Foru Aldundiak 65 urtetik beherakoei zabaldu deutse gizarte-osasun lekuen zerbitzua

Pilar Ardanza
Gizarte Ekintzako Foru Diputatuak, Pilar Ardanza andreak, adierazo dau gaur Batzar Nagusietan bere Sailak, Osakidetzagaz batera 65 urtetik beherakoentzat finantzetan dauen gizarte-osasun zerbitzua zabaldu dauela. Foru Aldundia “une honetatik bertatik” ari da lekuak eskaintzen zerbitzu horreen onuradun izateko ezaugarriak betetan dituen 18 urtetik gorakoei. Ardanzak hori adierazo dau Bizkaiko Ganbarako Gizarte Ekintzako batzordean, eta bertan jakinarazo dau Leioako Egoitzan egozan 36 gizarte-osasun lekuak Txurdinagako Virgenetxe zentro “modernora” eroan dirala. Adierazo dauenez, horrek ez dau itsasadarraren Eskumaldean dagoan zentroaren “itxiera” eragin, Bilduk salatu eban moduan.
Foru Aldundiak, Eusko Jaurlaritzagaz batera, eskaintzen dauen gizarte-osasun zerbitzua erabilten dauen taldea, osasun arreta “ez konplexuak” behar dituen pertsonek osatzen dabe. Pertsona horreek familia egoera gatxa daukie, eta horrek ezinezkoa egiten dau euren etxebizitzetan behar dan arreta eskaintzea. Zerbitzu horri buruz, Ardanzak adierazo dau, adin mugak zabaltzeko erabagi hori hartu dan arren, une honetan ez dagoala itxaron zerrendarik. Ondoren, Bildu taldearen bozeroaleak, Irune Sotok, ukatu egin dau Diputatuak esandakoa.
Bere parte hartzean, Aldundiko arduradunak esan dau 36 pertsonak Txurdinagako zentrora eroatea “ona dala erabiltzaileentzat”, eta Aldundiaren helburua, egunero paziente bakotxarengaitik 122 euroko kostua daukien plaza horreek “ahalik eta gehien” optimizetea dala. Foru arduradunak holan erantzun deutso Bilduri, talde horrek diputatuaren batzorderatzea, taldearen ustez, leku aldaketa hori, Leioako IFASeko egoitzaren gizarte-osasun zerbitzua modu “ia sekretuan” ixtea dalako.
Diputatuak ukatu egin dau Foru Aldundiak “ezkutuan” jokatu izana, eta zentroko arduradunakaz eta bertako langileakaz hamar bilera inguru aitatu dauz, pazienteak IFASeko zentro batetik, “IFASeko beste zentro modernoago eta hobeto komunikauta dagoan batera” eroatearen baldintzak azaltzeko.
IFASEKO APARTEKO SOLDATAREN ITZULKETA
Aldundiko arduradunak Socialistas Vascos taldeak eskatuta be hartu dau parte, IFASeko aldibaterako langileei aparteko soldatearen zati proportzionala itzuli dagiela eskatzeko egindako eskariari buruzko azalpenak emoteko. Talde horren eretxiz, erakundeak bialdutako gutunean, ordainketaren zati proportzionala itzultzen ez daben langileen kontra “lege egintzak” hasiko dituala adierazoten da. Socialistas Vascos taldeak, SATSE sindikatuak, erakunde publikoak erabilitako “formak” dirala-ta egindako salaketea jaso dau. Diputatuak adierazo dauenez, jakinarazpen hori, “beste inolako asmorik ez daukan” administrazino izapidea baino ez da. “Ez da mehatxua, egiten dauen gauza bakarra, dirua itzultzeko jarraitu beharreko prozedura adierazotea da”, esan dau.
MISERIKORDIAKO EGOITZA
Azkenik, Bildu eta Socialistas Vascos Taldeek adierazo dabe Miserikordiako Egoitzako (Bilbo) langileei soldatea %10ean gitxitu jakela 2013. urterako eta izoztu 2014. eta 2015. urteetarako. “Kontuan izanik egoitza horregaz Aldundiak 175 plaza hitzarturik dituala eta Aldundia bera egoitza horretako Administrazino-Batzarreko kide dala”, talde biok Ardanzaren batzorderatzea eskatu dabe, langileen soldatea murrizterakoan Aldundiak ze zerikusi izan dauen azaldu dagian.
Ardanzak adierazo dau hitzartutako plazak 136 dirala, eta Foru Aldundiak egoitza horretako Patronatuko Batzordean eukan partaidetza txikitu ebala 2006an, eta ordutik “parte hartze teknikoetara eta azalpenak emotekoetara mugatzen dala”. Foru Aldundiko arduradunak esan dauenez, Aldundiak betetan dauen lekua “testimoniala” da, eta, hori dala eta, ez dau “lanagaz erlazionatutako” erabagietan parte hartzen. Adierazo dauenez, Miserikordiak hartutako neurria “gogorra” da, eta 2,5 milioi euroko galera murriztera dago bideratuta. Galera horreek Patronatuak estaldu dauz bere ondareagaz. Ondarea 7,5 milioikoa da. erakunde horretako zuzendaritzak, erakundearen kontuak batzar nagusietako talde guztien esku jarteko erabagia hartu dauela adierazo dau Ardanzak.