Aurreko Albisteak

Metro Bilbaoren zerbitzua Batzar Nagusietan gelditu da

Metro Bilbao

Bilbo, 2013ko zezeilaren 21a

Batzar Nagusietako Herri Lan eta Garraioetako Batzordea bihar batuko da, Bilbon, saio ia monografikoa egiteko Metro Bilbaori buruz. Bai Bilduk bai Alderdi Popularrak Arauz Besteko Proposamenak aurkeztu ditue, urtarrilean Bilboko metroaren Zuzendaritza ohiak baztertutako aurreko maiztasunak eta zerbitzu bereziak berreskuratzeko eskatzeko. Saio berean, Itziar Garamendi Herri Lan eta Garraio Saileko foru diputaduak Metro Bilbaoko zerbitzuak egunero “50 konboi gitxiago” eukiterainoko “murrizketeari” buruzko itaunei erantzun beharko deutse, PPk aurkeztutako agerraldi-idazkian agertzen dan lez.

Ekimen parlamentarioetako baten, Bilduk hurrengoak eskatu deutsaz Metro Bilbaori: 2012ko urtarrilaren 9an egoan zerbitzua berreskuratu daiala; “diligentzia eta aurreikuspen handiagoagaz” joka daiela esfortzu bereziak eskatzen dabezan gertaeren aurrean; eta “erabiltzaileari eskaintzen jakon zerbitzua urritzen ez daben bestelako aurrezpen neurriak” aztertu daiazala, goi-zuzendaritzaren soldatak edota kaleratzeengaitiko kalte-ordain neurribakoak murriztea, berbarako.

Beste alde batetik, Alderdi Popularrak Foru Aldundiari eskatu deutso Metro Bilbaok “baztertutako zerbitzuak berehala jarri daiazala martxan barriro”, izan be, murrizketa horrek “pilaketak sortzen dauz nasetan eta arriskuan ipinten dau erabiltzaileen segurtasuna”.


2013ko TARIFAK

Bizkaiko Garraio Partzuergoak (BGP) Metro Bilbaoren 2013rako tarifak ezartzeko berehala hartutako erabakiaren aurrean, Bilduk Arauz Besteko Proposamena aurkeztu dau, Bizkaiko Batzar Nagusiek erakunde horretako arduradun barriei eskatzeko tarifak “izotuta” mantendu daiezala aurten.


GALDEREA DIPUTADU ANDREARI

Edozelan be, batzordea Bilduk Herri Lan eta Garraio Saileko foru diputaduari egingo deutsan galderearen erantzunagaz hasiko da. Hain zuzen be, Bilduk Herri Lan eta Garraio Saileko 2 milioiko kreditu transferentzia onartzeko 2011ko zemendiaren 29an hartutako akordio-proposamenari buruz egingo deutso galderea; kreditu hori “751.00/510.301/06.03 jatorrizko partidatik, 2007/0160 CTB aurrekontu proiektutik, 741.02/510.301/06.03 partidara, 2007/0021 aurrekontu proiektura” transferidu zan.