Aurreko Albisteak

Bizkaiko 2013rako Aurrekontuak onartu dira

Gernika

Gernikan, 2013ko zezeilaren 7an.

Bizkaiko Lurralde Historikoko 2013rako Aurrekontu Orokorrak gaur goizean onartu dira Gernikako Batzarretxean, Euzko Abertzaleak taldearen (EAJ) babesari eta Bizkaiko Popularren (PP) abstenzinoari esker. Bai Bilduk bai Euskal Sozialistek (PSE-EE) 6.578,4 milioi euroko kontu publikoen kontra bozkatu dabe; horreetatik, 136,2 milioi euro zorpetzeari jagoke.

Bozketa bi orduko eztabaidearen ostean egin da; bertan, talde batzarkideek euren jarrereak defendidu dabez, parte hartzeko zenbait txandatan. Aurrekontuen Foru Arauak Batzar Nagusien behin betiko onarpena jaso dau, bederatzi bozketa egin ostean, bat Sail bakotxeko, eta beste bat Testu Artikulatua berresteko. Guztiek izan dabe emoitza bardina: aldeko 21 boto (EAJ), kontrako 20 boto (Bilduren 12 eta PSE-EEren 8) eta 8 abstenzino (PP).

Talde sozialistak Batzar Nagusietan daukan bozeramaile Iñaki Egañak emon deutso hasierea eztabaideari, eta esan dau PNVren eta PPren artean lortutako akordioa “modu partidistan” lortu dala, “bizkaitarren interes orokorra” kontuan hartu barik. “Pobretzat”, “eskastzat” eta “txartzat” hartu dituan aurrekontuak onartzeko balio izan dauan “esperpentoa” da. Ironiaz, zorionak emon deutsaz José Luis Bilbao ahaldun nagusiari, “ezelango ahaleginik barik” lortzearren, “kromo-aldaketa” huts bategaz. Egañarentzat, onartutako aurrekontua “ez dator bat bizkaitarren beharrizanakaz”, besteak beste, “ez daualako asmatzen lehentasunakaz, ez daualako gastu arrunta geldiarazoten, ez ditualako diru-bilketea eta iruzur fiskalaren kontrako borrokea hobetzen, ez daualako inbersino publikoaren aldeko apustua egiten eta dana zorraren esku ipinten daualako”, laburbildu dau. Kexatu egin da, PNVk ez daualako onartu zuzenketa-eske sozialistarik, eta PPrenak baino ez dauzalako onartu; horreek “%038an hobetzen dabe aurrekontua”.

Zentzu berean, Bilduren bozeramaile Irune Sotok “antisozialtzat” hartu ditu Bizkaiko kontuak, “Bizkaiaren beharrizanetatik oso urrun”. Era berean, kexatu egin da PNV-PP “tandem handiak” “zapalgailua” gidatu daualako, izan be, ez dau bere taldeak aurkeztutako 92 zuzenketa-eske partzialetako bat bera be babestu, nahiz eta horreen helburua “gizarte-beharrizanei erantzutea” zan. “AHTk, Kutxabankek eta politika fiskalak lotzen ditue”. Sozialistakaz bat etorri da, esatean akordioa “merkea” izan dala Foru Gobernuarentzat, eta gehiago egin eitekeala iruzur fiskalaren kontrako borrokan. Sotok adierazo dau kontuek “fiskalidade bidegabea” erakusten dabela; izan be, ez dabe baliabiderik ixten enplegu politikak bultzatzeko edo udalei laguntzeko, eta, bitartean, inbersino “guratsuak” egiten ditue, eta, hortaz, “eskualde mailako itxitasun sozio-ekonomikoa” gertatzen da. Azkenik, Bilduren bozeramaileak –beraren ustez– Lehendakariak bultzatuko dauan soziedade publikoen %20ko murrizketea defendatu dau. “Noizko, Bizkaian?”, galdetu deutso Ahaldun Nagusiari.

Bere aldetik, PPren bozeramaile Esther Martínezek bere taldearen abstenzinoa defendatu dau; izan be, euren ustez, momentu honetan, “ahal danik eta konturik onenak” dira, nahiz eta “berandu” heldu. PNVgaz lortutako akordioak eta bere taldeak aurkeztutako 10 zuzenketa-eskeen onarpena “albiste ontzat” hartu ditu, “kontu honeek hobetu doguzalako”. Martínezek azpimarratu dau Gobernuari jagokonez “ekarpenetik, bultzadatik eta kontroletik” behar egiteko momentua dala, eta saioa amaitu dau esanez, “ez jakula gustetan beste batzuek guri uniformeak ipintea”, akordioa “eskuinekoen arteko besarkadatzat” hartu daben oposizinoko beste taldeei erreferentzia eginez.

