Aurreko Albisteak

Batzar Nagusiek berretsi egin dabe higiezinen katastro-balioaren %2ko igoera 2013. urterako

Batzar Nagusia

Gernikan, 2013ko zezeilaren 19an.

Bizkaiko Batzar Nagusiek Bizkaiko egunerokotasunari heldu deutsie gaur, eta Foru Gobernuak eta batzarretako taldeek azken bi hilebeteetan bultzatutako hainbat ekimen bideratu ditue. Orain hamabi egun 2013. urterako Bizkaiko Aurrekontuak itxi ostean, Bizkaiko Ganbara barriro batu da Gernikan, joan dan urteko abenduan Foru Aldundiak aurkeztutako lau Foru Dekretu Arauemoile berresteko, besteak beste. Dekretu horreen artean, 2013ko ekitaldirako Ondasun Higiezinen gaineko Zergako katastro-balioen eguneraketea azpimarratu behar da (9/2012 Foru Dekretua). Talde guztiek dekretuaren aldeko botoa emon dabe, PP-k izan ezik. PP-k abstentzinoa erabagi dau, katastroa barriztetako prozesuan dagoalako une honetan, orain 40 urte izandako azken aldaketearen ostean.

Saioaren hasieran beste hiru Foru Dekretu berretsi dira, Bizkaian apliketan diran zenbait zerga egokitzeko, aldatzeko edo eguneratzeko. Osoko Bilkureak on ikusia emon deutso sektore finantzarioko aktibo higiezinen saneamentuaren eta salmentaren gaineko eta kreditu-erakundeak berregituratzearen eta desegitearen gaineko zerga-arauaren moldaketeari (7/2012 Foru Dekretua), Euzko Abertzaleak (EAJ-PNV), eta Bizkaiko Popularrak (PP) taldeen aldeko botoakaz eta Bilduren eta Socialistas Vascos (PSE-EE) taldeen kontrako botoakaz.

Ostean, osoko bilkurak, Bilduren abstentzinoagaz eta gainerako taldeen aldeko botoagaz, Baloreen eskualdaketek Ondare Eskualdaketen eta Egintza Juridiko Dokumentatuen gaineko Zergan zein Balio Erantsiaren gaineko Zergan izango daben zerga-tratamendua ezarteari buruzko ezarpen fiskala (6/2012 Foru Dekretua) berretsi dau, eta baita azken zerga horren arauzko aldaketea be (8/2012 Foru Dekretua). Aldaketa horregaz, Foru Aldundiak, Bizkaiko tributuen araudiak, erregimen komuneko araudiak izandako aldaketak jasotzea bilatzen dau, tributu sistemari beharrezkoa dan segurtasun juridikoa emonez eta, gainera, lurralde honetan, BEZ-ari buruzko araudi berbera egon daiten dagoan betebeharra jasoz.


ETXE-KALERATZEEI BURUZKO EZTABAIDA

Eguneko gaien artean, etxe-kaleratzeen inguruan sortzen ari dan gizarte arazoari buruzkoa azpimarratu behar da. Osoko Bilkurak Arauz Besteko lau Proposamen eztabaidatu ditu aldi berean, talde bakotxak aurkeztutako bat, krisialdi ekonomikoak eztanda egin ebanetik Estatuan gertatzen ari diran hipoteken ondoriozko etxe-kaleratzeei buruzkoak. Azkenean, onartu dan bakarra EAJ-PNV taldeak aurkeztutakoa izan da , PSE-EE taldeak aurkeztutako hiru zuzenketa-eske gehituta.

Eztabaidan, batzarkideek adierazo dabe etxe-kaleratzeek Euskadiko zazpi familiarengan dabela eragina egunero, gertaera “dramatikoak”, “tragikoak” eta “ikaragarriak” dirala, eta “danon” esfortzua beharrezkoa dala. Esther Martínezek, PP-ko bozeroaleak, etxe barik geratuko dan familiarik egon ez daiten lortzeko “hitzarmen politiko handia” behar dala aldarrikatu dau. Bere parte hartzean, talde popularraren ordezkariak Bizkaian martxan jarri daitekezan neurrietan zentrau gura izan dau, eta horreen artean foru etxebizitzen parkea erabiltea (hori sartuta dago, EAJ-PNV-gaz lortutako aurrekontuei buruzko akordioaren ostean), euren etxeetatik kaleratuentzako etxebizitza parke propioa sortzeko eskatzea Eusko Jaurlaritzari, edo hiritarrek osatutako plataformakaz alkarlanean aritzeko bideak ezartea aitatu dau, beste batzuen artean.

