Ohiko osoko batzarra egingo da zezeilaren 19an, martitzenean

Lurraldeko Aurrekontuak onartzeko osoko batzarren ostean, Batzar Nagusiek Bizkaiko gaurkotasunari heldu deutsie barriro, gai-zerrendan 20 puntu daukazan saio bategaz. Bizkaiko Batzar Nagusietako lehendakariak, Ana Madariagak, ohiko osoko batzarra deitu dau biharko, zezeilaren 19rako (martitzena). Saioa Gernikako Batzarretxean egingo da, goizeko bederatzi eta erdietatik aurrera.
Lehenengo eta behin, saioak Aldundiaren lau Foru Dekretu Arauemaileak berresteko balioko dau, zerga batzuk egokitu, aldatu edo eguneratzearen gainekoak. Hain zuzen be, honeek dira: sektore finantzarioko aktibo higiezinen saneamentuaren eta salmentaren gaineko zerga-arauaren moldaketea (7/2012 Foru Dekretua); Ondare Eskualdaketen eta Egintza Juridiko Dokumentaduen gaineko Zergearen eta Balio Erantsiaren gaineko Zergearen balio-eskualdaketearen zerga-ezarpena (6/2012 Foru Dekretua), eta azken zerga horren gaineko araudiaren aldaketea (8/2012 Foru Dekretua); eta Ondasun Higiezinen gaineko Zergako katastro-balioen eguneraketea 2013ko ekitaldirako (9/2012 Foru Dekretua), %2ko hazkundeagaz 2013ko urtarrilaren 1etik. Lau dekretuak Ganberako Osoko Batzarraren aurrean tramitauko dira, irakurketa bakarraren prozeduraren bitartez.
ETXE-KALERATZEAK ETA “FRACKING”-A
Ostean, talde batzarkideek etxe-kaleratzeen gainean aurkeztutako ekimen batzuk eztabaidatuko dira Osoko Batzarrean. Krisi ekonomikoak eztanda egin ebanetik egiten diran hipoteka-betearazpenen gaineko Bizkaiko Parlamentuaren eztabaidea Arauz Besteko lau Proposamenetan (bat, talde bakoitzeko) oinarrituko da. Parlamentuko ekimenen “poker” horretaz gainera, Bilduk Proposamen Ez Loteslea egingo dau, Lurraldean hutsik dagozan etxebizitzei “errekargua” ipinteko.
Talde batzarkide guztien ekimen parlamentarioak sustatzeko orduan danen adostasuna euki dauen gaurkotasunezko beste gai bat Bizkaiko hidrokarburoen prospekzinoa egiteko lortu dan baimena da, hau da, “fracking” izenagaz ezagutzen dan teknikea. Lurpea esploretako metodo honek eztabaida handia piztu dau gizarteko sektore askoren artean, ingurumenean daukan eraginagaitik; horren aurrean, hiru ekimen parlamentario sustatu dira: bat, Euzko Abertzaleak eta Bizkaiko Popularrak taldeek batera aurkeztutakoa, eta beste bi, bakotxa bere aldetik, Bildurena eta Euskal Sozialistena.
Beste alde batetik, osoko batzarrak Arauz Besteko Proposamen honeen gaineko erabagia hartu beharko dau: PPren proposamena, Bizkaiko Batzar Nagusiek sortzen dabezan albisteak Bizkaimediako edukietan sartzeko, eta Bilduren beste ekimen bat, Bizkaiko udalerri “askok” bizi daben egoera ekonomiko “larriari” urtenbidea emoteko.
ALDUNDIAREN GAINEKO KONTROLA
Foru Exekutiboaren gaineko kontrol parlamentarioa oposizinoaren ahozko itaun eta galderen bitartez egingo da. Bizkaiko talde Popularrak A-8 eta AP-68 errepideen loturearen eta Bizkaibuseko kabinen gaineko itauna egingo deutso foru gobernuari, eta PSE-EEk azalpenak eskatu dauz, kabina horreen ikonoa desagertu egin dalako Foru Aldundiaren webgunetik. PPren informazino-eskaerek Loiuko aireporturaino bidaiatuko dabe, Bilbao Air-en gaineko egoerea ezagutzeko. Eta, azkenik, Bilduk Bakioko “Txakolingunearen” gaineko galdera egingo dau, eta, era berean, eskatuko dau azaltzeko zer jazo dan Alonsotegiko Udalean, Azpiegiturak foru soziedadeagaz sinatutako hitzarmen baten bitartez lortutako partida ekonomiko baten “erabilera ilegala” dala-ta.