Euzko Abertzaleak taldearen aldetik, Jon Andoni Atutxa bozeramaile ordezkoak aurrekontuak defendatu ditu; izan be, -beraren ustez- aurrekontuaren bost ildo nagusiak “mantentzeko” balio dabe, hau da, gastu soziala, enplegua sortzeko apustua, gaur egun martxan dagozan inbersino publikoko proiektuen finantzaketa eta, azkenik, 2013. urte honetan zorpetzea ez handitzea. PPri eskerrak emon deutsaz abstenzinoagaitik eta taldearen nahiz bere talde parlamentarioaren “erantzukizun-senagaitik”, beti be,“Bizkaiaren onerako”. “Ituna egin gura izan dauanagaz egin dogu ituna”, esan dau.

Bizkaiko Foru Aldundiko Sail bakotxari 2013rako esleitutako aurrekontua hurrengoa da:

- Nekazaritza, 45.228.658 euro.
- Gizarte Ekintza, 478.279.957 euro.
- Kultura, 58.312.610 euro.
- Ogasuna eta Finantzak, 120.855.515 euro.
- Herri Lan eta Garraioak, 304.015.842 euro.
- Lehendakaritza, 69.723.346 euro.
- Ekonomia Sustapena, 78.765.578 euro.
- Ingurumena, 71.795.779 euro.


JASOTAKO ZUZENKETA-ESKE PARTZIALAK

Aurrekontuen zenbatekoak joan dan asteko zuzenketa-eske partzialen eztabaidetan egituratzen joan dira. Bizkaiko 2013rako aurrekontua aldatu egin da, PPren hamar zuzenketa-eske partzial eta EAJren beste bat gehitzearen ondorioz. Zuzenketok hurrengo sailei eragiten deutsee: Gizarte Ekintza, Kultura, Herri Lan eta Garraioak, Lehendakaritza, Ekonomia Sustapena eta Ingurumena. Ekimen abertzaleak akats bat zuzentzeko balio izan dau, hain zuzen be, Ekonomia Sustatzeko Sailaren aurrekontu testuan egoan akatsa.

Beste alde batetik, PPren zuzenketa-eskeek hurrengoak aurreikusten ebezan: 120.000 euroko partida UNEDentzat (Urrutiko Hezkuntzarako Unibertsitatea); 100.000 euro Bideozaintzako sistema bat instaletako Lutxanako (Barakaldo) oinezkoentzako tuneletan; eta, 200.000 euro, Egirletako mendateko errepidean oinezkoentzako pasabidea eregiteko. Azken zuzenketa-eske horrek 1,6 milioi euroko beste esleipen bat erreserbetako konpromisoa jasotzen dau, hain zuzen be, 2014 eta 2015. urteen artean banatzekoa, helburu berbererako.

Zemendiaren 19ko Batzar Nagusietan erregistrautako aurrekontuen aldaketa nagusia hauxe da: 3 milioi euro esleitu ziran Aldundiak laguntza-sistemea abiarazo eian, Menpekotasun Legeak jasoten dauan I. Graduko menpeko personentzat. Era berean, Gizarte Ekintzako Sailean beste 65.000 euro gehitu dira, minusbaliotasunen bat daukien personak artatzeko zentro okupazionaletan plaza gehiago eskaintzeko foru laguntzetarako. Gainera, 50.000 euroko beste ekarpen bat be gehitu da, adinekoei zuzendutako laguntza eta aholkularitza psikologiko eta juridikoko programa bat sortzeko.

Ekonomia Sustatzeko Sailean egindako aldaketei jagokenez, aurrekontuek 300.000 euroko partida hartu dabe aintzat, Bizkaiko merkataritzari “mikrokredituak” emateko programa bat martxan ipinteko. Helburua da negozio barriak zabaldu edo egon dagozan negozioak mantentzeko mailegu txikiak emotea. Era berean, Ingurumen Sailak bere aurrekontuetan 100.000 euroko igoera izan dau, Bizkaiko aisialdi guneak mantentzera bideratutako programetarako. Era berean, beste zuzenketa-eske bat be jaso dau, Aldundiak URAgaz (Uraren Euskal Agentzia) hitzarmena sinatu daian, “zuzeneko eta berehalako” alerta sistema ezartzeko, Gobela ibaiaren balizko uholdeen aurrean bizilagunak ohartarazoteko. Azkenik, Kultura Sailean, esleipen ekonomikoa 100.000 euroan handituko da eta Bizkaiko kirol kluben beharrak betetzera bideratuko da.