PSE-EE taldea bat etorri da talde popularragaz, arazoak danon esfortzua behar dauela esatean, konponbidea aurkitzeko, eta adierazo dau horretarako beharrezkoa dala “lehentasuna emotea familiak erreskateteari, eta ez bankuak erreskateteari”. Ildo horri jarraituz, Iñaki Egaña bozeroale sozialistak, 2 milioi euroko foru laguntzako funtsa ezartea eskatu dau, etxe-kaleratzeen ondorioak arintzeko. Ideia hori bere proposamenean sartu dau, eta baita azkenean onartu dan EAJ-PNV-ren ekimenean sartutako zuzenketa-eskean be, baina azkenean talde jeltzaleak ez dau onartu.

Bilduk azken urteetan, Madrilgo, Euskadiko edo Bizkaiko gobernuen arduradun izan diranean, “ezer” egin ez izana aurpegiratu deutsie gainerako taldeei. Irune Sotok, Bilduko bozeroaleak, gizarteko agenteak zoriondu dauz, hemizikloan egoan Stop Kaleratzeak taldeari, besteak beste, “gure kontzientziak” astintzeagaitik. Foru Aldundiari, gaur egun bere esku daukazan etxebizitzak euren etxeetatik kaleratutako pertsonei laguntzera bideratzeko eskatu deutso, eta EAJ-PNV taldeari Kutxabank erakundeari luzamendua eskatzeko, “EAJ-PNV-k kontroletan dauen erakunde horrek jendea etxeetatik kaleratzen jarraitzen dauelako”. “Bizkaian jende gehien kaleratzen dauena da”, salatu dau.

EAJ-PNV-k, bere aldetik, aldi baterako hipoteka luzamendua “premiaz” egitea eskatu dau, egin beharreko lege aldaketea egin arte, euren lana galtzeagaitik mailegua ordaindu ezin daben pertsonek euren etxebizitzak galtzea saihesteko.

Alderdi berak, eztabaidaren ostean, arauzko proposamenak etetea eskatu deutsie gainerako taldeei, gai horren inguruan adierazpen instituzionala adosten ahalegintzeko. Dana dala, azkenean ez da proposamena onartu, eta bozketak egin dira. Bozketen emaitzak honeek izan dira:
• Bilduren proposamena: aldeko 11 boto (Bildu), kontrako 35 boto (EAJ-PNV, PSE-EE eta PP)
• PSE-ren proposamena: aldeko 17 boto (Bildu eta PSE-EE), kontrako 21 boto (EAJ-PNV) eta 8 abstentzino (PP)
• EAJ-PNV-ren proposamena: aldeko 21 boto (EAJ-PNV), kontrako 11 boto (Bildu) eta 14 abstentzino (PSE-EE eta PP).
• PSE-EE-ren proposamena: aldeko 8 boto (PSE-EE), kontrako 11 boto (Bildu) eta 27 abstentzino (EAJ-PNV eta PP).

Talde jeltzaleen ekimenean –onartu dan bakarrean– Batzar Nagusiek, Gobernu Zentralari hipoteken ondoriozko zordunen babeserako premiazko neurriei buruzko 27/2012 Legezko Errege Dekretua aldatzeko eskaria egiten da, bertan proposatzen diran neurriak “ez dirala nahikoa” eta batzuetan “egokiak be ez dirala” uste dalako. Beste eskaera bat be jasoten dau, Gobernu Zentralari aldi baterako hipoteka luzamendua ezarri daian eskatzea, egin beharreko lege aldaketea egin arte, euren lana galtzeagaitik mailegua ordaindu ezin daben pertsonek euren etxebizitzak galtzea saihesteko. Eskaera horretan bertan, lege aldaketea 2013. urteko lehenengo hiruhilekoan egitea eskatzen da. Horrez gain, zorren kitapen ordenatua egiteko epaiketaz kanpoko prozedura egituratzea be eskatzen da, norberaren etxebizitzan jarraitzea bermatuko daben alternatibak sartuz.

Gobernu Zentralari beste eskaera bat be bideratu jako, “etxe-kaleratzeak jasaten dituen pertsonen babes eta defentsa eza egoerari” amaierea emoteko beharrezkoak diran arauzko aldaketa proposamenak aurkeztu daizan. Holan, Konkurtso Legea, Hipoteka Legea eta Prozedura Zibilaren Legea berrikustea eskatzen da. Proposamen horretan, etxe-kaleratzeak saihestuko dituen akordioak lortzeko, eta neurriz kanpoko klausulak, atzerapeneko interesei buruzkoak, batez be, kentzeko, eskaria egiten jake finantza erakundeei. Eta euren etxeetatik kaleratutako pertsonak gizarte babeserako programetan sartzeko eskaria egiten jako Foru Aldundiari.


