Aurreko Albisteak

Batzar Nagusietako Batzordean onartu egin dira iruzur fiskalaren aurkako burrukea indartzeko Aldundiak aurkeztutako neurriak

Batzordea

Bilbon, 2013ko otsailaren 12an

Bizkaiko Batzar Nagusietako Ekonomia eta Ogasuneko Batzordeak, gaur goizean izandako bileran, onartu egin dau neurri osagarriak eta zergen arloko beste aldaketa batzuk sartuz iruzur fiskalaren aurkako burrukea indartzeko Foru Arau Proiektua. Lurralde Historikoaren zerga sistemako zenbait zergatan egin dira aldaketak, esaterako pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergan edo Sozietateen ganeko Zergan, baita toki zergen arloko beste batzuetan be.

Araugai hori, Batzordearen bilerako aztergai bakarra, onartu egin da behin Bildu Taldeak aurkeztutako zuzenketa-eske guztiak baztertu eta Socialistas Vascos Taldeak aurkeztutako zuzenketa-eskeetatik zortzi onartu eta gero. Batzordeak Arau Proiektu horren alde emon dauen Erizpena Osoko Batzarrean onartzea izango da hurrengo pausua indarrean sartu ahal izateko.

Bizkaiko Batzar Nagusien Bilboko egoitzan egin dan batzorde-bilera horretan eztabaidatu egin dira oposizinoko Taldeek aurkeztutako 20 zuzenketa-eskeak: Bilduk hamaika eta Socialistas Vascos Taldeak bederatzi. Bizkaiko Talde Popularrak eta Euzko Abertzaleak Taldeak ez euken zuzenketa-eskerik aurkezturik eta, beraz, ontzat emoten eben Aldundiak aurkeztutako testua. Erizpenean sartu egin da Socialistas Vascos Taldearen zuzenketa-eske batzuen testua, hain zuzen be 3. zuzenketa-esketik 10.era bitartekoena, danak Araugaiaren 3. artikuluari buruzkoak.

Neurrien zerrendeari jagokonean, José María Iruarrizaga Ogasun eta Finantzetako Foru Diputatu jaunak batzordearen bilerearen hasieran adierazo dau lan “zabala, korapilatsua eta edukin handikoa” izan dala. Iruzurraren aurkako burrukea indartzeko 65 neurri dira, baina Elkarren Laguntzaren esparruko Europako araudiari egokitzeko beste 25 neurri dagoz eta beste 23 zerga-neurri be. Horreen guztien bitartez zerga sistema “eraginkorragoa eta bidezkoagoa” lortu gura dala adierazo dau Iruarrizaga Diputatuak. “Zerga iruzurraren aurkako konpromiso sendoa eta benetakoa” dala ganeratu dau Araugaiaz egin dauen aurkezpen laburrean.

BATZORDEAN EZTABAIDATU DAN FORU ARAUAREN PROIEKTUA
https://www.jjggbizkaia.eus/Boletin/A/1/09/Ai012a.pdf