Aurreko Albisteak

Gizarte Ekintzako diputaduaren agerraldia Batzar Nagusietan

Bilbon, 2013ko zezeilaren 6ean.

Bildu taldeak Gizarte Ekintzako diputadu Pilar Ardanzaren agerraldia eskatu dau Batzar Nagusietan, BBK-k sinatutako kontratuan Reina de la Paz (Sarriko) egoitzako adinekoakaz hartutako "baldintzak eta konpromisoak” mantendu ete dituan azaltzeko. Batzar berean, foru arduradunak talde honen itaunari erantzun beharko deutso, hain zuzen be, “ohe kontzertatu hutsak egotea Bizkaiko hainbat egoitzatan” gaiaren ingurukoari. Gai horrek asko kezkatzen dau taldea; izan be, -dinoanaren arabera- "hainbat persona dagoz itxaron-zerrendan".

Diputaduak emon beharko dituan azalpenen aurretik, Bizkaiko parlamentuko Gizarte Ekintzako Batzordeak Arauz Besteko Proposamen bi ebatzi beharko dauz. Lehenengoan, Bilduren asmoa da Batzar Nagusiek “deialdi publikoa” egitea, bertan behera ixteko etorkinek osasun laguntza jaso daien ezarritako baldintza barriak, hain zuzen be, Eusko Jaurlaritzako 114/2012 Dekretuagaz sartu ziranak indarrean.

Koalizino abertzaleak “erdeinatuenen eskubideak urratzen dabezan” salatutako arauon artean, berton errotuta egotearen egiaztagiri bat aurkezteko derrigortasuna dago, Euskal Autonomia Erkidegoan urtebete baino gitxiago erroldatuta dagoan personak osasun txartela eskuratu daian. Euzko Abertzaleak taldeak 6 zuzenketa-eske aurkeztu deutsaz Bilduren dokumentuari, beste zuzenketa-eske batzuen artean, eskaera hori Eusko Jaurlaritzara bideratzeko eskatuz, Batzar Nagusiek ez daukie-eta eskumenik osasun arloan.

Beste alde batetik, Bizkaiko Talde Popularrak Bizkaiko ganberearen laguntzea eskatu dau, Aldundiak emakumeentzako arriskutsuak diran “puntu baltzen” mapa bat egin daian, Lurraldeko udalerriakaz batera. Dokumentu horregaz batera, Eusko Jaurlaritzak egingo leuken jarduera-plana joango litzateke, lekuan lekuko poliziagaz koordinauta. Modu horretan, sexu erasoak gertatzeko arriskutsuak diran lekuetan segurtasuna handituko litzateke.

Zuzenketa-eske baten bitartez, sozialistek gura dabe proposamenak konponbideetarako ekarpen ekonomikoko partida baten beharra jasotzea testuan. Beste alde batetik, Euzko Abertzaleek gura dabe Eudel arduratzea hitzarmena udal guztiakaz homogeneizeteaz.