Aurreko Albisteak

Batzar Nagusiek Foru Aldundiari eskatu deutsie "apurka-apurka" herritarrei zerbitzu guztiak euskeraz emoteko

Batzordea

Bilbon, 2013ko zezeilaren 21ean.

Gaur, Bizkaiko Batzar Nagusietako Kultura eta Euskera Batzordea batzartu da Bilbon, Ama Hizkuntzen Nazinoarteko Egunean, oposizinoak aurkeztutako ez-arauzko sei proposameni buruz eztabaidatzeko. Onartutako ekimenen artean, proposamen bi izan dira nabarienak: Bildurena eta Euskal Sozialistak Taldearena. Horren bitartez, hain zuzen be, Foru Aldundiari eskatu deutso zerbitzu “guztiak” euskeraz emoteko. Bestetik, koalizino abertzaleak foru-erakundeari eskatu deutso foru-aldundiko behargin publikoen artean sentsibilizazino-kanpainak bultzatzeko.

Adostasun handiena lortu dauen proposamena PSEk aurkeztutakoa izan da, Eusko Jeltzaleak (EAJ) eta Bizkaiko Popularrak (PP) taldeek be babestu dabe-eta. Bere proposamenean, PSEk foru-gobernuari eskatu deutso “hartu-emon informaletako sentsibilizazinorako” barru-jarduketak abian jarteko eta “apurka-apurka” zerbitzu “guztiak” euskeraz emoteko, “gure errealidade soziolinguistikoaren eta zehaztutako helburuen arabera”. Azken testuan, gainera, PPren eransketa-zuzenketa be hartu da kontuan, bizkaieraren sustapena, babesa eta erabilerea be kontuan hartzeko.

Bildu izan da ekimen hori bete-betean gaitzetsi dauen alderdi bakarra, “epela” dalakoan. “Asmoa oso ona da, baina apurka-apurka egingo dala esatean geldiarazo egiten da”, azaldu dau Bilduko Asier Sanz ordezkariak. Euskereari buruzko Legea onartu zanetik 30 urte igaro diranean, “legeak ezarteko unea heldu da, euskaldunon eskubideak errespetau daitezan”. Horrezaz gainera, ahalegin “berezia” egiteko eskatu deutse beharginei, lehendik dagoan araudi “egokia” bete daien. Ezker abertzaleak soziedade publikoek be ahalegin berbera egin beharko leukiela adierazo dau.

Horretarako, alderdi abertzaleak bi ekimen aurkeztu ditu, foru-administrazinoan euskerearen erabilerea bultzatzeko. Lehenengo ekimena proposamen sozialistaren antzekoa izan da, eta, bertan, Bizkaiko Foru Aldundiari eskatu deutsie “herritarrei zerbitzu guztiak euskeraz emoteko”. Bigarrenean, ostera, “sentsibilizazinorako jarduerak abian jarteko” eskatu deutsie, “lanaren arlo informalean euskerearen erabilerea areagotu daiten”. Bi proposamenek EAJren babesa euki dabe, baina PSE abstenidu egin da. PP lehenengoan abstenidu da, eta bigarrenaren aurkako botoa emon dau, “arlo informala” terminoa ez onartzean. Arturo Aldecoa ahalordedun popularrarentzat, Bildu “ur handitan” sartu da, eta “errakuntza larria” egin dau, Foru Aldundiak ezin ditualako personak euren lanean euskerea erabilten behartu. Gero, ostera, gai hori ukatu dau Bilduk. Euskerea “eztabaida politikotik aterateko” eskatu dau batzarkide popularrak.

EAJ bat etorri da hiru ekimenakaz, baina ñabardura batzuk egin ditu, Bilduk aurkeztutako ekimenetan “nahikoa” ez egitearren aldundiari “kritikea” egiten deutsiela uste dauelako alderdi jeltzaleak. Talde horrentzat, hain zuzen be, Foru Aldundiak araudia beteten dau, eta, horren arabera, gaztelaniaz zein euskeraz emon behar dira zerbitzuak. EAJko Zuriñe Argatza ahalordedunaren eretxiz, foru-erakundeak inguruabar hori “bermatzen dau”, eta “herritarren borondatearen” arabera areagotu dau euskerearen erabilerea. Sentsibilizazinorako kanpainen jagokenez, EAJren esanetan, aldundiak herritar guztientzako kanpainak egin ditu, eta aldundian bertan be barruko jarduketak garatu dira, euskerearen erabilerea areagotzeko; esate baterako, erabilerarako mikroplanak jarri dira abian.


ARTEAREN DOHAINTZA-EMOILEEN AITORPENA

Bestetik, Bizkaiko Batzar Nagusietako Kultura eta Euskera Batzordeak EAJk, PSEk eta PPk alde emondako botoez onartu dau PPk aurkeztutako ez-arauzko proposamena. Horren arabera, Foru Aldundiak zeozelango aitorpena egin beharko leuskie ondasun kulturalak dohaintzan emon, gordailatu edo laga egiten dituenei, museo horreek foru-erakundekoak diranean edo foru-administrazinoa beste museo batzuetako patronatuko edo kontseiluko kidea danean. Popularrek EAJren zuzenketa onartu dabe, informazino horrek ongileen baimena euki daian. Bildu abstenidu egin da, neurri hori “familia handien edo ospetsuen loriarako” dala uste dau-eta.


BURTZAKO MEATZARI-AUZOA

Batzordeak aho batez onartu dau PPk aurkeztutako proposamena. Horren bidez, Foru Aldundiari eskatu deutso Trapagarango Zugaztietako Burtzako meatzari-auzoaren egoerea “aztertzeko”. Hain zuzen be, “ustezko jarduketak aztertu eta helburu erabilgarria emon beharko jako” herrigune horri. Bere sasoian, ehunka biztanle, eskolea eta “jaustear dagoan” kantinea euki zituan, Arturo Aldecoa ahalordedun popularrak azaldu dauen lez. Talde guztiek bete-betean onartu dabe ekimena. Bide batez, EAJk gogora ekarri dau zelako jarduketak bultzatu dituan aldundiak inguru horretan; Meatzarien Museoa, esaterako. Era berean, Deustuko Unibersidadeak auzoari buruzko azterketa egiteko asmoa daukala be iragarri dau.


ARTE ESZENIKOETAKO GOI-ESKOLEA

Amaitzeko, batzordeak Bilduk aurkeztutako ez-arauzko proposamena gaitzetsi dau. Horren bitartez, Arte Eszenikoetako Goi Eskolearen sorrerea bultzatu gura eban. Euskal kulturearentzat arte eszenikoak oso garrantzitsuak dirala kontuan hartuta, gainerako taldeak ekimenaren muinagaz bat etozan. Halanda be, EAJk eta PPk nabarmendu egin dabe Batzar Nagusiek prestakuntza-zentro hori abian jarteko eskumenik ez daukiela, eskumen hori Eusko Jaurlaritzarena dalako. “Eusko Jaurlaritzako gaur eguneko taldeak jarri beharko dau abian ekimen hori", azaldu dau EAJk batzordean daukan Jon Sánchez bozeroaleak. Batzarkide jeltzaleak onartu egin dau eskoleak behar besteko aurrekontua eukala Gasteizko gobernuko 2010. eta 2011. urteetako kontu publikoetan, baina ekimen hori geldiarazo egin eben ostean. “Apustu estrategiko interesgarria izan daiteke”, baina “hau ez da foroa”.