Aurreko Albisteak

Batzar Nagusiek aho batez onartu dabe Artazako birbilgunea barritzea eta Bizkaimoveren bitartez bideen egoereaz neguan emoten dan informazinoa hobatzea

Itziar Garamendi

Itziar Garamendi

Bilbon, 2013ko otsailaren 15ean

Azken bilerea egin zanetik aste betera barriro batuko da Bilbon Batzar Nagusietako Herri Lan eta Garraioetako Batzordea, Bizkaiko errepideakaz lotutako zenbait gai aztertzeko. Bizkaiko Talde Popularraren bi ekimenek Bizkaiko Ganbarako gainerako talde guztien aldeko eritxia jaso dabe. Lehenengo ekimenean, Foru Aldundiari Artazako biribilgunea (Getxo) barriztetako eskaria egin jako, holan Uribe-Kostako igarobidera doan bideak ahalmen handiagoa izan daian. Bigarren ekimenean, Foru Aldundiak “Bizkaimove” atariaren bitartez errepideei buruz emoten dauen informazinoa hobetzea eskatu da, gure Lurraldeko mendateei buruz emoten dan neguko informazinoa batez be.

Lehenengo Arauz Besteko Proposamenean, Talde Popularrak Batzordean dauen bozeroaleak, Jesús Isasik, gainerako talde guztien aldeko eretxia jaso dau. Bertan Herri Lanetako Sailari, “Artazako biribilguneko trafikoen banaketea Getxorako noranzkoan barriro atondu dagiala” eskatzen jako, Uribe-Kostako igarobiderantz doazan ibilgailuentzat beste errail bat egin ahal izateko. PP-k, 2011ko Edukieren Liburuan jasota, emondako kopuruak kontuan izanda, aurten, La Avanzadatik 99.000 ibilgailu heltzen dira biribilgune horretara, eta horreetatik 72.000 Uribe-Kostarantz doaz, errail bakarretik.

Euzko Abertzaleak taldeak popularren proposamenaren alde egin dau, baina esan dau konponbidea ez dala trazatua “barriro marraztea bezain erraza”. Behin betiko konponbidea “sarbideen berrantolaketatik” etorriko da, eta Foru Aldundia horretan beharrean dabil, Getxoko Udalagaz batera, Nerea Ahedok, Euzko Abertzaleak taldeak batzordean dauen bozeroaleak adierazo dauenez. Erakunde biak lantzen ari diran proposamenaren bitartez errail bat gehituko jako Uribe-kostarantz doan errepideari, eta holan “segurtasun, ahalmen eta arintasun handiagoa” lortuko da trafikoan.

Socialistas Vascos taldea popularren proposamenaren alde agertu da, “erraza” dala esanez, eta harridurea azaldu dau Foru Aldundiak “ofizioz” jardun ez izanagaitik, arazoa “aspaldikoa” dalako, Joaquín Colmeneroren berbetan. Bilduren eritxiz, PP taldeak planteau dauen soluzinoa “logikoa eta arrazoizkoa” da.


BIZKAIMOVE

Beste alde batetik, batzordeak, aho batez oraingoan be, Bizkaimovek, Lurraldeko trafikoan dagozan arazoei eta egoerari buruzko informazinoa emoten dauen web guneak, emoten dauen informazinoa hobetzea onartu dau. Hobekuntza eskaria “Neguko Bideragarritasuna” atalerako eskatu da, mendateen egoerari eta meteorologia informazinoari buruzko datu gehiago sartzeko. Ekimena aurkeztu dauen talde popularrak EAJ-PNV-ren zuzenketa-eskeak onartu dauz. Zuzenketa-eske horretan adierazoten danez, hobekuntza hori egiteko estekak sartuko dira Eusko Jaurlaritzaren trafikoko (trafikoa.net) eta Euskalmeteko (euskalmet.euskadi.net) web guneetara, leku horreetan informazino hori emoten da-ta.


INTERBIAKEN FINANTZAKETA

Saioari hasiera emoteko, Itziar Garamendik, Herri Lan eta Garraioetako Foru Sailaren arduradunak, Bildu taldeak eskatuta, Interbiaken akzinoak harpidetzeko 2012ko azaroaren 20an hartutako erabagiari buruzko azalpenak emon dauz. Harpidetza horren aurrekontua, koalizino abertzalearen esanetan, 9 milioikoa zan, eta azkenean 37,9 milioi harpidetu dira. Horrez gain, soziedade horrek banketxeei eskatutako kredituei buruzko galdera be egin dau, eta “kreditu horreen amortizazinoari, diru-sarreren galeraren eraginari eta etorkizuneko zorpetzeen plangintzari” buruz be galdetu dau Bilduko bozeroaleak.

Garamendik gogoratu deutso Bilduri erakundearen finantzaketan egindako aldaketa horreek berak iragarri ebazala joan dan urtarrilaren 25ean egindako batzordean. Bertan, Foru Aldundiaren eta Interbiaken artean sinatutako hitzarmenaren bederatzigarren aldaketea aitatu zan. “Erantzuna ez da aldatu”, esan dau. Interbiaken kredituei buruz, diputatuak baieztau dau Inbertsionen Banketxe Europarrak (BEI) emondako 622 milioi euroen eta bertako beste finantza erakunde batzuek emondako 330 milioi euroen amortizazino plana “be ez dala aldatu, bere egunean sinatu zanetik”. Etorkizuneko zorpetzeari buruz, “une honetan gainean dogun egoera ekonomiko gogorrak irauten dauen denporaren araberakoa izango dala” esan dau.


OINEZKOAK MIRAFLORESEKO BIDEZUBIAN

Beste “ahozko erantzun-eske” baten bitartez, Bildu Taldeko Taldeburuorde dan Aitor Torre jaunak argibideak eskatu deutsaz Herri Lan eta Garraioetako Foru Diputatu andreari Mirafloreseko zubibidearen zatia oinezkoentzako egokitzeari buruz eskatu zan azterlanaren “egoerea edo aurreikuspena” zein dan jakiteko. Eskari hori, joan dan urteko ekainaren 5ean onartutako Arauz Besteko Proposamenean oinarritzen da. Proposamen horretan, Aldundiari hilebete biko epean Mirafloreseko zubibidearen zatia oinezkoentzako egokitzeari buruzko azterlana aurkezteko eskatu jakon, indarrean dagoan legedian oinarrituta, modu horretara Miribilla eta Santutxu auzoen arteko mobikortasuna erraztu ahal izateko. Garamendik adierazo dauenez, azterlana “ondorioen fasean dago”, baina ez dau epe jakinik emon gura izan. Foru Aldundia eta Bilboko Udala “alkarlanean ari dira, gaur egungo egoerearen konponbidea zein dan ikusteko eta konponbide hori bideragarri dan jakiteko”.