Araudiak Bizkaibusen kontratuak gehienez be bi urtez luzatzeko aukera emoten dauela gogoratu deutso Itziar Garamendik Bilduri

Batzar Nagusietako Herri Lan eta Garraioetako Batzordea gaur goizean alkartu da, Batzarretako taldeek Bizkaibus autobusen foru zerbitzuagaz erlazionauta aurkeztutako hainbat ekimen eztabaidatzeko. Saioari hasiera emoteko, Herri Lan eta Garraioetako Diputatuak, Itziar Garamendik, gogoratu deutso Bilduri Foru Aldundiak Bizkaibuseko lineen emakidak daukiezan enpresei egindako luzapenak legezkoak dirala, foru aldundiak kontratu horrek bi urtez luzatzeko aukera dauelako, kontratuak bukatzen diranetik.
Foru erakundeak, Bizkaian zirkuletan daben autobus lineetarako prestetan dabilen adjudikazino posibleen eszenatokiaren aurrean, koalizino abertzaleak aldundiko arduradunari galdetu deutso, besteak beste, gaur egun indarrean dagoan araudiak enpresa horreen kontratuak luzatzeko aukera emoten dauen ala ez. Garamendik azaldu dauenez, 2012ko uztailaren 31n Foru Aldundiak luzapen horreen arteko lehenengoa erabagi eban, Transportes Colectivos enpresari emoteko. Hori dala eta, Ezkerraldea eta Eskumaldea lotzen dituen lineak ustiatzen dituan konpainia horrek “2014ko uztailaren 30era” arte emon daikela zerbitzua, Garamendiren berbetan. Bizkaibusen emakidea daukien gainerako enpresei jagokenez, 2012ko abendutik 2013ko abendura bitartean bukatzen diran beste 5 kontratuk be bide bera hartu daikie. Foru Aldundiak jokaera hori defendidu dau, araudiak “luzapen horretarako aukera emoten dauelako, eta emakida guztietan ohikoa dalako”. Garamendik segurtatu dauenez, luzapen horreek “ez dabe arriskuan jarten zerbitzuaren kalidadea”.
Oposizinoko talde guztiek esan dabe araudiak luzapen horreek egiteko aukera emoten badau be, Bizkaian lan egiten daben Bizkaibuseko lineak esleitzeko prozedura “berandu” ailegetan dala. Jesús Isasik, PP-ko batzarkideak esan dauenez, luzapen horreek, Herri Lan eta Garraioetako Sailaren “eraginkortasun falta” erakusten dabe. PSE-ko Joaquín Colmeneroren eretxiz, Bizkaibus zerbitzuaren antolaketa barri horretan “kontraesanez betetako informazinoa emoteaz gain”, prozesua “apur bat atzeratuta dago”.
Batzordean, eta Bilduren galderari erantzunez, barriro, Foru Diputatuak, etorkizunean egingo diran Bizkaibuseko kontratuetan gaur egun bertan beharrean dabilzan langileen subrogazio posibleei buruz be egin dau berba. Garamendik azaldu dauenez, “orain arte” egin dana informazinoa batzea izan da, gero beharrezkoak izango diran langileak erabagiteko. Prozesu “konplexua” da, eta “indarrean dagoan araudia betez” egingo da, erantzun dau.
PROPOSAMEN ONARTUA
Aldundiko arduradunaren azalpenak entzun eta gero, Batzordeak Bilduren Arauz Besteko Proposamen bat onartu dau. Proposamen horretan, Bizkaibuseko Barik txartelaren "ezarpen okerragaitiko zigor ekonomikoak eragiten dabezan akatsak” zuzentzeko eskatzen jako Aldundiari. Gainera Bizkaiko Garraio Partzuergoaren (BGP) txartelaren erabilerarako informazinoa “sendotzea” be eskatu da.
Bilduren esanetan, Barik sisteman ikusi diran akatsak Barik txartelaren saldoaren egokitzapenak eragin dabez, bezero asko ez dira egokitzapen horreetaz konturatzen, eta kalte ekonomikoa eragiten dabe. PP eta PSE Bilduren proposamenaren alde agertu dira, eta arazoak “ahalik eta arinen” konpontzearen aldeko apustua egin dabe. Ez dot uste Aldundiak “fede txarra” izan dauenik, Barik “sistema ona” dalako, esan dau Jesús Isasik.
Euzko Abertzaleak taldea abstenitu egin da bozketan, konponbidea Bizkaiko Garraio Partzuergoaren (BGP) ardurea dala uste dauelako, erakunde hori dalako txartel hori martxan jartearen eta ezartearen “arduraduna”. Aldundia ez da Barik sistemari buruzko “neurriak hartzearen” arduraduna, esan dau Nerea Ahedok. EAJ-PNV-k batzordean daukan bozeroalea, akats horreek BGP-gaz koordinatuz konpontzearen alde agertu da. Esan dauenez, akats gehienak, Bizkaibuseko erabiltzaileek izan daben aldaketa dala-ta sortzen dira, txartela birritan baliobakotu behar dabelako, autobusean sartzean eta urtetean.
Amaitzeko, Batzordeak ez ditu onartu Euskal Herriko Unibertsitatean (UPV-EHU) Bizkaibusen zerbitzuaren baldintza batzuk aldatzeko egindako bi proposamen. Lehenengoan, Leioako Campusean, kanpoan, Barik txartela balioztatzeko makinak instaletako eskatu dau Bildu taldeak, zerbitzuen urteerea “arintzeko”. EAJ-PNV-k eta PP-k kontra bozkatu dabe, “ez dalako bideragarria” eta ez dauelako arintasuna hobetzen. PSE abstenidu egin da, bere eretxiz baliobakotze horrek ez dauelako “hobekuntza nabarmenik” ekarten, gaur egun indarrean dauenagaz alderatuz. “Sistemak behar bezala funtzionetea eskatu behar dogu”, esan dau Joaquín Colmenerok.
Azkeneko proposamena Bildu eta Euskal Sozialistak taldeak alkarregaz aurkeztu dabe. Bertan, Aldundiari eskatzen jako Leioako Campuseko "geldialdiak eta lineak” handitzeko aukerea aztertzeko. Batzordeak ezezko erabagia hartu dau. EAJ-PNV-k kontrako botoa emon dau, bere eretxiz “eskakizun handiko” une batzuetan, zerbitzua hobetzeko “errefortzuak” erabili daitekezalako, eta hori lineak eta maiztasunak handitzea baino egokiagoa dalako. PP abstenitu egin da, gurago dauelako Bizkaibusen etorkizuneko kontratuen baldintzen pleguak ezagutu arte itxoitea.