ETXEBIZITZA HUTSAK

Proposamen ez loteslearen bitartez, Bilduk eskaria egin deutso Bizkaiko Foru Aldundiari, Lurraldean hutsik dagozan etxebizitzei “gainkarga” ezarteko. Gainkarga hori %150ekoa izan daiteke, ohiko etxebizitza ez diran etxeen kasuan. Gipuzkoako Aldundiak lurralde horretako hainbat udali horretarako baimena emon deutsie, Ondasun Higiezinen gaineko Zergaren Foru Arauaren aldaketaren bitartez. Ekimena atzera bota da, EAJ-PNV eta PSE-EE taldeen kontrako botoakaz eta PP-ren abstentzinoagaz.


BATZAR NAGUSIEK EZEZKOA EMON DEUTSIE GAS EZ KONBENTZIONALA ATERATEKO “FRACKING” TEKNIKA ERABILTEARI

Batzar Nagusietako talde guztiek, neurri handiagoan edo txikiagoan, “fracking” izenaz ezagutzen dan eta gas ez konbentzionala aterateko erabilten dan apurketa hidraulikoaren gaur egungo teknikaren kontrako eretxia erakutsi dabe gaur arratsaldean, ingurumenean eta osasunean dituan ondorioak dirala-ta. Gai horrek talde politikoen batasuna lortu dau batzarreko ekimenak bultzatzeko orduan, Euskadiko Hidrokarburoen Sozietateak Bizkaian Hidrokarburoen prospekzioa egiteko lortu dauen baimena ezagutu eta gero. Lur azpia aztertzeko metodo horrek eztabaida handia eragin dau gizarteko alor zabaletan. Hori dala-ta batzarreko hiru ekimen sortu dira, Gernikan ospatu dan Batzar Nagusien osoko bilkuraren arratsaldeko saioan. Azkenean, Bizkaiko Parlamentuak, Euzko Abertzaleak eta Bizkaiko Popularrak taldeek alkarregaz aurkeztutako Arauz Besteko Proposamen bat eta PSE-ren beste bat onartu ditu, eta Bilduk aurkeztutako proposamenak ez dau beste taldeen laguntzarik lortu.

EAJ-PNV-k eta PP-k egindako planteamenduan, talde horreek euren aldeko jarrera erakutsi dabe, gure lurraldean gas ez konbentzionala egoteko aukera dagoala kontuan izanda, gure geologia ezagutzeko jarduketak burutu daitezan, beti be ingurumenari buruz dagoan araudia beteten dala eta inguruko ondasunak babesteko estandarrak errespetetan dirala bermatzen bada, lurrazpiko akuiferoak, eta Natura 200 sarean sartzen diran guneak batez be. Halan da be, talde biek adierazo dabe azterketa horreek “eten” egin behar dirala, horretarako apurketa hidraulikoaren gaur egungo teknika edo “fracking” izenekoa erabili behar bada, teknika horrek “ingurumenean eragin larriak” ekarten ditualako eta oso ondorio “kaltegarriak” ditualako osasunean.

Horrez gain, talde biak ados jarri dira, Eusko Jaurlaritzak fracking-ari buruzko batzorde zientifikoa sortu daian. PSE-EE taldea be bat etorri da ideia horregaz. Hiru taldeek adierazo dabe batzorde horrek, gas ez konbentzionala aterateko teknologiaren bilakaeraren “etenbako” azterketa egin behar dauela, batez be, gaur egungo tekniken ingurumen eraginen murrizketeari eta osasunean sortzen dituen arriskuak desagertzeari jagokonez.

Aldeko 33 botogaz (EAJ-PNV, PP eta PSE) eta kontrako 11gaz (Bildu) onartu dan ekimen sozialistaren puntuetako batean jasoten danez, ikerketa horren emaitzen ondorioz ikusten bada ikuspegi teknikotik eta ekonomikotik bideragarriak diran gas ez konbentzional erreserbak dagozala, horreen ustiapena, ustiaketea ingurumenerako, lurperako, zorurako eta atmosferarako arrisku barik egin daitekeala egiaztau eta gero baino ez litzateke baimenduko, eta beti be gure inguruko herrialdeetan ingurumena babesteko erabilten diran estandarrik zorrotzenak aplikauta”.

