuergoko kudeatzaile barriei, 2013. urtean prezioak izoztuta mantendu dagiezan. Aitor Torrek, Bilduko taldeburuordeak neurri hori eskatu dau “zuzena dalako BGP-CTB-ak garrikoa estutzea, joan dan urtean erabiltzaileek egin daben moduan”. Bilduren eretxiz, garraio txartelen prezioaren igoeraren aurrean, Torrek esan dauenez “Hilekoa %7 baino gehiago garestitu zan”, eta uztailean izandako BEZ-aren igoeraren aurrean, hiritarrek izozketa “behar eta merezi” dabela, eta gehiago oraindino kontuan izaten badogu metroak txartelen salmentaren bitartez lortzen dauen auto-finantzaketa %80koa dala, beste metro askok lortzen dabena baino askoz gehiago. Madrilgo eta Valentziako metroak, adibidez, ez dira %50era heltzen.

Gainerako taldeek esan dabe “goizegi” dala eztabaida hori egiteko, oraindino ez diralako ezagutzen metroaren kudeatzaile barriek tarifen inguruan daukiezan asmoak. “Datuak daukaguzanean gure eretxia emongo dogu”, esan dau Joaquín Colmenero sozialistak. Nerea Ahedok (EAJ-PNV) gai horreetan, “zuhurtzia” eskatu dau, alor horretan hartzen diran erabagiak “beste gai batzuetan be eragina izango dabelako”. EAJ-PNV-ren eretxiz, prezioetan bi erispide nagusitu behar dira: ohiko erabiltzaileak saritzea eta, igoera egon ezkero, KPI-a baino altuagoa ez izatea. PP-ko Jesús Isasik, “Gipuzkoan eskatzen ez dauena” hemen eskatzen dauela aurpegiratu deutso ezker abertzaleari, Donostiako autobusaren prezioa “%5 igon da-ta”.

Batzarretako talde guztiek argi ikusi daben gauza bakarra, metroa ez dala “erasorako arma” legez erabili behar izan da, eta garai barri honetan “norgehiagoka politikotik” kanpo geratu behar dala.