Halan da be, talde horren ordezkarien aldeko 28 botoakaz eta Bildu eta PSE taldeen kontrakoakaz onartu dan EAJ-PNV-k eta PP-k aurkeztutako testuan adierazoten da azterketa horreen ondorioz, gas ez konbentzionala dagoala ikusiko balitz, ustiapena bertan behera itzi beharko litzatekela, gas hori aterateko "fracking" izenez ezagutzen dan apurketa hidrauliko bidezko teknika erabili behar baldin bada, teknika horrek ingurumenean kalte larriak eragiten ditualako.

Puntu horreen eztabaidan, María Presak, EAJ-PNV-ko batzarkideak PSE-EE-ren proposamenaren aldeko eretxia adierazo dau, eta fracking-aren kontrako jarrerea erakutsi dauen arren “ingurumenaren aldetik bermerik ez dauelako emoten”, egungo teknologiaren jarraipena egingo dauen batzorde zientifikoa eratzearen alde agertu da. “Ez gara apurketaren alde agertuko ingurumenaren ikuspegitik iraunkorra ez dan arte. Eraginak desagertzen badira eta ingurumen araudia bermatzeko neurriak ezarten badira, ados egongo gara, gasa egon ezkero”, adierazo dau. Antzekoa esan dau Arturo Aldecoa popularrak, eta adierazo dau “ezin dogula benda urratua egin aurretik jarri”. “Energia iturriak behar doguz, horri ateak ixtea oso akats larria da. Apurketa hidraulikoak bere alde onak eta txarrak daukaz. Ez dogu fracking-a orain erabiliko, etorkizunari buruz berbetan ari gara”, gehitu dau. Aldecoak esan dauenez, gai honetan bere taldeak “zuhurtasun” erispideak jarraitu dauz, eta ez dau ulertzen Bilduk erakutsi dauen “itsukeria”, azterlan geologikoekin jarraitzearen kontra azalduz.

Iñaki Egaña sozialistari jagokonez, fracking-ak eboluzionau egingo dauela eta beharbada egunen baten ez dala ingurumenarentzat kaltegarria izango esan dau. “Modu serioan landu eta eztabaidatu behar da, segurtasunik bako teknika dala edo ez dala esaten dakien jendeagaz. Ez da gehien gustetan jatan teknika, baina eboluzionau egingo dau. Teknikariak entzun eta gero hoberena aukeratuko geunke”, gehitu dau. EAJ-PNV-ren eta PP-ren proposamenaren kontrako botoa azaldu dau, bere eritxiz kontraesana dalako fraking-aren erabilerearen kontra agertzea ingurumenean eta osasunean oso ondorio kaltegarriak ditualako eta, aldi berean, teknika hori aztertzeko batzorde bat eratzeko eskatzea.

Bizkaiko Foru Ganbarak atzera bota dau Bilduren ekimena. Ekimen horretan, Bizkaian fracking-a debeketea eta horretarako emondako baimenak balio barik iztea eskatzen zan. Testu hori koalizino abertzaleak baino ez dau bultzatu, eta EAJ-PNV, PP eta PSE kontra agertu dira. Bere partaidetzan, Asier Vega batzarkideak esan dau “hidrokarburo ez konbentzionalak aterateak oso arrisku larria eragiten dauela ingurumenean eta pertsonen osasunean, eta erregai horren erabilerea, gaur egun eta etorkizunean, oztopoa izango dala klimaren aldaketearen kontrako borrokan. Beraz, gaur egun ez dago arrazoirik gure lur azpian horretarako egiten ari diran prospekzioekaz eta azterlan geofisikoakaz jarraitzeko”. Gas ez konbentzionala aterateari jagokonez, Vegak esan dau “gaur egun ez dagoala erregai fosil hori ateratea bermatuko dauen beste alternatibarik”, “ingurumen arazo larririk” sortu barik.


BAZTERTUTAKO BESTE PROPOSAMEN BATZUK

Beste alde batetik, Bizkaiko Batzar Nagusiek eta Batzarkide-Taldeek eragindako albisteak Bizkaimediaren edukinetan sartzeari buruz Bizkaiko PP-k aurkeztutako Arauz Besteko Proposamen bat baztertu dau Bizkaiko Parlamentuak, eta baita Bilduren beste bat be, Bizkaiko udalerri “askok” bizi daben egoera ekonomiko “larriari” begirako urtenbide proposamenari buruzkoa.